Irunen euskarak bizi duen egoera iraultzea dute helburu
Euskaraldia izango da Aitzondo Irungo euskara talde berriaren lehen ekimena. Aurreneko urratsak eman ditu elkarteak; erakunde publikoekin, hiriko euskara eragileekin eta Euskaraldiaren dinamizatzaile diharduen Euskaltzaleen Topagunearekin bildu da, hurrengo hilabeteetako bide-orria osatuz hasteko. Apirilaren 14an bilera irekia egin dute Palmera-Monteron, Euskaraldia antolatzeko hurrengo urratsak zehazteko.
Azaroaren 23tik abenduaren 3ra izango da Euskaraldia, Euskal Herriko ehunka hiri eta herritan. “Hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala da”, azaldu du Maite Lopez de Arbina Aitzondo euskara taldeko kideak: “Erakunde publikoak eta euskararen aldeko herri mugimendua elkarlanean ari dira ekimena bultzatzen”. Herritarrek hamaika egunez euskaraz aritzeko konpromisoa har dezaten lortzea da helburua. Lopez de Arbinak azaldu ditu parte hartzeko bi moduak: “Alde batetik, Ahobiziak egongo dira, ahal duten guztietan euskaraz egiteko prest egongo direnak, eta bestetik, Belarriprest izenekoak egongo dira, euskaraz egiteko konpromisoa hartu gabe, euskaraz entzutera engaiatuko direnak, solaskidea euskaraz egitera animatuz”. Txapa bana jarrita elkar identifikatuko dute herritarrek, hamaika egun horietan zehar.
“Hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala da Euskaraldia”
Maite Lopez de Arbina
Donostiako Egia auzoan probatu zuten ekimena, lehen aldiz. Baina Lasarte-Oriakoa da kasu adierazgarrienetako bat. Bertan, ekimenaren eragina aztertzeko ikerketa egin baitzuten, euskararen erabilera nabarmen handitu zela ondorioztatuz. “Bai ekimena bukatu eta berehala, eta bai handik hiru hilabetera ere”, zehaztu du Maite Lopez de Arbinak. Urrutiago joan gabe ere, Behe Bidasoa eskualdean, hondarribiarrek eta hendaiarrek hilabeteak daramatzate Euskaraldia prestatzen. “Irun ez da gutxiago izango”, aipatu du Lopez de Arbinak. Irungo Udalak ekimenean parte hartzeko izena eman du, eta harremanetan dago Aitzondo euskara elkartearekin, Euskaraldia ahalik eta modu eraginkorrenean antolatzeko asmoz. Lehenago, urtean zehar ekintza ezberdinak eta formazio saioak antolatuko dituztela aurreratu dute Aitzondoko kideek.
“Euskararen alde lan egingo zuen eragile indartsu baten beharra antzeman genuen”
Mikel Garcia
Abiapuntua izango da Euskaraldia
Aitzondo euskara taldearen helburuak harago doaz. Baina momentuz, Euskaraldian jarriko du arreta. “Abiapuntu gisa, ekimen aproposa eta eraginkorra izan daitekeela uste dugu”, adierazi du Mikel Garciak. Duela bi urte eta erdi, euskara taldea sortzeko lehen saiakeran parte hartu zuen Garciak. “Ez genuen urrats handirik ematea lortu”, zehaztu du. 2017ko azaroan bildu ziren berriro, Euskaraldia zerumugan: “Oraingoan bai, forma ematea lortu dugu, eta Aitzondo euskara elkartea izan da emaitza. Irunen euskarak bizi duen egoera kaskarrak bultzatuta, eta egoera hori iraultzeko herritarren aktibazio falta ikusita, euskararen alde lan egingo zuen eragile indartsu baten beharra antzeman genuen”.
Lau helburu nagusi ditu Aitzondo euskara taldeak: euskararen egoeraren inguruan hausnartzea eta kontzientzia zabaltzea, euskaldunak aktibatu eta ahalduntzea, euskaldunen hizkuntza eskubideen urraketak salatzea, eta Irunen hizkuntza politika egoki bat gauzatzen dela ziurtatzea. “Hiri handia izanik, euskaldunok nahiko dispertsatuta gaude, baina asko gara, eta hori aprobetxatu beharra dugu”, aipatu du Mikel Garciak. Irungo euskaldunak eta euskaltzaleak batzeko eta haien arteko harremanak ehuntzeko erronka du Aitzondok. Euskaraldia lehenengo urratsa izango da, bide horretan. Azpimarratu dute parte hartzea guztiz irekia dela. Euskaraldia antolatzera soilik anima daitekeela jendea, edo nahi izanez gero, euskara taldeko bazkide egiteko aukera ere badagoela.