Irungo Udaleko Kultura Arloaren eta Get In enpresa esleipendunaren eskutik, joan den abenduan, Irun Zuzenean Festibalak edizio honetako lehenengo taldeak iragarri zituen: Nada Surf, Shinova eta Morgan. Bada, hurrengo mugarria ostegun honetan izango da, hilak 16, kartel osoa jakinarazteko aurkezpen jai bat egingo baita Bidassoa Basque Brewery artisau garagardo lantegiaren lokalean.
Ekitaldi ireki bat izango da. Gainera, 19:00etatik zuzeneko musikaz gozatu nahi dutenek hainbat sorpresa izango dituzte. Izan ere, arratsalde horretan bertan, hiriko tabernetan egingo diren kontzertu akustikoen programari hasiera emango zaio, iaz oso harrera ona izan baitzuen. Aurtengo edizioa hasteko, Monday Fever gazte irundarrak eta DJ Nerea hondarribiarra arituko dira.
Rock klasikoen bertsioek eta musika elektronikoak girotuko dute Kulturako ordezkari Borja Olazabalek eta Get In sustatzaileko kide Iñaki Estévezek Irun Zuzenean Festibaleko kartel osoa erakusteko jaia. Hain zuzen ere, irailaren 29an eta 30ean izango da aurtengo edizioa, Ficoban, eta kartelak iazko sentsazio onen parekoak sortzea espero da.
BBBrekiko ituna
Bidassoa Basque Brewery garagardo lantegiak, hiriko kultura dinamizatzearekin konprometitutako entitatea den aldetik, balio berezia emango dio arratsaldeari, propio fabrikatu duen edizio mugatuko garagardoa eskainiko baitu.
Bestalde, festibalerako bonuak zozketatuko dira Instagramen jaiaren argazki bat argitaratu eta Irun Zuzenean aipatzen dutenen artean. Saririk egokitzen ez zaienek, berriz, Ticketmaster, Marcaentradas eta Wegow plataforma birtualen bidez eros ditzakete sarrerak aurrez, eta, ostiraletik aurrera, fisikoki, Irungo turismo bulegoan.
Kontzertu akustikoen zirkuituaren hasiera
Irun Zuzenean Festibaleko kartel osoa aurkezteko jaiak hiriko zuzeneko musikaren programa nagusietako baten hasierarekin kointzidituko du: 0 kilometroko kontzertu akustikoen birarenarekin. Izan ere, Irungo Udaleko Kultura Arloak bertako talentu musikalaren alde egin du berriz ere, eta produkzio xumeko kontzertuak programatu ditu udalerriko auzo batzuetako ostalaritza establezimenduetan. Hona hemen udaberri honetarako aurreikusitakoen egutegia:
- Martxoaren 23an, 20:00etan, La Vinotekako terrazan, ONINTZE
- Martxoaren 30ean, 20:00etan, Colón kafetegiko terrazan, LEE JUNIOR
- Apirilaren 13an, 20:00etan, Palacen, THE FAKE COUSINS
- Apirilaren 21ean, 20:00etan, Urdanibia hotelean, JAM SESSIONA bertako musikari gonbidatuekin
- Apirilaren 22an, 18:00etan, Stadium Galeko tabernan, Real Uniónen eta Bilbao Athleticen arteko partidaren aurretik, FASuS4