Irun Ukraniara laguntza bidaltzeko antolatzen hasi da

Irungo Udalak Ukrainara laguntza materiala bidaltzeko eskariak jaso ditu, batik bat, Ukraina eta Euskadiren arteko Garapenerako Lankidetzako Elkarte Soziokulturalaren eskutik. Irungo Udaleko Erosketa eta Ekipamendu zerbitzuak bidalketa bat prestatu du herrialde horretara eramateko.

Aurreko astelehenean, otsailak 28, Udaleko langileek prestatutako lehen lotea entregatu zen. Mantentze-lanetako udal-brigadaren eta Udaltzaingoaren azken hilabeteetako jantzi zahar batzuk sartu dira (askotan garbitzeagatik higatuta daude, baina egoera onean daude). Oinetakoak ere bidali dira. Arropa bezalaxe, higatuta daude, baina erabil daitezke beste egoera batzuetan, hala nola uneotan Ukrainan bizi duten larrialdian. Horrelako kasuetan, kontuz ibiltzen dira hotzaren eta uraren kontrako oinetakoak bakarrik bidaltzeko.

Asteartean bigarren lote bat entregatuko dela aurreikusten da, udal-brigadako hotzetik babesteko jantziekin. Aurreko urteetakoak dira, baina erabilgarriak, edonola ere. Udalak, gainera, COVID-19a prebenitzeko materiala ere bidaliko du.

Donazio honek baditu aurrekariak: 2019ko urrian Udalak erabiltzen ez ziren 35 bota pare eta serie zaharretako 60 galtza bidali zituen Egeo itsasora Aita Mari itsasontzian Erosketa eta Ekipamenduen biltegitik, eta 2021eko azaroan Greziako errefuxiatuen kanpalekuak izan ziren oinetako lote baten hartzaileak, Zaporeak GKEaren bidez.

Irunen dohaintzak biltzeko puntua

Bestalde, Ukraniako eta Euskadiko Elkarteak Ukrainari ahal den neurrian laguntzeko eskatu die herritarrei. Horregatik, hainbat bilketa-gune prestatu dira, horietako bat Irungo Nafarroa etorbideko 13. zenbakian, Slavianka denda.

Elkartea artikulu hauek biltzen ari da:

– Oinarrizko artikuluak: higiene-produktuak, pixoihalak eta haurrentzako beste produktu batzuk.

– Hotzaren aurkako artikuluak: barruko arropa termikoa, neguko arropa, eskularruak, galtzerdi termikoak, lo-zakuak, gorputz-berogailua (Decathlon, adibidez), botila termoak, kanpin-labeak, metxeroak, pospoloak, elektrizitate-sorgailuak, kandelak, linternak eta pilak.

– Elikadura: latak, barratxo energetikoak, iraungitzen ez den edozein janari.
– Material osagarria: hesgailu esterilak, gaza esterilak, bata kirurgiko esterila, erabili eta botatzeko pixoihalak, pixoihal esteril xurgatzaileak, maskara kirurgikoak eta arnas babeserako maskarak.
– Paketatzeko paperezko kutxak.

Elkarteak diru-ekarpena egin nahi dutenentzako banku-kontu bat ireki du: ES16 2095 5001 00 91 1443 7029. Kontu horretara ekarpenak egiterakoan kontzeptuan dohaintza bat dela adierazi behar da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude