Gaurko Andreak Berdintasunaren Aldeko Elkarteak, Sabino Arana Fundazioaren Abertzaletasunaren Museoarekin lankidetzan eta Irungo EAJ-PNV alderdiarekin , «EAB 100 urte. Emakumeak Aberria eginez» erakusketa inauguratuko dute martxoaren 17an, ostiralarekin, arratsaldeko 7etan, iDEIAlekun Luis Mariano, Turismo bulegoaren aurrean (Kolon pasealekua, 27).
Honako ekimen hau Irungo emakumeen elkartea honek emakumeak gizarte-arlo guztietan ikusgai bihurtzeko eta emakumeen memoria historikoa ikusarazteko antolatzen dituen jardueretako bat da.
Sabino Arana Fundazioaren Euskal Abertzaletasunaren Museoak antolatu du erakusketa, Emakume Abertzale Batzaren (EAB) sorreraren mendeurrena dela eta. Duela 100 urte, gizarte-eredu berria proposatu eta ekimen nahiz jarduera ugari bultzatu zituzten emakumeek Euskadiren alde egindakoak eta bizi izandako esperientziak ikusarazi nahi ditu erakusketak.
Emakume Abertzale Batza (EAB) 1922an sortu zen, Euzko Gaztedi-ren babesean eratutako emakumeen talde gisa. Hasieratik bertatik, EABk erakutsi zuen emakumeen erantzukizunen artean bazirela aberriaren aldeko zabalkundea egitea, eta hezkuntza-, elkartasun-zerbitzuak zein gizarte-laguntza eskaintzea. Hala, mugimendu feminista horrek euskal emakume abertzaleak ahaldundu zituen, eta eragin handia izan zuen emakumeen ondoko belaunaldietan eta abertzaletasunean.
Hogeita lau panelek osatzen dute erakusketa, gaikako sei multzo handitan banatuta. Multzo horietan, elkartearen ibilbide osoko lana eta pentsamoldea jasotzen dira: 1) EABren hasierak 2) EABren loraldia; 3) «Jaungoikoa eta Lagi Zarra» (JEL) doktrina; 4) EAB eta hezkuntza; 5) EAB eta gizarte-laguntza eta 6) EAB gerran eta erbestean.
Era berean, hilaren 23an, arratsaldeko 7etan, Karmele Perez Urraza, Begoña Bilbao Bilbao eta Gurutze Ezkurdia Arteaga UPV/EHUko irakasleek (Garaian ikerketa-taldeko partaideak) eta erakusketaren komisarioek «EABko emakumeak, abertzaletasun-ametsen eroale» izeneko hitzaldia emango dute IDEIAlekun.
Donostian, Azkoitian eta Hondarribian izan ondotik, «EAB 100 urte. Emakumeak Aberria eginez» erakusketa IDEIAlekun izango da ikusgai, martxoaren 30era arte, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:00etara, eta larunbatetan, 10:00etatik 14:30era.