Irun Gabarrari areto-futboleko klubak bere lehen txapelketa egingo du abenduaren 22an eta 23an

Irun Gabarrari areto futboleko klubak bere lehen txapelketa antolatu du. Txapelketa abenduaren 22an eta 23an, ostiralean eta larunbatean, jokatuko da Irungo La Sallen. Areto-futboleko klubak txapelketan parte hartu ahal izateko bete beharreko baldintzen berri eman du.

Txapelketan 16 taldek parte hartuko dute guztira. Talde bakoitzak 7 eta 10 jokalarien artean izan beharko du, hau da, zelaian 4 jokalari eta atezaina arituko direlarik. Txapelketan parte hartu ahal izateko gutxienez 15 urte izan beharko dituzte jokalariek, areto-futboleko arauak ondo ezagutzeaz gain.

Txapelketan izena emateko 70 euro ordaindu beharko ditu talde bakoitzak. Izen ematea egiteko bide ezberdinak daude: irunfutsal@gmail.com helbide elektronikora idaztea, @irunfutsal Instagram kontura mezu bat bidaltzea edo klubaren webgunean izena ematea. Bestetik, izen ematea aurrez aurre egin nahi izanez gero, izen emate orria Irungo La Sallen bete ahalko da ostiraletan 20:00etatik 21:30era, Gummis dendan 10:00etatik 15:00etara eta Boga hamburgesategian 19:30etik 23:00era.

Txapelketaren antolaketa eta ordutegiak

Txapelketa abenduaren 22an, ostiralean hasiko da 16:00etan eta 21:00ak arte eta abenduaren 23an, larunbatean, 9:00etatik 14:00etara multzoen fasea jokatuko da. Larunbat arratsaldean, berriz, 16:00etatik 20:00etara txapelketaren azken fasea jokatuko da.

Sariak

Hainbat sari banatuko dira txapelketako parte-hartzaileen artean. Batetik, talde irabazleak, 100 euro, Irun Futsal taldearen entrenamenduetako kamiseta, areto-futboleko baloi ofiziala, bi pertsonentzako menuak, patatekin eta edariekin, Boga Burgerren, Gummis dendako litxarkeria konoa eta MTX Irunek emandako saria lortuko dituzte.

Talde txapeldunordeak, aldiz, Irun Futsal taldearen entrenamenduetako kamiseta, areto futboleko baloi ofiziala eta Gummis dendako litxarkeria konoa irabaziko ditu. Azkenik, txapelketako jokalari onenak eta gol gehien sartzen dituenak ere sariak izango dituzte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude