Aginagaldetarrek hasi dute Ola Sagardotegiko 24. txotx denboraldia

Urtarrila sagardo denboraldiaren hasieraren sinonimoa da sagardotegietan. Ola Sagardotegian txotx denboraldi berriari hasiera eman diote jada. Aurtengoa Meaka auzoko sagardotegiak ospatutako 24. txotx denboraldiaren irekiera izan da.

Urtarrilaren 22an urteroko erritualarekin konplitu zuten Ola Sagardotegian. Sagardotegiko ateak adarraren doinuarekin ireki ziren. Jarraian, txalapartaren erritmoan, bazkaltzera gonbidatutakoak lekua hartzen joan ziren, upelak noiz irekiko zain. Txotxa ireki aurreko minutuetan Iñaki Bengoetxea Ola sagardotegiko nagusiak azaldu duenez, “lehen egun honetarako mahai guztiak betetzea lortu dugu eta jendea sagardoaz gozatzeko gogoz dagoela dirudi”.

Gainera, Aurtengo txotx irekiera laukoitza izan da eta Aginagalde familiaren eskuetan egon da. Hain zuzen ere, Joxe Aginagalde, Agustin Aginagalde, Gurutz Aginagalde eta Julen Aginagaldek elkarrekin hasiera eman diote sagardo denboraldiari Olan. Iñaki Bengoetxearen hitzetan, “aurtengoan bi belaunaldi omenduko ditugu, horietako bi arraunlariak eta beste biak eskubaloiaren mundukoak”. Behin aurkezpenak eginak, Aginagaldetarrek “hauxe da aurtengo sagardo berria” esaldi mitikoa aho bakarrean errepikatu dute. Festa giroa sagardotegian nagusitu aurretik, omenduak izan dira Anjel Mari Peñagarikanok eta Aitor Mendiluzek momentuan botatako bertsoetako protagonistak. Behin txotxa irekita, trikitixaren eta panderoaren doinuekin etengabea izan da edalontzien dantza.

“Aurtengoan bi belaunaldi omenduko ditugu, horietako bi arraunlariak eta beste biak eskubaloiaren mundukoak”

Iñaki Bengoetxea, Ola Sagardotegiko nagusia

Aurtengoa ordea, ohiko sagardo denboraldia izango da. Izan ere, iaz sagardo denboraldia hasi zenean pandemiarengatik hartutako hainbat murriztapen neurri indarrean zeuden oraindik. Pandemiak baldintzatutako urteei erreferentzia eginez, Bengoetxeak azaldu du, “beldurrak orduan oso ondo funtzionatu zuen, baina honezkero dezente normaldu gara eta berriro disfrutatzeko gogoa heldu zaigu”. Beraz, aurtengo denboraldiak oso ondo funtzionatuko duela iragarri du Iñaki Bengoetxeak.

Txotx laukoitza

Urtero inguruko norbait aukeratzen dute Ola sagardotegian denboraldi hasiera aprobetxatuz omentzeko. Oraingoan Aginagaldetarrak izan dira omenduak, kupelaren aurrean bi belaunaldiek arraunean eta eskubaloian lortutakoak aintzat hartzeko.  Agustin Aginagaldek, Gurutzen eta Julenen aitak, azaldu duenez, “nik egia esan ez nuen horrelako errekonozimendurik espero, nahiz eta jakin banekien Iñaki semeak omentzeko asmotan zebilela aspalditik”. Txotxa ireki aurretik Joxe Aginagaldek, Agustinen nebak, azaldu du ardurarengatik urduri egon ez arren, “asko estimatzen dugu gutaz gogoratu izana eta oso pozik gaude”.

Gurutz Aginagaldek aipatu duenez, “sagardotegi denboraldiaren hasiera beti polita izaten da eta omendutakoa zeu zarenean, are politagoa da dena”. “Nebarekin, aitarekin eta osabarekin batera omenaldi hau jasotzea oso polita izango da ziur”, erantsi du egun Bidasoa Irun Eskubaloi Klubeko lehendakaria denak. Julen Aginagalde eskubaloi jokalariak berriz, urte askoren ostean Ola sagardotegiko denboraldi hasieran presente egoteko  aukera izan du azkenean. “16 edo 17 urte dira hemen egoteko aukerarik ez nuela, beraz, oso pozik nago gaur hemen egon ahal izateaz”, erantsi du Julen Aginagaldek.

“Nebarekin, aitarekin eta osabarekin batera omenaldi hau jasotzea oso polita izango da ziur”

Gurutz Aginagalde, Bidasoa Irun Eskulaboi Klubeko presidentea

Zailtasunak tarteko

Aurtengo sagardo ekoizpenaz galdetuta, Iñaki Bengoetxeak “kaxkar” hitza erabili du aurtengo uzta deskribatzeko. “Orain dela bi urtekoa sekulakoa izan zen, baina azkena berriz oso kaxkarra izan da bero asko egin duelako”. Salbatutako sagar gutxiak azkar biltzen saiatu baziren ere, sagar asko lurrean geratu direla adierazi du Ola sagardotegiko nagusiak. Sagardoaren ezaugarriei erreparatuz, “sagardo nahiko freskoak lortu ditugu, uzta txikia izan denez, esango nuke sagardoak gradu dezente dituela, eta gorputz handia”, gehitu du Bengoetxeak. Horrela, 2021ko uztarekin egin bezala, “Moko”, mota bakarreko uzta errepikatu du batetik. Bestetik, beste upel batean mi motako sagarrak elkartuz sortutako sagardo berria prestatu du aurten nobedade moduan.

Beroaz gain, liztor asiarrari eta Carpocapsa, sagarrondoetako zizarea, intsektuen mehatxuari ere aurre egin behar izan diote aurtengoan berriro sagar ekoizleek. Iñaki Bengotxea Ola sagardotegiko jabea izateaz gain, Bidasoako Erlezainen Elkarteko fundatzaileetako bat da eta azaldu du liztor asiarraren kontuarekin desesperatuak daudela: “Nik neuk sagarrondoen polinizazioan laguntzeko erleak dauzkat eta liztor asiarrek sekulako kalteak eragin dizkigute”. Iñaki Bengoetxeak azaldu duenez, erleak jatez gain, liztor asiarrek sagarrak zulatu eta uzta kaltetzen dute.

Beraz, esandako guztiarekin martxan da Ola sagardotegiko denboraldia. Meakako sagardotegiko produktuez gozatu nahi dutenek + 34 943 62 31 30 telefono zenbakira deitu edo sagardotegiko webgunearen bitartez erreserbak egiteko aukera izango dute. Era berean, inguruko sagardotegietan gertatu bezala, Ola sagardotegian talde handientzako erreserbak egiterako orduan bazkariaren edo afariaren zenbatekoaren aurrerapen txiki bat egitea eskatzen da, azken orduko ezeztapen zentzugabeak saihesteko eta sagardotegi denboraldia guztientzat atsegina izan dadin.

Ola Sagardotegiko denboraldiari hasiera eman dion ekitldiaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude