Irun Ekintzan ekimenaren bidez enplegua sustatzeko lau ildo garrantzitsu abiatu dira

Miguel Angel Páez Ogasuneko eta Ekonomiako ordezkariak jakinarazi du Irungo Udalak enplegua sustatzeko lau ildo garrantzitsu abiarazi dituela, Irun Ekintzan ekimeneko enplegua sustatzeko ekintzen barruan. Horietarako eskabidea aurkeztu zen Lanbiden, enplegua sustatzeko laguntzeko deialdietan. Udalak urtero gauzatzen duen ekimena da, eta aurten 1,2 milioi euro inguru aktibatzea ekarriko du.

Miguel Ángel Páezen hitzetan, garrantzi handikoa da «Irun Ekintzan proiektuaren barruan ekimen hau gauzatzeko lortutako akordioa. Esfortzu garrantzitsua da, eta administrazioak baliabideak abian jartzea dakar, enpresen lankidetzarekin, eta helburua da kolektibo horiei aukera bat ematea».

Alde batetik, 56 lanpostu sortu dira, eta horien kontratuak zuzenean egingo dituzte Irungo Udalak, Bidasoa bizirik-ek, Txinzerrek eta Mendibil elkarte pedagogikoak. Lanpostu berri horiek honela banatzen dira (enplegua sustatzeko kontratuak dira, eta horiei batu behar zaizkie gazteei berariaz zuzendutako kontratazioak):

Enplegua sustatzeko tokiko ekintzen deialdiari dagokionez, 45 lanpostu dira; profil nagusiak administratzaileak, agente zibikoak eta hiriko mantentze-lanetakoak dira, bai eta teknikariak ere, hein txikiagoan. Deialdi honetan ez da beharrezkoa laneratzeko zailtasuna duten pertsonak hautatzea, baina Irungo Udalak lana bilatzeko arazo handienak dituzten profilak lehenesten jarraitzea erabaki du, hala nola DSBEa jasotzen duten pertsonak, 55 urtetik gorakoak, 45 urtetik gorako epe luzeko langabeak, etab. Ia kontratu guztiak 6 hilekoak eta lanaldi osokoak dira. Hautaketa-prozesuak datozen asteotan hasiko dira, eta kontratu guztiak abenduaren 31 baino lehen sinatuko dira.

Gainerako 11 lanpostuak beste bi deialditatik datoz: gazteei zuzendutako plazak dira (16 eta 30 urte bitartekoentzat) eta, gehienetan, gaikuntza handiko profilak dira. Bi deialdietako bakoitzak bere berezitasunak ditu: lehenengoa irekiagoa da, eta bigarrena, «Lehen esperientziak» deitua eta Europako NEXT funtsekin finantzatua, ingurumena zaintzeko eta digitalizazioko proiektuak garatzera bideratua dago. Aipagarria da irekita daudela oraindik ere 7 lan-eskaintza. Lanbideren webgunean kontsultatu daitezke.

Kasu guztietan, Irungo Udalak zuzenean eginiko kontratazioak dira, eta 12 hileko iraupena dute, lanaldi osoan. Helburu nagusia da gazteek esperientzia lortzea beren prestakuntzaren alorreko lanpostuetan, gerora lan-merkatuan lana bilatzeko dituzten aukerak hobetzeko.

 

Udalaren ekarpen gehigarria

Next funtsen zenbait deialdi egin direnez, Lanbidek murriztu egin du tokiko mailan enplegua sustatzeko ekintzen deialdiko aurrekontua. Edonola ere, Irungo Udalak bere horretan eutsi dio enplegua sustatzeko kontratazioen kopuruari. Irungo Udalak egindako 200.000 euroko ekarpen gehigarriari esker izan da posible hori.

Enpresentzako kontrataziorako laguntzei dagokienez deialdia irekita dago eta, jasotako eskabide kopuruaren arabera, 30 pertsonaren kontratazioa finantzatzera ere irits liteke, gutxi gorabehera. 2022an kontratazioak egin dituzten enpresek, edota abenduaren 31 baino lehen kontratatzeko asmoa dutenek, laguntza hauek baliatu nahi badituzte, eskabidea aurkeztu beharko dute (http://www.irun.org helbidean kontsultatu daitezke laguntzen oinarriak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa). 2022ko urtarrilaren 1a eta abenduaren 31 bitartean hasitako kontratuak lagunduko dira diruz. Eskabideak aurkezteko epea urriaren 31n amaitzen da. Lanaldi osoko 6 hileko kontratuen kasuan, 6.000 euro artekoa izan daiteke dirulaguntza. Hobari berezia dute (9.000 euro artekoa) honako kontratazio hauek: 45 urtetik gorakoenak, epe luzeko langabeenak eta DSBEa jasotzen dutenenak.

Guztira, laguntza hauek guztiek 1.227.180,65 euroko aurrekontua dute. Kopuru horren % 77 Lanbidek jartzen du, eta gainerakoa Udalak eta, hein txikiagoan, mendeko erakundeek eta hirugarren sektoreko entitateek. Udala honako deialdi hauetara aurkeztu da laguntza horiek eskuratzeko:

Enplegua sustatzeko tokiko ekintzetarako deialdia
Euskadiko FSE Plus 2021-2027 programaren esparruan toki-erakundeek gazteak kontratatzeko laguntzen deialdia.
Administrazio publikoetan lehen esperientzia profesionala finantzatzeko programako laguntzen deialdia, Europar Batasunak finantzatutako NextGenerationEU Supertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan.
2021eko deialdiaren balantzea

2021ean 81 kontratazio egin ziren, 59 lagun kontratatu ziren Irungo Udalaren, Bidasoa bizirik-en eta hirugarren sektoreko erakundeen «enplegua sustatzeko» programen bidez. Kontratatuen % 48 emakumeak izan ziren, % 38k DSBEa jasotzen zuten eta % 28k 55 urte baino gehiago zituzten.

Aurreko deialdiko enpresek kontratuak egiteko laguntzei dagokienez, berriz, 31 pertsona kontratatzeko laguntzak eman ziren. Horien % 52 emakumeak ziren, eta % 61ek 35 urte baino gutxiago zituzten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude