Julen Goikoetxea, Mundo Hobbit YouTube kanaleko sortzailea: “Niretzat natura dena da eta zaintzen ikasi behar dugu”

Julen Goikoetxeak “Mundo Hobbit” izeneko kanala ireki zuen 2019ko urtarrilean Youtube plataforman. Orain dela 10 hilabete ordea bideoak partekatzen hasi zen eta 550 jarraitzaile baino gehiago dauzka. Bere nahia plataforman partekatutako edukiaren bitartez baratza eta baserri mundua ikusleei hurbiltzea da. Julen Goikoetxeak Hobbit proiektuaren asmoez eta etorkizunaz hitz egin du.

Nolatan erabaki zenuen proiektua martxan jartzea?
Hazitegia egiten hasi nintzen eta lagun batek etxean egiten nituen gauzak kontatzeko ideia eman zidan. Horrela erabaki nuen prozesu guzti hau grabatzen hastea jendeari kontatzeko horrelako espazio batean zer egin daitekeen. Proiektua hasi eta aurrera jarraitu zuen eta pixkanaka gauzak egiten ari gara.

Aurretik bideoak grabatu edo editatzeko ohiturarik zenuen?
Beno, egia esan, ez nuen gai hauen inguruko ideia askorik. Pixkanaka gauzak probatzen hasi naiz eta baita gauza berriak ikasten proiektuak aurrera egin dezan.

Zergatik erabaki zenuen zure Youtubeko kanalari “Mundo Hobbit” izena ipintzea?
Iruditu zitzaidan izen aproposa zela leku ezberdin batean bizi naizelako eta edukiaren parte handi bat bertan grabatzen dudalako. “Hobbit” izaerako eskualde ezberdin batean bizi garela uste dut eta ideia hori hartuta gauzak egiten hastea erabaki nuen.

Zergatik errepikatzen duzu zure bideoen hasieran “Mundo Hobbit, un mundo mejor” esaldia?
Mundu bakarra dugunez esaldi horren bitartez helarazi nahi dut gure esku dagoela mundu hori konpontzea eta bizileku hobea bihurtzea. Izan ere, munduari gauzak eman beharrean, uste dut soilik baliabideak kentzen eta suntsitzen dizkiogula. Beraz, lehengo belaunaldien bizimodua berreskuratu nahiko nuke. Egun bestelako baloreak dauzkagu, baina nik balore zaharrak berreskuratu nahiko nituzke.

Zure edukia bizi estilo berri bat islatzera bideratua dago?
Bai, hemen apur bat bakartuta bizi naiz, herritik urrutiegi ez nagoen arren, nire munduan isolatuta bizi naizela esan dezaket. Uste dut bakardade hori aprobetxatuz horrelako inguru batean gauza asko egin daitezkeela eta zorte handia dut horrelako eremu batean bizitzeko aukera izateaz. Baratzean oso zoriontsua naiz.

Zer motatako edukia topatuko du jendeak zure kanalean?
Denetarik igotzen dut bertan. Hazitegiaren eraikuntza prozesuarekin hasi nintzen, gero hainbat baratze kontu erakusten joan naiz horrelako bizimodua izatea nolakoa den partekatzeko. Bizimolde oso aberatsa da eta ez nuke nahi galtzerik. Izan ere, nik erakusten ditudan gauzak beste jende askok ere edozein egunetan egin ditzakeenak dira, baina ez dakien horri berak ere nolako gauzak egin ditzakeen erakutsi nahi diot.

Erraza da jendearentzat interesgarria izan daitekeen edukia sortzea?
Nik dakidan guztia kontatzen ahalegintzen naiz. Txikitatik horrelako gauzak gustatu izan zaizkit, baina gero urte batzuez kaletarragoa izan nintzen. Etxe hau erostea erabaki nuenean bizilagunek baratzera gonbidatu ninduten eta asko gustatzen zaidala deskubritu dut.

Uste duzu egun oraindik gazteriak baratzarekiko edo baserriarekiko interesa duela?
Egia esan, inguruan ez da interes askorik nabaritzen, baina ikusten dut baratzean dabilen jendea ingurukoei erakusten edo lagunak baratzea egitera animatzen saiatzen dela. Niretzat natura dena da eta zaintzen ikasi behar dugu.

Urtaro bakoitzeko edo sasoiko produktuak lantzen ikastea garrantzitsua da?
Bai, hori da. Gainera, nik sortutako edukia eguneroko bat izan daitekeela uste dut, horrela hurrengo urtean aurrekoan gauzak nola egin ditudan ikusteko aukera izango baitut. Beraz, gauzak non landatu ditudan ikusi ahalko dut eta baratzearen bilakaerak bertan egin beharreko aldaketak erakutsiko dizkit.

Esaterako, orain otsaila hasieran zer aurkitu dezakegu baratzean?
Orain ilarra jartzeko garaia da eta hori erakutsiko dut nire hurrengo bideoetan. Neguan landatzen den gauza gutxietako bat da, neguan baratzean ez baitago mugimendu handirik. Aldiz, udaberria iristen denean eginbeharrak metatuko zaizkigu.

Jendea gehien erakartzen duen edukia identifikatu ahal izan duzu?
Bai, ohiko edukiaz gainera, atal bereziak egiten ahalegintzen naiz, horrela, eguneroko gauzak kontatzeaz gain, eduki ezberdina sortzeko aukera ematen didalako. Beraz, atal berezi horien bitartez gure hiriari buruzko dokumental txikiak egiten hasi nintzen.

Proiektu honi esker gauza berriak ikasteko motibazioa duzu?
Bai, noski, izan ere, bertan egiten dudan guztia berria da niretzat. Bi urte daramatzat baratzea egiten eta bi urte hauetan gauza asko eta asko ikasi ditut. Bakardadean naturarekin harreman etengabean zaude eta jateko baliabide berriak lortzen ikasten duzu.

Etorkizunerako zer beste ideia dauzkazu buruan?
Udaberria iristen denean baratzeari buruzko gauza gehiago ikasten jarraitu nahi dut. Bideoak grabatzerako orduan ere hobetzea gustatuko litzaidake, adibidez, plano hobeak hartzen ikasteko. Biziraupenaren esperientzia errepikatzeko asmoa dut eta bideo berezi gehiago sortzen jarraitu nahiko nuke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude