Ingurumen hezkuntzaren lanketa hiriko ikastetxeetan hasten da

Ingurumen hezkuntzaren lanketa hiriko ikastetxeetan hasten da. Ildo horretatik, Txingudiko Zerbitzuak konpainiak, ikastetxeen lankidetzarekin, ikasturte honetan zehar landuko den jasangarritasunerako hezkuntza eskaintza aurkeztu du. Urtero moduan hainbat jarduera proposatuko dizkie zerbitzuen erakundeak eskualdeko heziketa zentroei eta aurten ere ekintza berriak batu dira programara.

Leire Zubitur Txingudiko Zerbitzuetako gerentearen hitzetan garrantzitsua da belaunaldi berriak baliabide naturalen kudeaketa egokiaren inguruan sentsibilizatzea. Txingudiko Zerbitzuen gerenteak azaldu duenez, “urtez urte, eskola-bizitzako etapa desberdinetara egokitutako ikastaro sorta zabal bat eskaintzen jarriatzen dugu”. Zentzu horretan, Leire Zubiturrek azpimarratu du urtetik urtera tailerren eskaintza erakargarriago egiteko asmoarekin, berrikuntza ahalegin handia egiten dela. Horren adibide dira aurreko urtean estreinatu ziren Escape Hall eta Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) tailerrak.

Aurtengo ikasturtean gainera, Covid-19aren aurkako neurriak murriztu ostean, tailerrak aurrez aurreko formatuan itzuliko dira ikastetxeetara. Era berean, Txingudiko Zerbitzuen instalazioak bisitatzeko aukera eskainiko da berriro. Izan ere, aurreko ikasturteetan pandemiaren eraginez ikastaroak online eskaini ziren eta hala egiten jarraituko da formatu hori nahiago duten ikastetxeentzat.

Tailer eskaintza berriaren aurkezpena Irungo Elatzeta ikastetxean egin da. Elatzetak aktiboki parte hartzen du Txingudiko Zerbitzuek antolatutako hainbat ikastarotan. Marga Zinkunegi Elatzeta ikastetxeko zuzendariak zentroaren esperientziaren berri eman du: “Iaz Zisare programan parte hartu genuen eta ikasleak hasieratik bukaerara ezagutu ahal izan dute autokonpostatze sistema”.

Ikasleei egokitutako tailerrak
Guztira, ikastetxeek Txingudiko Zerbitzuek prestatutako 6 tailer izango dituzte aukeran: Uraren Ziklo Integralari buruzko tailerra, Hondakin eta Birziklapenaren tailerra, Hiri garbiketako tailerra, Energia eta Aldaketa Klimatikoaren tailerra, Uraren Bidea eta GJH Escape Hall. Horiekin batera ere, Zisare urteko programa ere eskaintzen da, konpostajearen mundura sartzeko. Eskainitako ikastaroen artean, eskualdeko ikastetxeek nahi beste tailerretan parte hartzeko aukera izango dute, hezkuntza zentro bakoitzaren programara hobekien egokitzen diren ikastaroak aukeratu ahalko dituztelarik.

Leire Zubiturrek azaldu duenez, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako 2021-2022 ikasturteko eskaintzak urarekin, energiarekin, hondakinekin edo hiri-garbiketarekin zerikusia duten tailerrak biltzen ditu. Bigarren Zikloko eta Batxilergoko ikasleentzat, berriz, Espace Hall GJHen tailerra egokitu da, jolas parte-hartzailea eta sortzailea, moda-modako baliabide bat dena. Tailer horren bitartez gazteei beren ekintzek ingurumenean nola eragiten duten ulertarazi nahi zaie, jarreren inguruan ausnartzeko. Txingudiko Zerbitzuen gerenteak azaldu duenez, askotan ekonomia zirkularraz edo kontsumo jasangarriaren “garrantziaz” hitz egiten da, baina ez da hain erraza ulertzea hitz polit horien atzean ezkutatzen den esanahia”.

Zisare programa
Zisare programaren helburua ikasleei konpostatze prozedurak zertan datzan erakustea da. Zisare egitasmoan parte hartzen duten ikastetxeek konposta sortzen dute ikastetxean sortutako biohondakinak aprobetxatuz. Aurreko ikasturtean zehar Elatzetak Zisare programa ikastetxean martxan jarri zuen eta ikasleei egitasmoan era boluntarioan parte hartzeko aukera eskaini zitzaien. Marga Zinkunegik, zentroko zuzendariak, esperientzia oso positiboa izan dela baieztatu du, ikasleak materia organikoa bereiztearen garrantziaz jabetu dira, konpostaren bidez ongarria sor daitekeela ulertzeaz gain. “Ikasleek, gainera, primeran pasatu dute eta esperientziaz gozatu dutela uste dugu”, gaineratu du Elatzetako zuzendariak.

Urte bateko froga nahikoa izan da proiektuak duen garrantzia ulertzeko, eta hala, ikasturte honetan Zisare programa hezkuntza curriculumean txertatzea erabaki dute. Horrela, ikasle guztiek proiektuan parte hartzeko aukera izango dute. Aurreko ikasturtean 6. mailako ikasleek parte hartu zuten Zisare programan baina aurten lanketa 5. mailako ikasleekin egitea adostu dute. Marga Zinkunegik adierazi duenez, proiektuaren “xarma” konpostaje prozesu osoaren jarraipena egitea da eta hustuketa hurrengo ikasturte hasieran egiten denerako 6. mailakoak ziren ikasleak jada ez dira eskolan egongo. Elatzeta eskolako ikasleek azaldu dutenez, “ikasle talde bat patioan zein jangelan sortutako hondakinak bildu eta konpostagailura eramateaz arduratzen da”.

Hasiera batean Elatzetan euskararen erabilera sustatzeko idearekin abiatu zuten egitasmoa eta joan den urtean ikusi ahal izan dute proiektuak eremu askoz gehiago hartzen dituela. Autokonpostatze sistemaren bitartez hainbat ikasgaietan ikasitakoak praktikatzen jartzeko aukera dute. Neurketak egiteko matematikako eragiketak erabiltzen dituzte, natur zientzietako kontuak praktikan ikusteko aukera dute, ingelesean ikasitakoa konpostagailuaren jarraibideak ulertzeko erabiltzen dute… eta hori guztia ariketa fisikoa eginez Elatzeta ikastetxearen ingurunean disfrutatzen duten bitartean. Horrela, eduki akademikoaz gainera, haurrek beste balore asko barneratzen dituzte: ardurak dakartzan erantzukizunak, talde lanaren garrantzia edo taldeekin lan egitean txanda errespetatzeko beharra.

Txingudiko Zerbitzuetako Leire Zubiturrek gehitu duenez, “eskualdean modu jasangarrian bizi nahi badugu, txikitatik horri buruz hitz egin behar diegula uste dut”. Leire Zubiturrek Irungo eta Hondarribiko ikastetxe guztiei egitasmoan parte hartzeko deia egin die. Era berean, ikasturtean zehar ikastetxeek Txingudiko Zerbitzuetako instalakuntzak, edateko uren araztegia eta hondakin uren araztegia bisitatzeko aukera izango dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude