“Eta hala ere marrazkiak egiten dituzte” erakusketak gerraren biktimak izan diren haurrak omenduko ditu

Ostegun honetan, Amaia KZn, Irungo Udaleko Memoria Historikoko ordezkari Santi Jiménezek “Eta hala ere marrazkiak egiten dituzte. ¡Y además dibujan!” aurkeztu du, gerraren biktima izandako haurrak omentzeko erakusketa bat. Benalmádenako Udalarekin elkarlanean ekarri dute erakusketa Irunera, eta ostiral honetan inauguratuko da, hilak 20, Amaia KZko erakusketa aretoan, 18:00etan.

“Gerra zibilak biktima asko izan zituen, tartean gure haurren erbestealdia. Erakusketa honek haur horiek euren familiarengandik banandu, beste herrialde batera mugitu eta ohitura berri batzuetara egokitu behar izanak sortzen duen gorabehera erakusten du. Udaleko Memoria Historikoaren arloak omenaldia egin nahi izan du, milaka haurren historia ezabatu ez dadin”, adierazi du ordezkariak.

Espainiako Gerra Zibilaren eta errepresio frankistaren gaineko memoriari balioa emateko prestatu da erakusketa, eta garai haietan 8 eta 15 urte bitarteko hainbat haurrek egindako 40 bat marrazkik osatzen dute –lan batzuk anonimoak dira–.

“Haurren marrazkien bilduma bat da hau, baina, aldi berean, bada gerra moderno bat bizi izan duten haurrek egindako marrazkien bilduma bat ere”: horrela dio Aldous Huxley idazleak erakusketari buruzko informazio dosierraren atarikoan. Betikoa ez den ikuspuntu batetik, inoiz gertatu beharko ez zukeen eta beste hainbatetan bezala protagonistatzat haurrak izan zituen pasarte bat azaltzen du erakusketak.

Irungo Udaleko Memoria Historikoko Zerbitzuak denbora darama Espainiako Gerra Zibilaren eta errepresio frankistaren gaineko memoria berreskuratu eta jendarteratzeko eta hari balioa emateko lanean. “Etxetik beste herrialde batzuetara babes bila joan behar izan zuten ‘gerrako haurrak’ errekonozitzeko eta behar bezala omentzeko antolatu dugu haur errepublikanoek egindako marrazkien erakusketa hau”, argitu dute Bulegoko kideek.

Kolpe militarraren aurreko urteetan, Errepublikako Gobernuak nabarmen handitu zuen langile klaseko haurrentzako udalekuen edo udako eskolen sistema, eta, haurrak eremu kritikoetatik ebakuatzeko, sare horretara jo zuen gero, gerra piztu zenean; bada, sare horretako haurrek egindakoak dira milaka marrazkietako gehienak.

Ostiral honetatik otsailaren 5era bitartean, erakusketari esker, lagin bat ikus daiteke Irunen, ordutegi honetan: asteartetik larunbatera bitartean, 18:00etatik 21:00etara, eta, igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude