Ola Sagardotegiak txotx denboraldiari hasiera emango dio urtarrilaren 22an, igandean. Sagardotegi irundarrak kupelak prest dauzka sagardozaleen bisita jasotzeko prest. Aurtengo txotx denboraldia irekitzeko ekitaldian Ola Sagardotegiak Aginagaldetarrak omenduko ditu. Zehazki, Joxe Aginagalde, Agustin Aginagalde, Gurutz Aginagalde eta Jueln Aginagalde izango dira.
Joxe eta Agustin Aginagaldek osatutako lehen belaunaldia Hondarribiko Ama Guadalupekoa taldeko arraunlari handiak izan ziren. Joxe Kotxako hainbat txapelketetan ibili zen eta Agustin ere kirolari bikaina izan zen. Erretiratu zirenetik ez diote klubean parte hartzeari utzi eta ahal duten guztian laguntzeko prest daude beti. Bigarren belaunaldia Gurutzek eta Julen Aginagaldek (Agustinen semeak) osatzen dute. Bi anaiak eskubaloiko jokalari handiak izan dira.
Gurutzek urte askoan jokatu zuen atezain gisa Irungo Bidasoan eta Errioxan. Gainera, 2017an Espainiako selekzioarekin debuta egin zuen 39 urterekin eta jokalari onena izendatu zuten Poloniaren aurkako partidan. Urte batzuk badira erretiratu zela, baina eskubaloiaren munduko parte izaten jarraitzen du. 2018an Bidasoa Irun klubeko presidente izendatu zuten, eta aurten beste lau urterako hautatu dute.
Bestalde, Julen Aginagaldek pibote moduan jokatzen du. Bi aldiz izan da Europako eta munduko txapeldun, Tokioko azken olinpiadetan brontzeaz gain. Aurtengoa bere azken denboraldia izango da, baina bere anaiak bezala mundu honetako kide izaten jarraituko du, oraingoan Bidasoa Irun taldeko kirol zuzendari bezala.
Sagardotegi denboraldia
Sagardotegi denboraldian urtarriletik maiatzera luzatuko da. Ola Sagardotegian bazkaldu edo afaldu nahi duenak + 34 943 62 31 30 telefono zenbakira deitu dezake erreserba egiteko.