Iñaki Goikoetxeak eta Maialen Lópezek Hemen Gaude proiektuaren bizipenak kontatuko dituzte ostegunean Amaia KZn

Argazkia: Pazko uhartea, Txile
(Iturria: Hemen Gaude proiektua)

Ostegun honetan, hilak 30, “Zure abenturaren bila” programaren beste saio bat egingo da, 19:30ean, Amaia KZn, Irungo Udaleko Kultura Arloak antolatuta: “Hemen gaude. Hego Amerikako euskaldunon urratsetan” izenburupean, Iñaki Goikoetxea eta Maialen López irundarrek hiritik eramanarazi zuten auto batean Hego Ameriketan barrena egindako bidaian bizi izandako abentura eta desbenturak kontatuko dituzte.

Ekitaldia euskaraz izango da, eta aurkezpen batek eta saio amaierako solasaldi batek osatuko dute. Sarrera doakoa izango da, eta interesdunak aretoa bete arte sartu ahalko dira.

“Hemen Gaude. Hego Amerikako euskaldunon urratsetan”

Argentinatik Kolonbiaraino, Iñaki Goikoetxea eta Maialen López zazpi hilabete ibili ziren Hego Ameriketan barrena, Irundik haraino bidali zuten auto batean. Gaur, zazpi hilabete eta 33.000 km geroago, bueltan dira, saiora bertaratzen direnei kontinenteko lekurik entzutetsuenak ezagutarazteko eta elkarrizketen bidez euskal historia eta kulturarekin lotutako istorioak kontatzeko.

“Zure abenturaren bila”

Zure abenturaren bila” bidaia programa bat da, non gonbidatuek beren bizipen eta esperientziak eta, azken batean, bidaiatzeko zaletasuna kontatzen dituzten, abenturako irudien laguntzaz betiere. Programaren barruan, askotariko esperientziak kontatu dira, hala nola Antartikara egindako espedizioak, Lurreko mendirik garai eta zailenetara egindakoak eta askoz ere leku hurbilagoen gaineko proiekzioak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude