Gaur, Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Egunaren Bezperan, Irungo bigarren hezkuntzako ikastetxe publikoek indarrak batu dituzte. Eguerdiko 12:00etan Zabaltza plazan elkartu dira ikasketa zentro horietako ikasleak eta irakasleak.
Azaroaren 25aren bezperan ikastetxe parte-hartzaileetako ordezkariek manifestua irakurri dute Zabaltza plazako kioskoan mikrofonoaren aurrean. Jarraian, Izaro artistaren “Libre” abestia entzuten zen bitartean, ikastetxeek egindako pankartetan esku moreak itsatsi dituzte, indarkeria matxistaren aurkako mezuekin.
Ekitaldian Pio Baroja, Plaiaundi, Txingudi, Hirubide, Toki Alai eta Eguzkitzako ikasle eta irakasleek parte hartu dute. Era berean, parte-hartzaileez gain, Irungo Udalaren, Irungo Emakumeen Etxearen eta elkarte feministen babesa eskertu dute. Horrela, azaroaren 25a, Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Eguna, ospakizun eguna baino, aldarrikapenerako eguna dela gogoratu dute.