Odola ematea ahalegin gutxi eskatu eta balio handia duten ekintza horietako bat. Horregatik, «Aitzakia guztiak txarrak dira odolik ez emateko» kanpaina abiatu du Irungo Udalak, Gipuzkoako Odol Emaileen elkartearen laguntzarekin. Kanpaina udalaren sare sozialetan zabalduko da. Bestalde, azaroaren 30ean odol emate handi bat egingo da Zabaltza plazan.
Egitasmoaren aurkezpena gaur goizean egin da Zabaltza plazan bertan. Bertan izan dira Sergio Javier Irungo Udaleko Gazteriako ordezkariak eta Sandra Caballero Gizarte Ongizatekoak. Bi ordezkariekin batera, bertan izan dira, gainera, Beñat Muñoz Corral eta Elur Cambronero, kanpainaren sortzaileak; Sabin Urcelay, Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteko ordezkaria; Susana Fernández, Denok Bat Irungo ostalarien elkarteko ordezkaria; Inma Rodriguez eta Antonio Natalio, Gaztelumendi eta Txingudi Rugby Bar ostalaritzako establezimenduetako ordezkariak, hurrenez hurren; eta Carlos Subijana, Txiribueltako ordezkaria.
Odol emateak sustatzeko kanpaina jende guztiari zuzenduta egongo den arren, batik bat, gazteengan iristea lortu nahi da. Izan ere, helburu nagusia da odola ematearen inguruan dauden topikoak desmitifikatzea, sei ideia faltsu gezurtatzen dituzten sei adibideren bidez, hala nola kirolariek ezin dezaketela odolik eman. Kanpaina Udalaren sareen bidez zabalduko da: @irun_informa Instagram kontuan eta @irun_informa Twitter kontuan.
Sergio Javier Gazteriako ordezkariak gogora ekarri du odola ematea «balio handiko keinu txikia» dela, aldi bakar batean ematen den odolarekin hiru pertsonaren bizitza salba daiteke eta. Hori dela eta, ordezkariak eskerrak eman dizkie odol-emaile guztiei, eta oraindik odolik ematen ez dutenak hastera animatu ditu, arreta batik bat belaunaldi berrietan jarrita.
Bestalde, Sandra Caballero Gizarte Ongizateko ordezkariak gogora ekarri du Irungo Udalak beti izan duela «sentsibilitate berezia» Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak egiten duen lanarekin. Keinua hitzetik haratago doa, eta ekintzetan du isla. Esate baterako, 2012an Irungo Urrezko Domina eman zitzaien, hau da, hiriak eskaintzen duen saririk handiena.
Odol emate erraldoia
Gainera, Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartearen 60. urteurrena dela eta, kanpainaren amaiera «Odola emateko ekitaldi handi» batekin amaituko da azaroaren 30ean, larunbatarekin. Egun horretan, elkarte horrek autobus mediko bat eramango du Zabaltza plazara, nahi duten guztiek odola eman dezaten goizean zehar. Eta keinu horrek saria izango du. Izan ere, egun horretan bertan elkarteak berak odol-emaileak omentzeko ekitaldi bat antolatu du. Azken urteotan odola 25, 50 edo 75 aldiz eman dutenek diploma bat eta intsignia bat jasoko dute elkartearen eskutik.
Elkartasunezko ekitaldi horrekin bat egin dute, gainera, Denok Bat Irungo ostalarien elkarteak eta Txingudi Rugby Bar eta Gaztelu tabernek, zeinek odol-emaileei emango zaien ogitartekorako errezeta berezi bat prestatu duten. Gainera, ekarpena egin nahi izan du, modu berean, Txiribuelta haurrentzako jardueretan espezializatutako konpainiak, elkartasunezko jardunaldi honetan parte hartzen duten familientzako zenbait proposamenekin.
Irunen odola ematea
Horretaz gain, urteko hilabete guztietan zehar Irunen odola emateko aukera dago. Odol emateak Iraso gizarte zentroan egiten dira hilabeteko bigarren, hirugarren eta laugarren ostegunean, arratsaldeko 16:30etik 20:00etara, jaiegunetan izan ezik. Dena den, odol emaileei odola emateko hitzordua aurretiaz hartzea gomendatzen zaie, 900303404 edo 943317091 telefono zenbakietara deituz edo webgunearen bitartez.



