Zaisa Txingudik ez du punturik lortu sailkapeneko liderraren aurkako partidan

Zaisa Txingudiri ezinezko izan zaio Urgozo garaitzea. Partidan Zornotzako taldeak 38 puntu batu zituen markagailura, Txingudi errugbi klubak 3 puntu besterik ez lortu zituen bitartean. Ondorioz, Iñigo Camareroren mutilek ez zuten liderraren etxean punturik lortu.

Etxeko taldeak gogoz hasi zuen norgehiagoka eta minutu luzez jokatu zuen Txingudiren hogeitabiko eremuan. Hala ere, mugakoek ez zuten amore eman eta erasoak gelditu eta baloia entsegu eremutik urruntzea lortu zuten. Kontraeraso hauetako batean, 12. minutuan, Urgozok hagen aurrean, berrogei bat metrora, zigor kolpe bat egin zuen. Alejandro Lasak aukera aprobetxatu zuen bisitariak aurrean jartzeko markagailuan (0-3).

Tamalez, lasaitasunak ez zion luze iraun Txingudiri, erditik atera ondoren Urgozok lehenengo entsegua lortu baitzuen (5-3).

Jokoak ildo beretik jarraitu zuen, Urgozok iniziatiba zuen eta Txingudik adorea. Bizkaitarren erasoek ez zuten fruiturik eskuratzen eta gipuzkoarrei defentsan lan gogorra egitea tokatu zitzaien. 25 eta 37. minutuetan, bina entsegu eta eraldaketa lortu zituen Urgozok, atsedenaldira 19 eta 3ko emaitzarekin iritsiz.

Bigarren zatiaren hasieran, etxekoek aldea handitu zuten beste entsegu eraldatu batekin (26-3). Emaitza aurka bazuen ere, Txingudik ez zuen esku hutsik bueltatu nahi Plaiaundira. Baina, 61. minutuan, Roman Solisek aldi baterako kanporaketa jaso zuen eta jokalari bat gutxiago izateak nabarmen eragin beltz eta txuriei, bosgarren entsegua hurrengo jokaldian jasoz (31-3). Azkeneko minutuetan, eta oraindik hamalau jokalarirekin, Zaisa Txingudik beste marka bat jaso zuen, emaitza 38 eta 3an utziz.

Zornotzan partida hasi zuen hamabostekoan Aitor Asurmendi, Iñaki Lantxo, Aritz Rodriguez, Jenő Kocsis, Jon Mediavilla, Hodei Guerrero, Carlos Lora (kapitaina), Héctor Pescador, Ioritz Franco, Alejandro Lasa, Unax Dominguez, Ekain Hiribarren, Roman Solis, David Miguel eta Teo Arruti hasi ziren, Unai Cano aldaketa bakarra izan zelarik.

Hurrengo larunbatean azkeneko jardunaldia jokatuko da eta Zaisa Txingudik nahi eta ezkoa du irabaztea eta La Unicak Zarautz B/Beltzaken aurka garaipenik ez lortzea.

Gazteek emaitza ezberdinak izan zituzten

Txingudi/Bera Bera 18 urtetik beherakoek Uni Bilboren aurka galdu zuen Donostian jokatutako partidan (22-36). Cristian Andrusyak, Nico Cerezo, Axier Bravo, Zumai Gartzia, Odin Gutierrez, Julen Etxeberria eta Koldo Segurola Txingudiko jokalariak partida honetan aritu ziren.

14 urte azpikoak, aldiz, Gipuzkoako ligako B multzoko finalerdien joaneko partidan garaipena lortu zuten. Zarautz/Beltzak taldearen aurka 12 eta 45 irabazi zuten Asti zelaian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude