Astelehen honetan, Kulturako ordezkari Juncal Eizaguirrek, Oiasso Museoko arduradun Juanjo Jiménez eta Aizpea Goenagarekin batera, Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoaren 21. edizioa aurkeztu du. Azaroaren 15etik 20ra bitartean izango da, Amaia KZn, baita Donostiako Aquariumaren, Orona Fundazioaren eta Oiasso Museoaren egoitzetan ere.
«FICAB bueltan da urtero bezala eta berriz ere ilusio handiz ospatuko dugu urterik urte ekartzen dizkigun film ugarietako istorioengatik harrituta uzten gaituen zinema-jaialdi bat. Bi hamarkadatik gorako ibilbidea bete du programak, eta guztiz errotutako jarduera bat da orain. Gainera, argi uzten du arkeologiaren eta kulturaren alorreko ikerketa bultzatu, hedatu eta sustatzeari eman nahi diogun garrantzia, kasu honetan, gainera, publiko guztientzako zinema-proposamen baten bidez» nabarmendu du Juncal Eizaguirre ordezkariak.
Aurten 66 film jaso ditugu, hainbat herrialdetakoak, hala nola Iran, Georgia, Errusia, Costa Rica edo Poloniakoak. Hautatutako 27 zinten artean, Frantziakoak, Italiakoak eta Espainiakoak dira gehienak, baina nabarmentzekoa da guztien kalitate bikaina eta lantzen dituzten askotariko gaiak. Batzuetan gerra garaian museo arkeologikoetako arduradunek sentitzen duten ezinegona erakusten da, beste batzuetan Homo sapiensaren inguruko azken ikerketak edo urpeko lan arkeologiko itzelak, baita artista batek arkeologiari egiten dion ekarpenari buruzko zinta bat ere…
Oiasso Erromatar Museoak parte hartze handia eta pandemia urtean errealizatutako proiektuen kalitate handia nabarmendu du. Azpimarratu duenez, zuzendariek ahalegin handia egin dute, eta, zailtasunak gorabehera, “oso pozik gaude pandemia garaian eta ondoren kulturak martxan eta bizirik jarraitu duela ikusita”. Era berean, laguntzaileekiko (Aquariumarekiko, ONCErekiko eta Orona Fundazioarekiko) elkarlana finkatu izana baloratu du, baita Hezkuntza Sailari ematen ari zaion garrantzia ere. “Aurten, Ikertze Fundazioak Narbo Martius, la fille de Rome filmaren inguruan landutako proiektu pedagogikoa ere izango dugu, eta inoiz baino film gehiago emango ditugu sail honen barruan. Gainera, bada latin eta greko ikasleek egindako film bat, antzinako grekoa erabiliz filmatutakoa: Pestilentia; ostiralean emango da”.
Jaialdiaren egitarauari dagokionez, film hautatuak ohiko hiru emanaldietan banatuko dituzte, eta 30 emanaldi inguru eskainiko dituzte. Goizeko saioan, ikastetxeei zuzendutako Hezkuntza Atala eskainiko da. Aurten ere, Orona Fundazioaren laguntzari eta babesari esker, ikuspegi pedagogiko onena duen filmaren saria emango da. Saio horietan, Maria Intxaustegi urpeko arkeologoa egongo da. Ikertze elkarteak unitate didaktiko bat sortuko du, gazte horientzat pentsatua, eta atal horretan proiektatuko diren zintetako batean oinarrituko da.
Inaugurazio ekitaldian, epaimahaikide guztiek eta erakundeetako ordezkariek parte hartuko dute, eta, gainera, musika emanaldi bat izango da eta arkeologoek gerra garaian ondare arkeologikoa babesteko duten garrantziari buruzko film bat emango da. Bukaerako ekitaldirako, berriz, Bizinema sorpresak, bakarrizketa, dibertsioa eta The Dig filmaren proiekzioa prestatzen ari da; Netflixen ekoizpen bat da The dig.
Irungo arratsaldeko emankizunak ohikoak izango dira, 17:00etan eta 19:00etan, eta sarrera doan izango da lekua bete arte.
Arratsaldeko saioetan Xabier Peñalver izango da aurkezlea. Bestalde, hilaren 17an, asteazkenarekin, Donostiako Aquariumeko auditoriumean, urpeko arkeologiari buruzko bi film emango dira, eta, ONCE Fundazioarekin elkarlanean, horietako bat Audesc sistema erabiliz emango da, ikusmen murritzeko pertsonentzat.
Ikus-entzunezkoen eta arkeologiaren munduko profesional prestigiotsuek osatuko dute epaimahaia, eta sariketaren bukaeran sariak banatzeko ekitaldian emango da epaiaren berri. Jaialdiaren onlineko bertsioari ere eutsiko zaio, emanaldiak telematikoki jarraitu nahi dituztenentzat (hala hezkuntza atalari nola sail ofizialari dagokienez). Iaz jarri zen abian eta oso harrera ona izan zuen.
Zinemaldiari buruzko informazio guztia, udal webgunean, www.irun.org helbidean, eta zinemaldiarenean, www.ficab.org helbidean.