Gaur goizean, Irungo udaletxearen aurrean, Super Amara Gabonetako Krosaren zortzigarren edizioaren aurkezpena egin da. “Ez dago Gabonik Super Amara Gabonetako Krosa gabe” – Irunen indarra hartzen hasi den iruzkina da. Izan ere, zortzigarren urtez, txikien eta helduen lasterketak izango dira hirian Gabon garaiari hasiera emango dioten kirol-ekitaldiak.
Borja Olazabal Kirol ordezkariak azaldu duenez, “Lasterketa egunean Gabonak zabaltzen dira Irunen eta beti sortzen da atmosfera berezi bat. Aurten, gainera, Luis Marianoren inguruan izotz pista erraldoi bat egongo da eta ondoan, Zabalgune Plazako Gabonetako azoka. Hiriaren erdigunera bizitasun handia ekarriko duten elementuak dira, eta Gabonetako irudi honek eragin positiboa izango du hiriko merkataritzan eta ostalaritzan”.
Adur Amilibia, Super Amara BATeko komunikazio teknikariak azaldu du, “Txikien lasterketa agortuta dago, eta helduena ere iazko antzeko kopuruetan, eta espero dugu familiak eta lagunak biltzea kirol ekitaldi polit batez gozatzeko. Aurtengo inguruneak, Gabonetako pista eta azokekin, zalantzarik gabe, balio erantsia emango dio lasterketari. Eta ezin dugu ahaztu SUPER AMARAri eskerrak ematea ekitaldi hau hasieratik eta 8 urtez babesteagatik. Baita, nola ez, Irungo Udalari ere, haiek gabe ere ezinezkoa izango bailitzateke “.
Haurren lasterketarako dortsalak agortuta
Txikien lasterketa, Super Amara Gabonetako Krosa Txikia izango da arratsaldeari hasiera emango dion ekitaldia. Hainbat adinetako haurrek distantzia desberdinetan egingo dute korrika, kategoriaren arabera, Luis Mariano inguruan eta Colon pasealekuan. 15:30etik 16:30era bitartean, hiriko erdiguneak kirol ekitaldi berezi eta polit batez gozatuko du. Bertan, gurasoak eta seme-alabak elkartuko dira jarduera fisikoa egiten duten bitartean denbora asko pasatzeko.
Lasterketak doakoak eta ez lehiakorrak dira eta denek Super Amarako fruta eta zukua duen poltsa bat jasoko dute helmugan, baita litxarreria poltsa bat ere Marrubiren eskutik. Urtero bezala, dortsal guztiak agortuta daude eta 600 dortsal-diplomak jabeen zain daude.
Aldaketarik ez helduen lasterketan
Helduen lasterketaren zortzigarren edizioa eta zortzigarren urtea zirkuitu berarekin. 5 kM-ko ibilbidea maila guztietarako, ohiko korrikalariek lagunekin eta senideekin gozatzeko eta korrika egiteko aukera izan dezaten. Izan ere, lasterketaren espiritua horixe da, gertuko jendearekin arratsalde desberdin batez gozatzea.
Ibilbidea guztiz hiritarra izango da eta Irungo erdialdeko kaleetatik Colon Pasealekuan hasi eta Luis Marianon amaituko da.
Dortsalak 10 eurotan atera ziren eta gaur egun 13 euroko prezioa dute. 450 korrikalarik baino gehiagok eman dute izena, eta antolatzaileek 550era iristea espero dute. Lasterketak, beti bezala, zerbitzu guztiak izango ditu: motxilak eta arropa uzteko kontsignak irteera aldean, dutxak eta aldagelak Artalekuko kiroldegian, eta hornidura Super Amararen (karreraren babesle ofiziala) eskutik.
Izen-emateak probaren egunera arte daude zabalik eta izena ematen dutenek abenduaren 16a baino lehen jaso ahal izango dituzte dortsalak Irungo Palmera Montero gunean, abenduaren 16an, ostiralean, 17:00etatik 21:00etara eta abenduaren 17an, larunbatean, 10:00etatik 12:30era.
Korrika egin nahi dutenek kirolprobetan eta atletismobat webgunean egin dezakete.