Hiriko kultur agendak astindu ederra hartuko du datozen hilabeteetan, dagoeneko berretsi diren hitzorduei esker Amaia KZn oihartzun handiko artista eta lan itzelez gozatzeko aukera izango baita. Lehen emankizunak astearte honetan berretsi dituzte Amaia KZn bertan, eta hantxe izan dira José Antonio Santano alkatea eta Borja Olazabal Kulturako ordezkaria.
«Azken urteotan askotan esan izan dugu Irun ekitaldien hiri bihurtzea nahi dugula. Dies Oiassonis, Irun Zuzenean eta antzeko proposamenekin, poliki-poliki ari gara gure bidea egiten. Baina Amaia KZko jardueren agendan ere hazi nahi dugu, eta horretarako programazioa aberastu behar da, asmo eta kalitate handiko eskaintzak ekarrita», adierazi du alkateak. Horrela, ohiko hitzorduak biltzen dituen agendaz beraz gain, kontuan izan beharreko beste 6 emanaldi garrantzitsu gehitu dira, hiru diziplinatan banatuak
Musika
Gazteen eta emakumeen aldeko apustua eginda, Alba Reche izango dugu gurean apirilaren 15ean, eta Chica Sobresalto urriaren 21ean, biak ala biak Operación Triunfotik ateratakoak.
Zinema
Aurtengo Goya sarietan lehiatutako eta kutsu gipuzkoarreko bi film proiektatuko dira. Horietako batek protagonista irundarra du gainera. Lehen proiekzio hori Black is Beltza 2: Ainhoa izango da, ekainaren 1ean; Fermin Muguruza bertan izango da hitzaldirako. Eta, gainera, La consagración de la Primavera, aktore berri onenaren saria irabazi zuen Telmo Iruretarekin, oraindik zehaztu gabeko data batean.
Umorea/podcastak
Bi ekitaldi: «Saldremos Mejores», Inés Hernandekin (Benidorm Festetik iritsi berria) eta Nerea Pérez de las Herasekin. Eta «Buenismo Show», Henar Álvarez, Quique Peinado eta Manuel Burquerekin. Umore eta aktualitateko bi ikuskizun arrakastatsu, edonora doazela ere.
Sarrerak salgai egongo dira martxoaren 21etik aurrera www.irun.org/entradas helbidean, Luis Marianoko turismo-bulegoan eta Amaia KZko leihatiletan ikuskizuna hasi baino ordubete lehenagotik, betiere sarrerarik geratzen bada.