Irun laguntza eta elkartasuna Ukrainara helarazteko antolatzen hasi da

 

Ukrainako gerrak muga guztiak gainditu ditu. Ukrainak Errusiako erasoei aurre egiten dien bitartean, gainontzeko herrialdeak nazioarteko laguntzaren kudeaketa egokia eta bidalketa bermatzeko buru-belarri ari dira lanean. Irun eta bertako herritarrak gatazkaren biktimei laguntzeko batu dira eta Ukrainara bidali nahi den laguntza antolatzeko lanean ari dira. Izan ere, elkartasunak ez du mugarik ezagutzen.

Ukrainako gatazka lehertu bezain laster, herrialdeak bizi duen egoera arintzen laguntzeko nazioarteko laguntza kudeatzeko beharra sortu da. Hasiera batean, Irungo Nafarroa hiribideko Slavianka denda hasi zen Ukrainarako laguntza kudeatzen. Martxoaren hasieratik ordea, Pentecostés parrokiako lokaletan jasotzen eta antolatzen da eskualdeko laguntza. Bestetik, 90eko hamarkadan Ukrainako haurrak Irunen hartu zituzten familiak berriro antolatzen hasi dira, Ukrainak bizi duen egoera larria dela eta. Horrela, Ukrainako herritarren sufrimendua arindu nahi duten beste familia eta kolektibo batzuekin bilera bat egin zen martxoaren 5ean Palmera Montero gunean.

Udal babesa
Bestetik, martxoaren 9ko eguerdiko 12:00etan Irungo San Juan plazan 5 minutuko iraupena izan zuen elkarretaratze isila egin zen. Elkarretaratzearen bidez Udal Gobernuak Ukrainako herriari babesa eta elkartasuna helarazi zion, EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteak eta FEMP Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioak deituriko ekitaldiaren bitartez.

Elkartasuna Ukrainara bidean
Pentecostés elizaren azpiko lokaletan pertsonen sarrera eta irteera etengabea da. Elikagaiez, sendagaiez eta jantziz beteriko kaxen joan-etorriak ere ez du etenik. Mugimendu jarraitu eta jende mordo horren erdian Olga Mrusmytska dago, ukrainar jatorriko boluntarioa. Minutu batzuez, bildutako material kutxak antolatzeari eta muntatzeari utzi dio, komunikabide honen galderei erantzun ahal izateko. Izan ere, Olga Mrumytskak adierazi duenez, irailean hasi ziren Belaskoeneako parrokiako lokalak atontzen, elizak laga arren, oso egoera txarrean baitzeuden instalakuntzak. Konponketa lanak egin ostean, egoitza berria ukrainar familien haurrei irakasteko edo ukraniar festak ospatzeko erabili nahi zen. Hasiera batean aisialdirako erabili nahi bazen ere, gerra hasi ondoren, eskualdeko laguntza koordinatzeko egoitza nagusi bihurtu da.

Horrela, Ukrainara bidaliko den laguntza Ukraina-Euskadi erakundearen bitartez kudeatzen da eta Belaskoeneako parrokiako egoitza elkarteari ematen zaion laguntza guztia kudeatzeko beste puntu bat besterik ez da. Irungo bizilagunen elkartasunari esker, dagoeneko Ukrainara bidean daude laguntza humanitarioz betetako lehen kamioiak. Olga Mrumytskak azaldu duenez, “kamioiak ordea ezin dira Ukraina erdialderaino iritsi, beraz, bidalitako kaxa guztiak Poloniako mugan uzten dituzte”. Poloniako mugan antolatzen eta banatzen da Ukrainarentzat bidalitako laguntza. Izan ere, gerran dagoen herrialdetik ihes egin berri duten ukrainar errefuxiatuak babesteaz gainera, Ukrainan egoerari eusten diotenei laguntza bidaltzeko bide berriak bilatzen dira. Irundik Mrumytskak azaldu du, “tropa errusiarrek aurrera egin ahala gero eta zailagoa da herrialde erdialdera iristea, beraz, laguntza bidaltzeko bide berriak bilatu behar dira”.

Hala ere, esku gehiago behar dira hainbeste elkartasun behar bezala kudeatzeko. Olga Mrumytskak kontatu du behin laguntza Poloniara iristen denean, kamioi, furgoneta eta bestelako garraiobideen bitartez heltzen den laguntza kopuru handiak sailkatzeko eta banatzeko eskuak falta direla. Polonia eta Ukraina arteko mugara iritsitako boluntarioak ahal duten moduan moldatzen dira elkartasuna kudeatzeko. Ukraina barruan, aldiz, Mrumytskak azaldu du zaildu egiten dela jasotako materialaren banaketa. “Egunetik egunera herrialdea hutsago dago, bertan dauden gehienak gau eta egun ari dira borrokan lehen lerroan, eta gainerakoak sotoetan ezkutatuta daude”, gehitu du Irunen bizi den ukrainarrak. Gainera, Olga Mrumytskak laguntza Ukrainaraino heltzearen garrantzia azpimarratu du: “oraindik Ukrainan jarraitzen dutenek esan didate azenario batengatik edo erremolatxa batengatik 10 euro eskatzen dizkietela zabalik dauden dendetan”.

Itxaropen hitzak
Poloniako mugan ez bezala, Irungo “biltegi inprobisatuan” ez da ez elkartasunik ez lanerako gogorik falta. Irun eta inguruko herrietako ukrainar komunitatea bertan elkartu da kaxak muntatu, goraino bete eta bidalketarako prest uzteko. Orain gerra eremutik urrun bizi badira ere, ukrainar komunitatearentzat ez da erraza izaten ari gerra urruntasunetik jarraitzea. Liliana Zahariuk 15 urte daramatza Irunen bizitzen, baina Ukrainako hego-mendebaldeko Chernivsti hirian jaio zen. Ukrainarrak ahots etenez onartu du, “ez da erraza gatazka distantziatik bizitzea, ezintasun handia sentitzen duzulako eta zaila delako zure senideak laguntzeko modua aurkitzea”. Ezintasunak bultzatuta, Liliana Zahariuk ukrainarra gogor ari da lanean Irundik bere herrialdeari laguntzeko, baina baieztatu du gerra eremuan lagunak eta familiako kideak dauzkazunean etsipena areagotu egiten dela.

Laguntza eskatzen eta biltzen jarraitzeko beharra noiz arte luzatuko den? Erantzunik gabeko galdera da eta gehienek lehenbailehen erantzun nahiko luketena. Liliana Zahariuk eta Olga Mrumytskak hitz berdinekin erantzun diote galderari: lehenbailehen, ahal dela oraintxe bertan. Izan ere, ezinezkoa da gerrak izango duen irismena edo iraupena kalkulatzea, baina argi dago gatazka zenbat eta lehenago amaitu, ukrainar herriaren sufrimendua lehenago amaituko dela. Bien bitartean, urrutitik bada ere, herritarrekiko elkartasuna eta babesa ziurtatuak daude.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude