Hirubideko ikasleak Nimesen izan dira Eramus+ programari esker

Hirubideko ikastetxeko ikasle talde bat Nimesen izan zen azaro amaieran Erasmus+ programaren barruan. Horrela, beste ikastetxe bateko ikasleak ezagutzeko aukera izan dute. Kasu honetan, zine ikasleak zirenez, Hirubideko ikasleek elkarrizketak egin eta bideoz grabatu dituzte. Irungo ikastetxeko ikasleek eskolaren webgunean partekatu dute beren esperientziaren egunerokoa. Markel Moratinos eta Etna Santosek proiektuaren barruan zer egin duten azaldu digute.

Zer egin duzue Nimesera egin duzuen bidaian?

Markel: Nimesera joan ginen proiektu bat egitera eta bertako eskola bateko ikasleekin elkartu ginen zinemari buruzko proiektu bat egiteko.

Etna: Proiektuaren barruan elkarrizketa batzuk grabatu genituen. Grabatutako elkarrizketak programa bat erabiliz editatu ditugu gero.

Nola eman zizueten irakasleek proiektuaren berri?

Markel: Lehenik eta behin laugarren mailako ikasle batzuei proiektuan parte hartzeko aukera eskaini ziguten. Gero, gauzak zehazteko bilera batzuk egin ziren. Proiektuaren zati handiena Hirubideko ikasleek egin dugu eta, egia esan, guretzat opari handi bat izan da.

Etna: Ikasleak aukeratzeko orduan zenbait irizpide hartu zituzten kontuan, horien artean, gure ingeles maila edo jarrera.

Zer gauza prestatu behar izan zenituzten bidaiara joan aurretik?

Etna: Galdera batzuk prestatu genituen hango ikasleei egiteko eta elkarrizketetan galdera horiek egin genizkien.

Zer egin duzue han egon zareten egunetan zehar?

Markel: Lana egiteaz gainera, turismo kulturala egiteko aukera ere izan dugu. Adibidez, Nimeseko koliseoa bisitatu genuen, foroa eta Nimeseko beste hainbat monumentu. Gauza asko egiteko eta ikusteko denbora izan dugu: lan egin, familiarentzako opariak erosi, etab.

“Lana egiteaz gainera, turismo kulturala egiteko aukera ere izan dugu”

Markel Moratinos, Hirubideko ikaslea

Nola moldatu zarete Nimeseko ikasleekin?

Etna: Hango ikasleak oso jatorrak izan dira gurekin eta erraza izan da beraiekin hitz egitea. Ingelesarekin zailtasun batzuk izan ditugun arren, orokorrean ondo moldatu gara.

Markel: Gainera, askok ahalegin handia egin dute gaztelaniaz hitz egiteko eta egia esan, oso harrera ona egin digute.

Zer gaiez hitz egin duzue haiekin grabatutako elkarrizketetan?

Etna: Elkarrizketak zinemari buruzkoak izan dira. Adibidez, beraien zuzendari, aktore eta pelikula gogokoena zein den galdetu genien. Era berean, zinema ikastea zergatik aukeratu duten ere galdetu genien. Beraz, era horretako galderak egin dizkiegu.

Nola moldatu zarete ingelesarekin?

Markel: Egia esan, oso ondo. Proiektuan parte hartu genuen gehienok ingeles maila ona dugu eta ondo moldatu gara ingelesez komunikatzeko.

Normalean eskolan egiten ez dituzuen gauzak egin behar izan dituzue?

Markel: Elkarrizketa gehienak kamera bat eta mikrofono bat erabiliz grabatu genituen. Noski, hori ez da normalean eskolan egiten dugun gauzetako bat, beraz, guretzat ere zerbait berezia izan da.

Etna: Hor ere izan dugu arazoren bat edo beste.

Zer egingo duzue grabatutako edukiarekin?

Markel: Grabatutakoa han bertan editatu genuen. Erasmus+ proiektuaren barnean egindako zerbait denez, proiektuaren emaitza Europara bidali behar dugu. Hortik aurrera egindako bideoarekin zer egin daitekeen ikusiko dugu.

Galdetu al dizuete gainontzeko ikaskideek bidaiari buruz?

Etna: Bidaiaren esperientzia nolakoa izan den galdetu digute gure itzuleran. Zer egin dugun eta nola pasatu dugun galdetu digute.

Markel: Galdera horiek guztiak modu informalean egin dizkigute, eskolan ez baitugu egin gure esperientzia azaltzeko ekitaldi edo ekintzarik.

Eskolatik kanpo horrelako proiektu batean parte hartu ahal izatea gustatu zaizue?

Markel: Bai oso esperientzia polita izan da eta gainera gauzak ikasteko aukera izan dugu horri esker. Gainera, bestelako zailtasunik gabe horrelako proiektu batean parte hartzeko aukera eskertzekoa da. Horrez gain, normalean eskolan egiten ez ditugun gauzekin alderatua oso ezberdina izan da, beraz, oso polita izan da.

“Niri beste ikasleak ezagutzea eta beraiekin batera lan egiteko aukera izatea izan da gehien gustatu zaidana”

Etna Santos, Hirubideko ikaslea

Zer izan da gehien gustatu zaizuena?

Etna: Niri beste ikasleak ezagutzea eta beraiekin batera lan egiteko aukera izatea izan da gehien gustatu zaidana.

Markel: Niri asko gustatu zait bidaian zehar gauza ezberdinak egin ditugula, hau da, bidaiak denetarik izan duela, batzuetan eskolan egon garelako baina baita turismoa egiteko aukera eman digutelako, orduan ekintzen aniztasun hori asko gustatu zait.

Ikaskideei horrelako esperientzia batean parte hartzea gomendatuko zeniekete?

Etna eta Markel: Bai, dudarik gabe.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude