José Antonio Santano alkateak kargua utziko du gaur arratsaldean

Irungo Udalak premiazko osoko bilkura berezia egingo du gaur arratsaldean, 17:30ean, udalatxeko Areto Nagusian. Bertan, José Antonio Santano Irungo alkateak alkate-zinegotzi karguari uko egingo dio, Espainiako Gobernuko Ministro Kontseiluak Garraioko estatu-idazkari izendatu aurretik.

Osoko bilkura herritarrei irekita egongo da eta, ohi bezala, Udalaren webgunaren bitartez jarraitu ahal izango da.

Gaurko bilkuraren ondoren, eta 10 eguneko epean, bigarren osoko bilkura berezia deitu beharko da, Irungo Sozialisten taldean sartuko den zinegotzi berria karguaz jabetzeko eta Jose Antonio Santano alkatetzapean ordezkatuko duena izendatzeko.
BIOGRAFIA

José Antonio Santano Clavero 2002ko irailaren 10az geroztik izan da Irungo alkatea, orduan onetsi zuen-eta Udalbatzak haren izendapena. Ondoren, gehiengoa lortu du 2003, 2007, 2011, 2015, 2019 eta 2023ko udal-hauteskundeetan.

1983an zinegotzi izan zen Irungo Udalean, soilik 18 urte zituela, orduan Espainiako zinegotzi gazteena, eta 1988. urtera arte egon zen karguan. Arthur Andersen aholkularitza-enpresan bi urtez jardun zuen Auditore gisa eta Lege Aholkulari lanetan. Gero, jardun politikora itzuli zen, eta 1991n, Gazteria eta Kiroletako foru diputatuaren kargua hartu zuen. Hurrengo legegintzaldian, beste ardura-postu bat bete zuen Foru Aldundiaren barruan, Ekonomia eta Turismoko zuzendari izan baitzen.

1999tik 2002ra bitartean Irungo Udaleko lehen alkateordea izan zen, Lehendakaritza, Ekonomia eta Ogasun arloetan erantzukizunak zituen bitartean. Aldi horretan, Bidasoa Bizirik Tokiko Garapen Agentziako lehendakaria ere izan zen.
Gainera, 2002ko martxotik 2003ko maiatzera bitartean, PSE-EEko Zuzendaritzako idazkaritza nagusietako batean jardun zuen, Ekonomia eta Enplegukoan.

Gaur egun, PSE-EEko zuzendaritzako kide da.

Femp-eko Garraio, Mugikortasun Jasangarri eta Segurtasun Batzordeko lehendakaria eta EUDELeko lehendakariordea izan da hainbat agintalditan.

Ficoba Erakustazokako lehendakaria.

Euskal industria sustatzen duen Bidasoa Oarso Industrialdea sozietateko lehendakaria.

Irungo mugaz gaindiko logistika kudeatzen duen Zaisa sozietateko lehendakaria.

Txingudiko Zerbitzuetako lehendakaria. Sozietate horrek kudeatzen ditu uraren hornidura eta saneamendua, hiri-hondakinak eta asimilagarriak eta Irun eta Hondarribia udalerrietako kale-garbiketa.

Hiri adeitsuen defendatzailea izaki, duela 10 urte Hiria30 bultzatu zuen Irunen, eta, honetan aitzindari izateaz gain, lehenengo hiri-linea % 100 elektrikoa izan zuen hiriak. Egunero erabiltzen du garraio publikoa, eta oso bizikletazalea da.

José Antonio Santano 1965ean jaio zen Irunen (Gipuzkoa), San Miguel auzoan. Leka-Enea ikastetxe publikoan ikasi zuen, eta Pio Baroja Institutuan egin zuen batxilergoa. Zuzenbidean lizentziatua da EHUn. Ezkonduta dago eta bi seme-alaba ditu. Kirolzalea da, eta hiriko hainbat futbol-taldetan jokatu zuen, hala nola Dunboan, El Pinarren eta Real Unioneko gazte-maila aurreko taldean.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude