Oraina eta etorkizuna eraldatu nahian 10 urte bete ditu Bidasoaldeko Elkarte Feministak

 

Argazkia: Bidasoaldeko Elkarte Feministaren 10. urteurrenaren
ospakizuna (Iturria: Bidasoaldeko Elkarte Feminista)

Bidasoaldeko Elkarte Feministak elkartearen urteurrena urtero ospatzeko ohitura du. Aurtengoa, ordea, ospakizun berezia izan da, urtemuga borobil bezain berezia delako: 10 urte elkartearen sorreratik. Maritxu San Pedro Sáenz elkarteko lehendakaria da eta urtemugaren harira orain arte lortutakoa errepasatzeaz gain, Bidasoaldeko Elkarte Feministaren begirada beti etorkizunean dagoela azaldu du.

Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzen den hilabetearen barnean, elkartearen X. urteurrena martxoaren 11n ospatu zuten goizeko 11:00etatik 17:00etara elkarteko ateak irekiz, bertara hurbildu nahi zuten guztiei harrera egiteko. Maritxu San Pedro Sáenzek azaldu du, “edonor gonbidatzen dugu gurekin batera urteurrena ospatzera, jada ezagutzen gaituztenak gertu sentitu gaitzaten eta, era berean, jende berriarengana iristeko”.

Elkarteaz gain, Bidasoaldeko Elkarte Feministaren jarduera finkoetako batek ere 10 urte beteko ditu aurten: Adinekoentzako Irakurketa Klubak. Egun, Behobia, San Miguel eta Belaskoeneako Adineko pertsonentzako espazioetan eskaintzen dituzte. Gainera, Anakako bizilagun elkartearekin harremanetan daude auzoan lehenbailehen jarduera hau berriro antolatzeko. “Liburuaren Egunarekin batera, urteurrena ere ospatuko dugu San Migueleko lokalean egingo dugun ekitaldira emakume idazleak gonbidatuz”, azaldu du elkarteko presidenteak. Maritxu San Pedro Sáenzek azaldu duenez, tailer hauek oso lagungarriak dira, “emakumeak ahalduntzen baititu irakurketa bezalako tresna erabilgarriekin”.

2024an prestakuntza gehiago

Bidasoaldeko Elkarte Feministan 2024ko programazioa prestatzen ari dira, horretarako, beharreko dirulaguntzak eskatuz, irabazi asmorik gabeko elkartea baita. Maritxu San Pedro Sáenzek adierazi duenez, elkartearen 10. urtean prestakuntzak garrantzi handia izango du. “Uste dugu guk eskainitako prestakuntza patriarkatuak irakatsitako gauzak desikasteko modua dela”, adierazi du elkarteko lehendakariak aldaketak lanaren bidez lortzen direla azaltzeko, eta ez borrokaren bidez. Horretarako, elkarteak Flor Savanti eta Neus Albertos prestatzaileen laguntza etengabea jasotzen du.

2024rako antolatutako prestakuntzen artean, Parean Elkartearekin batera amatasunaren gaiari eutsiko diote ikuspegi feministatik lantzeko asmoz. Bestetik, Ekonomia Feministako Eskola berriro jarriko dute martxan. Presidenteak azaldu duenez, “Gipuzkoan eskola hau sortzen lehenak izan ginen, baina modulu berrien faltarengatik bertan behera utzi behar izan genuen”. Horretaz gain, Rebeca Lestónen eskutik beren ardurapean adingabeak dituzten pertsonek heziketa afektibo eta sexuala nola eman behar duten jakiteko tailerrak eskainiko dira.

Era berean, gainera, urtean zehar bestelako tailerrak gehituko dira, aurrerago jakinaraziko direnak. Zibersegurtasun ikastaroaren barnean, “Babestu zure gailu mugikorrak” prestakuntza eskainiko dute. Bestalde, elkarteak emakume autoktonoen eta migratzaileen elkarteen arteko topaketa ere antolatzen du. Aurten ere Berdintasunaren aldeko VII. Bidasoaldeko Elkarte Feminista Saria emango dute, aurten Gipuzkoako Foru Aldundiaren “Gunea” berdintasun espazioak jasoko duena.

Sorreratik 10 urte igaro badira ere, Bidasoaldeko Elkarte Feministak tinko eusten dio hasierako helburuari: belaunaldien arteko proiektu bat garatzea, izaera eta aurretiko edozein esperientzia duten emakumeei zuzendua. Horrela, euskara eta euskal kultura iraunarazteko konpromisoa duten emakume feministek osatzen duten elkartea direnez, hasieratik argi eta garbi izan zuten Kalean Bai egitasmora batu behar zirela eta horixe egin zuten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude