Pandemiak behartutako etenaldiaren ostean, Caser Residencialek Betharramen duen egoitzan ospatu ahal izan dituzte. Egoitza zuri, gorri eta beltzez jantzi da kostaldeko herriko jaiak ospatzeko. Apaingarriez gain, antolatutako ekintza eta tailer bereziei esker alardea bertatik bertara bizitzeko aukera izan dute.
Hondarribiko Jaiak ospatzeko ekintzez betetako egitarau zabala prestatu dute Betharrameko Caser Residencialen. Abuztuaren 22an hasi ziren egoitza apaintzeko eskulan tailer bereziekin eta irailaren 11ra arte antolatu dituzte jaiekin lotutako ekintzak. Ohiko jarduerez gain, alardearen irudiak zeuzkaten puzzleen txapelketa eta jaietako bingo berezia antolatu dituzte. Jaien aitzakia aprobetxatuz Hondarribira ateraldia egin dute egoiliarrek eta irailaren 2an Betharrameko egoitzan meza berezia egin zen.
Irailaren 3a jaietako egun berezienetako bat izan zen Betharrameko egoiliarrentzat Mendeluko konpainiaren bisita jaso baitzuten. Sara Prego izan da aurten Caser Residencial Betharramen aukeratutako kantinera egoiliarra eta egun horretan Mendeluko konpainiarekin eta bere kantinerarekin desfilatzeko aukera izan duena. Egoitzaren barnetik eta kanpotik desfilatu ostean, konpainiako kideek egoitzak prestatutako merendolaz gozatu zuten.
Hondarribiko Jaiak direla eta egoitzan antolatutako beste ekintza bat belaunaldien arteko tailerra izan da, non adinekoek eta senide txikienek elkarrekin gozatzeko aukera izan duten. Irailaren 7an jaietako bazkari berezia antolatu zuten eta egoitzaren kanpoaldean egin zuten, eguraldi ona aprobetxatuz. Irailaren 8an, jaien egun handian, alardearen emankizuna egin zen egoitzako egongelako eta kafetegiko telebistetan. Irailaren 10ean, berriz, Hondarribiko Udalak bertan erroldatutako pertsonentzat Ardora jatetxean antolatutako bazkarian parte hartu zuten Betharrameko egoiliarrek.
Pandemian egindako lanari errekonozimendua
Era berean, Caser Residencialek Hondarribiko Udalaren eskutik pandemian zehar bidelagun izandako elkarte, erakunde eta pertsona guztiei eskainitako omenaldian parte hartu zuen. Horrela, pandemian zehar egoitzako egoiliarrak zaintzeko eta babesteko egindako lana goraipatu du udalak.
Bi urteren ostean plazer bat izan da Betharrameko Caser Residencialeko egoiliarrentzat zein langileentzat jaiak berriro elkarrekin ospatu ahal izatea.