“Basterretxea Irunen (1958-1971)” erakusketaren esparruan, lau tailer egingo dira artista bermeotarraren lana eta haren sortze-alderdiak berrikusteko. Tailerrak irailaren 13an, 20an eta 27an eta urriaren 4an egingo dira, ostiralarekin, 18:00etan, Menchu Gal erakusketa-aretoan eta Euskaltegian. Tailerrak dohainik dira, baina aurretik izena eman beharko da, horietan parte hartu ahal izateko
Uztailaren 23tik ikusgai dago Menchu Gal erakusketa-aretoan “Basterretxea Irunen (1958-1971)” erakusketa. Nestor Basterretxea artista bermeotarraren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko ekitaldien esparruan antolatu da. Ekitaldi horietan, Irungo Udalak parte hartzen du, beste instituzio batzuekin batera.
Irailaren 13an, ostiralean, Eskultura batean bizi Tailerrean, collage arkitektonikoaren teknika landuko da, Basterretxearen eskulturen irudien bidez. Artistak berak ere teknika horrekin lan egin zuen, eta haren hainbat lan ikus daitezke Menchu Galeko erakusketan. Bigarren ariketan, konposizioak egingo dira, zianotipia erabiliz. Horrek Basterretxeak egin zituen raygramak ekarriko dizkigu gogora. Horiek ere erakusketan ikusgai daude.
Irailaren 20an, ostiralean, Altzariak diseinatzen tailerra izango da, Nestor Basterretxea altzari diseinatzaile gisa ezagutuko dute, eta BIOK altzarietan izan zuen garaia azpimarratuko da. Proposatutako ariketen artean, altzari bat marraztu eta diseinatuko dute, eta, ondoren, eskalan egindako gela txiki bat ere eraikiko dute, altzaria bertan jartzeko. Diseinuaren alderdia ere erakusten da Menchu Galen.
Irailaren 27an, ostiralean, hiru dimentsiotan tailerrean, Basterretxeak eskulturaren esparruan egin zuen lana jorratuko dute. Lehenengo tailerrean, egurrezko piezekin egindako eskultura bat eraikiko dute taldean, eta bigarren ariketan, banakako sorkuntza-lan bat proposatuko da, eta eskuairarekin eta kartaboiarekin egindako marrazkitik abiatuta eraiki beharko dute.
Urriaren 4an, ostiralean, Koloreak eta formak tailerrean ardatza pinturaren alorreko sorkuntza izango da. Lehen ariketan, zirriborro bat egin beharko dute paper urratuarekin (kartulina-zatiak hondo beltzaren gainean). Tailerraren bigarren zatian, taldean horma-irudi bat sortzeko aukera izango da.
Tailer bakoitzaren hasieran, erakusketara joango dira, eta, ondoren, Euskaltegiko gela batean egingo dira jarduerak. Tailerrak dohainik dira, baina aldez aurretik izena eman beharko da, parte hartu ahal izateko. Izena emateko epea datorren astelehenean, irailaren 2an, irekiko da, eta urriaren 3ra arte egongo da zabalik.Tailerrak 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzako eta haien familientzako dira. Guztira, 25 plaza eskainiko dira tailer bakoitzeko, eta bakoitzak 90 eta 120 minutu arteko iraupena izango du.
Basterretxea eta Irun, adiskidetasun iraunkorra
Basterretxearen eta Irunen arteko harremana 1958an hasi zen, Iparralde hiribideko tailer-etxean bizitzen jarri baitzen, eta bertan bizi izan zen 1968ra arte, Jorge Oteiza artista handiarekin batera. Urte horietan, artistak aktiboki hartu zuen parte Irungo bizitza kulturalean eta, pinturaz eta eskulturaz gain, altzarien diseinua (Biok) eta zinema ere jorratu zituen. Hain zuzen ere, dokumental batzuk filmatu zituen Fernando Larruquertekin.
Irungo Udalak antolatutako erakusketa honetan, artistak Irungo egonaldian osatutako lana bildu da. Fernando Golvano aritu da komisario-lanetan, eta elkarlan estuan aritu da Basterretxea Irurzun familiarekin.
Erakusketaren ordutegiak
“Basterretxea Irunen (1958-1971)” erakusketa urriaren 20ra arte bisitatu ahal izango da ordutegi honetan: Astelehenetan, itxita; asteartetik larunbatera 18:00etatik 21:00etara eta igande eta jaiegunetan 11:30etatik 13:30etara.



