Hastear da 2024-2025 ikasturtean Irungo haur txokoetan aurrez izena emateko epea. Albistea Irungo Udaleko Gazteria Arloko ordezkari Sergio Javierrek eta Txiribuelta elkarteko kide Carlos Subijanak gaur Erdialdeko haurtxokoan emandako prentsaurreko batean jakinarazi dute. Hain zuzen ere, irailaren 2an hasiko da, astelehenarekin, eta seme-alabak Irungo haur txokoen sarean inskribatu nahi dituzten familiek Herritarrentzako Arreta Zerbitzura jo beharko dute.
Irungo haur txokoen sarea, familiei kontziliatzen eta moldatzen laguntzeko ez ezik, 4 urtetik 11 urtera bitarteko haurren abilezia sozial, kultural eta artistikoak sustatzeko sortu zen. Helburu horrekin askotariko jarduera, tailer eta irteerak antolatzen ditu. Beti bezala, astelehenetik ostiralera bitarteko programaz gain, familia osoarentzako beste proposamen batzuk izango dira ikasturtean, larunbat goizetan, Familia ta Lagun eta Sormen Tailerrak programen bidez.
“Familiek arazo asko dituzte oraindik beren bizitza eta lana kontziliatu ahal izateko. Horregatik, Irungo Udalak, besteak beste, hiriko haurtxokoen sarea jartzen du haien eskura, gurasoei kontziliatzen laguntzeko eta haurrei beren sormena sustatzeko eta ikaskideekin sozializatzeko jarduera ludikoak eskaintzeko”, azaldu du ordezkariak.
Aurten ere, behar bereziak dituzten haurrentzako hiru toki eskainiko dira, udal haur txokoen sarean parte hartu nahi duten familia guztien eskariari erantzuten hasteko. Guztira, 363 toki eskainiko dira.
Bost haur txoko
Irungo haur txokoen sarea bost zentrok osatzen dute: Lapitzeko haur txokoak, Katekoak, Txikilab-ek (Palmera-Monteroko haur txokoak), Etxaldeak eta Erdialdeko haur txokoak.
Aurreko ikasturteetan bezala, haur txoko bakoitzean, 4 urtetik 8 urtera bitarteko haurrentzako bi txanda izango dira, eta 9 urtetik 11 urtera bitarteko haurrentzako bat:
- Astelehen eta asteazkenetan, 4-8 urtekoak
- Astearte eta ostegunetan, 4-8 urtekoak
- Ostiraletan, 9-11 urtekoak
Ohikoa denez, txanda bakoitzean 24 toki eskainiko dira, eta, esan bezala, haien barruan, behar bereziak dituzten haurrentzako hiru toki.
Tarifak
Ikasturterako kuota orokorra 40,60 euro izango da, eta bizikidetza unitate bateko bigarren haurraren eta harengandik aurrerako bakoitzaren kuota, 22,35 euro. Gainera, diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten edo antzeko egoeran dauden bizikidetza unitateetako haurrek kuota orokorraren % 90eko hobaria izango dute
Izen ematea
Seme-alabak Irungo haur txokoen sarean inskribatu nahi dituzten familiek Herritarrentzako Arreta Zerbitzura jo beharko dute, irailaren 2tik 9ra bitartean, Zerbitzuaren bulegoetan bertan, San Martzial karrikako 2 zenbakian, edo online, Irungo Udalaren egoitza elektronikoaren edo Zerbitzuaren autozerbitzu terminalen bidez.
Onartuak direnen eta kanpoan geratzen direnen behin-behineko zerrendak irailaren 13tik 17ra bitartean egongo dira ikusgai, Udalaren webgunean, www.irun.org helbidean. Eskaria handiagoa bada eskaintza baino, irailaren 20an, zozketa bat egingo da, eta emaitzak irailaren 24an argitaratuko dira, Udalaren webgunean. Ordainketa eta behin betiko izen ematea irailaren 25etik urriaren 1era bitartean egingo dira, Udalaren egoitza elektronikoaren bidez.
Haur txokoek 2024ko urriaren 7tik 2025eko ekainaren 20ra bitartean egingo dute zerbitzu.
2024-2025 ikasturteko egutegia udal haur txokoetan | |
Behin-behineko izen ematea | Irailak 2-9 |
Onartutakoen zerrenden argitalpena | Irailak 13-17 |
Behin betiko zerrenden argitalpena | Irailak 18 |
Zozketa | Irailak 20 |
Zozketaren emaitzen argitalpena | Irailak 24 |
Behin betiko izen ematea | Irailak 25 – urriak 1 |
Ikasturtearen hasiera | Urriak 7 |
Ateak irekitzeko jardunaldiak
Irailaren 3tik 9ra bitartean, ateak irekitzeko jardunaldiak egingo dira hiriko bost haur txokoetan, interesdunek ekipamendu eta hezitzaileak bertatik bertara ezagutu eta ordurako antolatzen diren jarduerez gozatu ahal izateko:
- Irailaren 3a, asteartea
Erdialdeko haur txokoa
Gipuzkoa hirib. 8
10:30-12:30
- Irailaren 4a, asteazkena
Txikilab (Palmera-Montero)
José Antonio Loidi Bizkarrondo k. 12
10:30-12:30
- Irailaren 5a, osteguna
Lapitzeko haur txokoa
Deskarga k. 17
10:30-12:30
- Irailaren 6a, ostirala
Kateko haur txokoa
Araba k. 46
10:30-12:30
- Irailaren 9a, asteartea
Etxaldea
Lesaka k. 2
16:30-18:30
Haur txokoei buruzko informazio gehiago, GazteARTEan zerbitzuaren webgunean.