Irungo alkate José Antonio Santanok eta Hiri-bultzako ordezkari Juncal Eizaguirrek, hiriko merkataritzaren eta ostalaritzaren sektoreko ordezkariekin batera, 2022-2023ko Eguberrietako kanpainarako lehen planen berri eman dute.
“Joan den urteko Gabonak historikoak izan ziren, eta, aurten, harago joan nahi dugu, Eguberri mundialak antolatuta. Badakigu oraindik denbora geratzen dela, baina gure asmoa da lantzen ari garen ideien berri ematea. Ideia horien helburua da, berriro ere, hiria suspertzen laguntzea eta tokiko merkataritzari eta ostalaritzari laguntzea. Jende guztiarentzako jarduerak izango ditugu, baina dagoeneko esaten dugu berritasun handi bat izango dugula; izan ere, inoiz baino metro karratu gehiago izango ditugu patinatzeko, hiri osoan hiru pista jarrita”, nabarmendu du alkateak.
Hasierako planteamendua da izotz sintetikoko hiru pista jartzea hiri osoan. Pista nagusia Luis Marianoko lorategietan jarriko da, abenduaren 3tik urtarrilaren 8ra. Lehen aldia izango da Irungo erdialdean dagoen espazio honetan izotz-pista jartzen dena. Izotz-pista Irungo Eguberrietako sinbolo bihurtu da. 800 m2 inguruko azalera batean, pista Eguberrietako azokatik oso gertu egongo da; izan ere, azoka berriz ere Zabaltza plazan jarriko da, abenduaren 16tik urtarrilaren 5era.
Abenduaren 3tik urtarrilaren 8ra, Pio XII.ean izotz-pista txikiago bat jarriko da, estalita (320 m2 inguru). Egun horietan bertan, hirugarren pista (150 m2 ingurukoa) Sargiako parkean egongo da, eta haurrentzako pentsatuta dago. Kontuan izan behar da, bigarren urtez jarraian, Eguberrietako herrixka jarriko dela, figurak eta bestelako atrakzioak izango dituena, eta haurrentzako ludoteka-zerbitzua ere bai, abenduaren 16tik urtarrilaren 7ra.
Guztira, 1.300 m2-ko azalera hartuko duten hiru izotz-pista dira patinatzeko, eta iaz Irunek Ficoban lortu zuen zifra errekorra gaindituko dute.
Oraingoz baieztutako ekintzak osatzeko, txirrista bat Anzaran plazan, Eguberrietako programazioaren egoitza nagusietako bat izango dena.
Lana sarean
Hiri-bultzada arloak lanean jarraitzen du, gainerako udal-arloekin eta merkataritzaren eta ostalaritzaren sektorearekin koordinatuta, Eguberrietako kanpainako programa orokorrari itxura emateko. Baieztatu ahala, nobedadeen berri ematen jarraituko dute datozen hilabeteetan.