Pozik agertu dira irundarrak Gabonetako kanpainari buruz egindako gogobetetze-inkestan

Asteazken honetan, prentsaurreko bat eman dute Miguel Angel Páez (Hiri Bultzada), Borja Olazabal (Kultura eta Kirolak) eta Santi Jiménez (Gazteria) ordezkariek, «Betiko Gabonak, inoiz ez bezala» programaren balantze orokorra egiteko eta azken egunotan herritarren artean egin den gogobetetze-inkestaren emaitzen berri emateko.

«Arrazoi asko direla eta, aurrekaririk gabeko Gabonak izan dira hauek, eta Udaleko arlo guztiek elkarrekin jardun dugu kalitateko eta publiko guztientzako programa bat eskaintzeko. Helburua: Irun jai hauetaz pozez eta ilusioz gozatzeko hiri erakargarri bihurtzea, bai kanpotik bisitan datozkigunentzat, bai, bereziki, irundarrek urteko sasoi honetako planak beren hirian bertan egin ditzaten. Hori guztia ez zen posible izango erakunde eta elkarte ugariren laguntza gabe. Funtsezko aliatu izan ditugu lan honetan, eta eskerrak eman nahi dizkiegu erakutsi duten inplikazioagatik. Hasiera-hasieratik susmo onak izan ditugu, eta herritarren artean jasotako iritziek uste hori berretsi baino ez dute egin» azaldu du Miguel Ángel Páezek.

Zehazki, Gabonetako ospakizunak amaitu berritan, eta herritarrei antolatutako jarduera-programa zer iruditu zaien jakiteko, telefono bidezko galdetegi bat egin zaie Irunen bizi diren 16 urtetik gorako 401 pertsonari, urtarrilaren 10etik 17ra. Galdetegi horretan askotako galderak egin zaizkie: zer jardueratan parte hartu duten, zer iritzi duten argiei eta apaingarriei buruz, nola mugitu diren hiri barruan eta ekarpenik egin nahi duten etorkizuneko edizioetan programa hobetzeko. Ondorio nagusia da antolatutako ekimen guztiek 10etik 8 puntu baino gehiago lortzen dutela herritarren balorazioan.

Borja Olazabal Kultura eta Kiroletako arduradunak adierazi duenez, «erabilitako udal-baliabideei erreparatuta, Gabonetako kanpaina ekainean sanpedro eta sanmartzialek duten eraginarekin parekatu dezakegu, ñabardurak ñabardura. Eta izan duten emaitza bikaina eta herritarren iritzia ikusita, abiapuntu aproposa dugu Gabonak ekitaldi garrantzitsu bihurtzeko: lagun eta senideekin kalean eta antolatzen diren ekitaldietan elkartzeko ezinbesteko hitzordu bat,  betiere herritarren elkarte eta erakundeen konplizitatearekin, haiek gabe hau guztia eginezina litzateke eta».

Inkestaren emaitzen arabera, Zabaltza plazako Gabonetako azoka izan da jarduerarik bisitatuena (galdetegiari erantzun dioten 10 pertsonatik 7 bertan izan ziren). Ondotik, izotz-pistak eta txirrista datoz eta, jarduera puntualen artean, Errege Magoen kabalgata. Parte-hartzaileek hobekien baloratutako ekimena olentzero eta gabon-kanten jaialdia izan zen (bikain, 9,1/10), bai eta erakusketek eta kalean egindako gainerako jarduerek (musika, ikuskizunak…), 8,8 puntu lortu baitituzte 10etik; Sarjia parkeko Gabonetako herrixkak ere oso balorazio ona lortu du, 8,7/10.

Santi Jiménez ordezkariaren hitzetan, «Udalak lan handia egin du herritarrek Gabonez beti bezala gozatu ahal izateko. Gazteria arloan ere erronkari erantzun diogu, eta ahal genuen guztia egin dugu geure ekarpentxoa egiteko. Galdetegiaren emaitzek bide horretatik jarraitzera bultzatzen gaituzte, herritarrentzat horren berezia den urteko sasoi horretan kaleak bizitzaz betetzeko».

Emaitza gehiago

Hona hemen azterlanaren emaitzen laburpena:

  • Jardueretan parte hartu duten herritarren profilari dagokionez, gehienetan 31 eta 45 urte artekoak nabarmendu behar dira. Adin-tarte horretan daude, hain zuzen, haur txikiak dituzten familia gazteetako gurasoak (adinaren datua galdetegia erantzun duen pertsonari dagokio).
  • Galdetegiari erantzun dioten 10 lagunetik 9k uste dute Gabonetako jarduera-programa espezifiko bat izatea irundarrentzako aisialdi eta gozamenerako aukera erakargarria dela, bai eta merkataritza eta oro har tokiko ekonomikoa sustatzeko modu bat ere.
  • 10 pertsonatik 8k diote, gainera, turistak eta inguruko herrietako bisitariak erakartzeko modu bat dela.
  • Inkestatutako herritarren % 86ri gustatu egin zaizkio hirian Gabonetan instalatu diren argiak eta apaingarriak. Adin-tarteka, 31 eta 45 urte artekoei gustatu zaizkie gehien argiak. Gazteenek (18 eta 30 urte artean) egokia dela uste dute, baina gehiago nahiko lituzkete.
  • Gabonetako oporraldian, galdetegiari erantzun dioten herritarren % 80 oinez joan da erdigunera, % 10 ibilgailu pribatuan eta % 8 garraio publikoan. 31 eta 45 urte artekoen adin-taldean neurtu da oinez joan direnen ehunekotik handiena (% 85). 65 urtetik gorakoak izan dira, aldiz, garraio publikoa gehien erabili dutenak (% 12).
  • Etorkizunean indartu beharreko jarduera edo ekitaldiei dagokienez, inkestatutako herritar gehienek uste dute egungo programa egokia eta nahikoa dela (10etik 8k). Edonola ere, galdetegiari erantzun dioten hamar lagunetik hiruk Gabonetako merkatua handituko lukete eta argi eta apaingarri gehiago jarriko lituzkete Gabonetan.

Galdetegiak kalean

Telefono bidezko iritzi-bilketa horren osagarri, aipatu behar da ia 200 inkesta egin zirela kalean Gabonetan, antolatutako ekimenetan bertan. Zehazki, 197 galdetegi bildu ziren, abenduaren 17an, 28an eta 31n eta urtarrilaren 5ean. Galdeketa horien ondorio nagusien artean ikusten dugu, esaterako, pertsonen % 42k saltokiren batean kontsumitu zutela, % 36k ostalaritzako lokalen batean, eta % 22k bietan.  Azterlan horren bidez, gainera, bisitarien jatorriari buruzko datuak ere lortu dira: gehienak irundarrak (% 83) edo Gipuzkoako gainerako herrietakoak (% 10) ziren. Herrialdeko beste puntu batzuetatik eta Frantziatik etorritako pertsonak ere erregistratu ziren.

Kanpaina, zenbakietan

– 13.000 pertsona baino gehiago igaro dira hiru izotz pistetatik eta txirristatik

– Berrogeita hamar bat jarduerek kaleak animatu dituzte

– Batez beste 120 haur izan dira Sargia ludotekan

– Gabonetako azoka, atxikitako saltokien errekorrarekin, 20 etxolatan txandakatuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude