Jarraipena izango du Bizinema ekimenak

Die Hard eta Aliens emango dituzte apirilaren 28an Amaian

Joan den abenduan abiapuntua jarri zuen Bizinema programak jarraipena izango du, orain, Donostiako Bang Bang zinemaren parte hartzearekin. Ibilbide handia izan du Gipuzkoako hiriburuan, eta aurten, Irungo Bizinemarekin bat egin du, antzeko planteamendua baitute. Bang Bang Bizinema izena hartu du programak, eta apirilaren 28an eskainiko du lehen emanaldi bikoitza, Die Hard eta Aliens filmekin, Amaia Kultur Zentroan. Bertsio originalean emango dituzte, gaztelaniazko azpitituluekin.

Film klasikoak bertsio originalean emateko proposamena bozkatuenetako bat izan zen, 2017ko Irungo aurrekontu parte hartzaileetan. Eneko Sanchezek eta Adur Amilibiak hartu zuten ideia hura aurrera eramateko ardura. Bizinema programa antolatu zuten, eta abenduan egin zuten lehen sesioa, Gremlins eta Jurassic Park filmekin. “Arrakasta handia eduki zuen, eta feedback interesgarria eta aberasgarria egon zen parte hartzaileekin”, baieztatu du Juncal Eizaguirre Kultura arloko ordezkariak.

2018an, Donostian dagoeneko ibilbidea egin duen Bang Bang Zinemarekin bat egin du Irungo ekimenak. “Bizinemaren sorreratik eduki dugu harremana. Lankidetza formalizatzeko proposamena jaso genuenean, jarraipen naturala iruditu zitzaigun”, aitortu du Jon Paul Arroyo Bang Bang zinemaren arduradunak: “Guretzat, Bang Bang marka egonkortzeko modua da, eta beste eskualdeetara zabaltzekoa”. Eneko Sánchez Bizinema ekimenaren dinamizatzaileak uste du Bang Bang programak duen esperientziak indarra emango diela.

“Zinema aretoan sortzen den energia oso-oso ederra da”
Jon Paul Arroyo

Zinema baino gehiago

Apirilaren 28an egingo dute hurrengo sesioa, 18:00etatik aurrera, Amaian. “Leku ederra da, areto ikusgarria du kultur zentroak”, adierazi du Arroyok. Kultur kontsumoa sarritan bakarka eta dispositibo indibidualetan egi ohi den garaian, zinema saioa konpartitzearen esperientzia defendatzen dute: “Zinema gehiago disfrutatzen da aretoan, lagunekin, film hori egun eta ordu horretan ikustera joateak batu zaituztelako. Sortzen den energia hori oso-oso ederra da. Emozio komunitatea sortzea da gure asmoa”.

Filmak bertsio originalean emango dituzte, ingelesez, kasu honetan, sortu zituzten bezala. “Esperientzia hori oso gomendagarria da”, aipatu du Eneko Sánchezek. Gainera, Bizinema Bang Bang programak ez du zinema emanaldi hutsa eskaintzen. Aurkezpenak, material erakusketa, zozketak, anbientazioa eta bestelako ezustekoak egongo dira. 18:00etan irekiko ditu ateak Amaia Kultur Zentroak, eta 5,35 euro balioko du sarrerak. Turismo bulegoan eta www.kutxasarrerak.net web gunean eros daitezke jada.

“Bi heroien arteko antitesia ikustea oso interesgarria da”
Eneko Sánchez

Akzio film sesio bikoitza

Filmei dagokienez, Die Hard (John McTiernan, 1988) eta Aliens (James Cameron, 1986) emango dituzte. 80ko hamarkadako akzio filmak dira biak. Hautaketaren azalpena egin du Sánchezek: “Generoa konpartitzen badute ere, ezberdinak dira, osagarriak. Bi heroien antitesia ikustea ere oso interesgarria da”. Film bereziak dira antolatzaileentzat, baina kontziente dira, gazteenentzat filmak ezagutzeko aukera izango dela. “Beste jende asko egongo da filmak zinema ikusteko aukerarik izan ez duena, eta are gutxiago bertsio originalean”, nabarmendu du Jon Paul Arroyok.

Hurrengo saioa prestatzen ari dira jada, azaroaren 3rako. “Halloweenen gertutasunagatik, gai horri helduko diogu”, aurreratu du Eneko Sánchezek. Ekimenak jarraipena izan dezan nahi lukete, eta etorkizunean, saio gehiago antolatu ahal izatea. Horretarako, ikusleen erantzuna funtsezkoa izango dela uste dute. Hortaz, apirilaren 28an Amaiara gerturatu daitezen animatu nahi izan dituzte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude