Bitamine elkarteak 15 urte bete ditu Bidasoan ikerketa, sorkuntza eta kultur bitartekaritza lanean, eta urteurren berezi hau ospatzeko “Ertzetatik: Habitar el margen” jardunaldi publikoa antolatu du. Bidasoan mugaz gaindiko espazio gisa sortu zenetik, elkarteak zubiak eraiki ditu artisten, erakundeen eta komunitateen artean, bere sarea Atlantikoaz bestaldera ere zabalduz. Ospakizun honek marjina metodo gisa bizitzea proposatzen du, instalazioak, artxiboak eta performanceak uztartuz.
Jardunaldia ekainaren 5ean, ostirala, izango da Irungo CBA kulturgunean, 16:00etatik 21:00etara. Sarrera doakoa izango da eta arratsalde osoan zehar Raquel Meyersen instalazioa, artxibo ikus-entzunezkoa eta espazio editoriala egongo dira ikusgai.
16:00etatik 18:30era Blanca Sotosek (marcablanca Press) eta Ramón Mateosek (Nadie Nunca Nada No) “Praktika artistiko desplazatuak” hitzaldi-tailerra emango dute, izen-ematearekin. 18:30etik 19:30era “Ikerketa eta sorkuntza prozesuen edizioa” izeneko saioan, María José Noain Maura, Sergio Pérez Berasategi eta Helga Massetani Piemonteren eskutik.
19:30etik 20:15era Teknologia zaharkituei buruzko elkarrizketa Raquel Meyers eta Aleli Mirelmanen artean. 20:15etik 21:00era Laura Samek eta Fran Doussourdek “Ahozko partitura” performancea eskainiko dute. Egunari amaiera emateko, 21:00etan festa bat egingo da Oiasso Museoko The Museum Food & Drinks gunean. Ekitaldi honen bidez, Bitaminek pertsona askoren konpromisoarekin eta zaintzarekin eraikitako komunitatea eta kultur proiektu baten iraupena partekatu nahi ditu herritarrekin.



