Neska Polita dendak irribarre handiak sortzen dituzten oparitxoak eskaintzeko lan egiten du

Neska Polita denda Irungo Beraketa kaleko 17. zenbakian kokatua dago. Dendaren erakusleiho handitik saltokiaren barnean ezkutatzen diren altxorrak ikusi daitezke. Dena den, bezero asko produktuen usain bikainarengatik erakarrita hurbiltzen dira. Graciela Vega Arreola da dendako jabea eta bere produktuen eskaintza zeinen zabala den azaldu digu.

Nola erabaki zenuen zure negozio propioa irekitzeko unea iritsi zela?
Buruari buelta asko eman ondoren hartutako erabakia izan zen. Beti izan dut neure marka sortzeko ametsa. Lehenago aeronautika sektorean lan egiten nuen eta pandemiaren ondorioz nire aurreko lana utzi behar izan nuen. Orduan ikusi nuen nire ibilbide profesional berria hasteko aukera. Pandemia garaian nire kabuz xaboiak egiten hasi nintzen etxean, nire semeekin batera, eta horrela erabaki nuen nire barruko neska polita ateratzeko unea iritsi zela. Marka erregistratu ondoren, hasi nintzen lanean kosmetika naturalaren eta artisau xaboien proiektuan.

Zergatik erabaki zenuen zure dendari Neska Polita izena jartzea?
Bat-batean bururatu zitzaidan, besterik gabe. Egia esan, egun batean senarrarekin hizketan ari nintzela, esan zidan negozio bat irekitzeko laster izen bat aukeratu beharko nuela. Mexikarra naizen arren, duela 20 urte etorri nintzen hona eta maitasun handia diot Iruni, bertako jendeari eta kulturari, ni hemen jaio banintz bezala. Horregatik iruditzen zitzaidan garrantzitsua dendak euskarazko izen bat izatea, eta iruditzen zitzaidan Neska Polita esaldia oso egokia zela.

Eskaintzen dituzun produktuen bidez, eskura ditugun baliabide naturalak erabiltzeko baldintza berreskuratu nahi duzu, ezta?
Amerikan, adibidez, ohiturarik zabalduena xaboi solidoa erabiltzea da, ez likidoa hemen bezala. Xaboi solidoak egiten hasi nintzen, nire haurtzaroko usain bereizgarriak berreskuratzeko asmoz. Horregatik hasi nintzen xaboiak egiten, baina pixkanaka bestelako produktuak egiten eta saltzen hasi naiz. Behin denda fisikoa irekitzea lortu nuenean, produktu berri asko batu ziren nire eskaintzara.

Jendeak gero eta gehiago erreparatzen die produktuen osagaiei?
Bai, hau egunetik egunera gehiago gertatzen ari da. Jendea konturatzen hasi da plastikoak asko kutsatzen duela, eta horregatik saiatzen da jendea antzinako ohiturak berreskuratzen. Hori dela eta, jendea planeta zaintzen saiatzen da, kontsumo ohiturak neurri handiagoan edo txikiagoan aldatuz.

Zer produktu mota aurkituko du honaino hurbiltzen denak?
Bezeroek denetarik aurkituko dute. Alde batetik, xaboiak ditugu; eskuz egiten ditugu oliba olioaren oinarriarekin eta hotzean saponifikatuta daude. Bestalde, Marseillako xaboiak edo sojazko kandelak ditugu. Mota ezberdinetako lore lehorrak ere baditut. Gainera, laserrean grabatutako produktu pertsonalizatuak eskaintzen ditut. Nire produktu guztiak pertsonalizatzen saiatzen naiz, produktua originalagoa izan dadin.

Produktu asko zuk zeuk egiten dituzu?
Bai, nahiz eta egia esan, dendan produktu berri asko sartzen saiatzen naizen, eta horrek denbora asko eskatzen dit. Nik egiten ez ditudan produktuen kasuan, artisauek egindakoak eta estatu mailakoak izatea saiatzen naiz.

Zein dira gehien eskatzen diren produktuak?
Kandelak oso ondo saltzen dira. Bestetik, jendeari asko interesatzen zaizkio xanpu solidoak ere. Ni ia kasualitatez hasi nintzen xanpuak egiten, ez bainuen uste hainbesteko arrakasta izango zutenik, merkatuan marka ugari baitaude. Dena den, jende asko interesatu da haietaz. Esan beharra daukat probatzen dituen jende guztia edo gehiengoa gehiagoren bila itzultzen dela. Horrek erakusten du askotan zaila dela jakitea zein produktu izango diren arrakastatsuenak.

Jendeak baloratzen al du tokiko merkataritzako saltokien eskaintza?
Bai, uste dut Irungo dendara hurbiltzen diren pertsonak jabetzen direla hiriko saltoki txikietan kontsumitzeak duen garrantziaz. Denda handiak beti hor egongo dira, hori ukaezina da, baina konturatu naiz jendeak gero eta gehiago bilatzen dituela pertsonalizatu daitezkeen produktuak. Askotan ez da erraza opari berezi bat egitea edo esanahi berezia izango duen zerbait oparitzea. Askotan gauza txikien edo arruntenek eragiten dituzte irribarre handienak.

Zer opari gomendatzen dituzu Gabonetarako?
Argitu nahi nuke jabetzen naizela bizi dugun egoera ekonomiko gogorraz, eta, horregatik, ahalegin berezia egiten dudala prezioak garaira egokitzeko eta murrizteko. Nahiz eta garai onak ez izan, nik uste dut denok saiatzen garela egoerara egokitzen. Gabonetara begira opari saskiak prestatuko ditut, prezio eta eduki ezberdinarekin. Zurezko esferak ere baditut, Gabonetako bola apaingarri itxurakoak, izen edo hitz batekin pertsonalizatu daitezkeenak. Oso politak dira zuhaitzean edo beste edozein lekutan zintzilikatzeko. Uste dut garrantzitsua dela bezeroarentzat gastu handia ez dakarten baina opari original bat izan daitezkeen gauzak eskaintzea.

Nola ikusten duzu zeure burua hemendik urte batzuetara?
Espero dut Neska Politaren etorkizuna oparoa izatea. Ezkontza, enpresa eta ekitaldi handietarako eskaintza asko landu nahi dut; izan ere, eskaera handiagoei erantzuteko gaitasuna ere badut, baina beti xehetasun pertsonalizatuak alde batera utzi gabe. Hasieran, negozio bat irekitzen duzunean erein egin behar da, eta egia da nire kasuan negozio bat aurrera ateratzeko zailak izan diren urte batzuetan hasi dudala nire ibilbidea. Hala ere, pentsamolde positiboa izan behar da beti, eta uste dut etorkizunean Neska Politak hazteko gaitasuna izango duela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude