Irungo Udala hiriko ikastetxeetan karpak instalatzen hasi da pandemiaren neurrien betekizuna errazteko

Irailean jakinarazi zenez, Irungo Udalak zenbait neurri hartu ditu hezkuntza komunitatearen baitan pandemiaren ondorioz. Joan den ikasturtean ere hartu ziren, eta irailetik aurrera daude abian berriro, ikastetxeetan COVID-19aren ondorioz ezarritako funtzionamendu protokoloa eta neurriak kontuan izanik.

Karpak ikastetxeetako patioetan
2020-2021 ikasturtearen amaieran ikastetxeekin harremanetan jarri, eta, COVID-19 pandemiaren ondorioak direla-eta, udaren ostean patioetan karpak jartzeko prozedurari ekin zion Irungo Udalak. Aurreko ikasturtean ere jarri zituen, ikastetxeen eskariz, ikasleek dagozkion segurtasun eta urruntze neurriak beteta eta burbuila taldeak errespetatuta gozatu ahal izateko patioez, euri egunetan batez ere.

Hezkuntzako ordezkari Santi Jiménezek nabarmendu duenez, “bigarren ikasturtez jarraian neurri hau hartuta, urruntze eta segurtasun neurri sanitarioak betetzeaz gain, eskolaz gozatzeko gune berriak izango ditugu”.

Udalak berak mantendu behar dituen Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoekin izandako elkarrizketen esparruan aukeratu da jarriko den karpa mota, eta ikastetxe hauetan jarriko da: Belaskoenean (HHko eraikinean), Dunboan (LHko eraikinean), Elatzetan (HHko eraikinean), Toki Alain (LHko eraikinean), Eguzkitzan eta Txingudi Ikastolan (LHko eraikinean). Lekaenean bakarrik ez da instalatuko karparik: joan den urtean bezala, Zuzendaritzaren arabera, estalpeko instalazio nahikoak ditu.

Oro har, aurreko fasean muntatutakoen mota eta tamaina bereko karpak instalatuko dira, Eguzkitzako eta Elatzetako patioetan izan ezik: Eguzkitzan, 2021eko udan patioa eraberritzea aurreikusten zela-eta, instalatuko den karparen neurriak aldatu dira, eta karpa handiagoa da; Elatzetan, berriz, beste kokaleku batean jarriko da karpa, ikastetxearen beharretara hobeto egokitzeko.

Bide Publikoko Arloak hasia du lanen kontratazioa, eta 94.724,66 euroko aurrekontua du horretarako. Joan den ikasturtean bezala, Udalak beharrezkoa den kontu sail ekonomikoa aurreratuko du, karpak lehenbailehen jartzeko eta, horrela, Eusko Jaurlaritzak horretarako iragarritako dirulaguntza deialdian parte hartu ahal izateko.

Bide Publikoko ordezkari Mónica Martínezek nabarmendu duenez, “era berean, garbiketa eta desinfekzio lanak areagotuko ditugu, funtsezkoak baitira pandemiaren testuinguruan”.

Garbiketa eta desinfekzioa
Joan den ikasturtean bezala, Udalak garbiketa eta desinfekzio lanak areagotu ditu berak mantendu behar dituen ikastetxeetan: egunean behin, instalazio guztiak garbitu eta desinfektatuko dira, eta, ardura handiagoa behar den guneetan, maiztasuna handiagoa da, eta garbiketa eta desinfekzio lanak egunean behin baino gehiagotan egingo dira; betiere, ikastetxeetako eskola ordutegietara egokituta, ikasturte hasierako lanaldi erditik aurreragoko lanaldi osora arte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude