“Laukiz Lauki Irunen Barrena” hitz joko irundarraren azken aleak eskuratzeko aukera

Denbora-pasa zaletu irundar euskaldunek euskara hutsezko argitalpen hau eskuratzeko aukera izango dute hiriko leku ezberdinetan. Laukiz Lauki Irunen Barrena denbora-pasa Irungo Udala eta Bagabiga enpresaren arteko elkarlanetik jaiotako emaitza da.

Euskarazko denbora-pasak biltzen dituen aldizkariaren azken aleak eskuragarri daude oraindik. Azken ale horiek Amaia Kultur Zentroan, CBA Udal liburutegian, Artaleku eta Azken Portu kiroldegietan, SAC eta Luis Marianoko Turismo Bulegoan lortu daitezke eta aleak agortu arte egongo dira eskuragarri.

Euskarazko aldizkariak eskaintzen dituen denbora-pasa jokoak hauek dira: hitz gezidunak edo autodefinituak, hitz gurutzatuak edo gurutzegramak, hizki saldak, anagramak, goitibeherak, eta mailaz mailakoak. Berrikuntza eta berezitasun nagusiak edukian daude; izan ere, Irungo atzoko eta gaurko gizon eta emakume artistak -margolariak, musikariak, zinemagileak, bertsolariak…, kirolariak, auzoak, muga herriak, eraikinak, monumentuak, kale izenak, baserriak, ingurunea eta beste asko jasotzen dira aldizkariaren zenbaki berri honetan.

32 orrialdez osaturiko liburuxkak 1.000 aleko tirada izan du. Doan banatu da hiriko eraikin publiko ezberdinetan ale ugari utziz. Hortaz gain, Pio Baroja, Bidasoa, Plaiaundi, Mendibil, Irungo La Salle eta Erain ikastetxeetan zein Kunshtal eta Mondragon Unibertsitateetako ikasleen artean zenbait ale banatu dira. Gainera, Herri Jakintza, AEK, Udal Euskaltegiko eta Hizkuntza Eskola Ofizialeko euskara ikasleentzako ale batzuk erreserbatu dira ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude