Orain arte udako merkealdiak Euskadin uztailaren 1etik aurrera hasten ziren, merkealdi garaiaren hasiera eta amaiera Autonomia Erkidego bakoitzak zehazten zituelarik. Legearen arabera, merkealdien iraupen minimoa aste batekoa eta gehienez bi hilabeteetakoa izan behar da eta dendak produktuen erdien prezioa gutxienez jaistera beharturik daude.
2012 urtean, berriz, Gobernuak merkealdien arautegian aldaketa bat ezarri zuen eta 20/2012 errege-drekretuaren bitartez merkealdien inguruko mugak ezabatu ziren. Honela, dendek salmenta ordutegi askatasuna eta merkealdiak eta deskontuak edonoiz egiteko aukera eskuratu zuten. Hala ere, Euskadiko denden gehiengoak data horretara arte erabilitako merkealdi-daten hasiera erabiltzen jarraitu du: neguko merkealdien hasiera urtarrilaren 7an eta udako merkealdiak uztailaren 1ean.
Merkealdiak betidanik erosketak burutzeko garai aproposa izan dira, zentzu komuneko jarraibide batzuk kontutan hartuz gero: Zentzuzko aurrekontu bat finkatzea, erosketa zerrenda bat egitea, deskontuaren zenbatekoa eta produktuaren kalitateaz ziurtatzea.
Merkealdietan erosketa probetxugarria egiteko aholkuak
Merkealdi garai behar den bezala aprobetxatzeko lehen aholkua gehienezko aurrekontu bat zehaztea da, erosi beharreko produktuekin zerrenda bat osatzeaz gainera. Orokorrean, merkealdiak prezioaren jaitsierarekin loturik daude, ez kalitatearen murrizketarekin, beraz, aurretiaz dendan salgai egondako produktuak izan beharko lirateke, hondatu gabeak.
– Etiketak ondo begiratu, prezio bikoitza: Kartel erraldoietan iragartzen diren deskontu handiak beti ez dira dendako produktu guztietan aplikatzen. Horregatik, interesatzen zaigun produktuaren etiketa ondo begiratu behar dugu prezio zaharra eta berria edo beherapenaren zenbatekoa ondo ikusteko. Ziurtatu gaur egungo artikulu bat dela. Ehungintzazko produktuetan neurria, konposaketa eta garbiketa eta lisatzeko aholkuak agertu behar dira.
– Kreditu-txartelaren bidezko ordainketa ziurtatu: Kreditu edo zordunketa txartelaren bitartez ordaintzeko asmoa izanez gero, diru-muga zentzuzko bat ezarri behar dugu horretara egokitzeko, izan ere, txartelarekin ordaintzerakoan egiten ari garen gastuaz ohartzea zailagoa da. Merkealdi garaian dendek txartel bidezko ordainketa ez onartzeko aukera dutela jakitea komenigarria da, nahiz eta arau horretaz era ikusgai batean ohartzea beharrezkoa den.
– Kalitatea egiaztatu: Merkealdietan saltzen diren artikuluen kalitatea ona izan behar da eta, gutxienez, salmenta arruntean egondako artikuluak izan behar dira merkealdien aurretik gutxienez hilabete bateko epean. Akatsak dauzkaten produktuak salgai-hondar edo likidazioetan saldu ahalko dira soilik, ez merkealdietan. Hala ere, artikulua erosi aurretik ondo aztertzea komenigarria da.
– Garantia murrizketarik ez onartzea: Berme Legeak ez ditu oporrak hartzen merkealdi garaian. Data honetan produktu berriek bi urteetako bermea dute eta bigarren eskukoek, berriz, urte batekoa. idatziz edo iraupen luzeko euskarri batean garantia zehaztea ezinbestekoa da iraupen luzeko produktuen kasuan (etxetresna elektrikoak, erremintak, altzariak, jostailuak, instrumentuak, …).
– Erosketa ticketa edo ziurtagiria gordetzea: Erosketa ziurtagiriak gorde, bakoitzari dagozkion zergekin. Akastun produktu edo behar bezala ez dabiltzan produktuen kasuan erabili ahalko dira erreklamazio bat egin ahal izateko.
– Produktuak aldatu edo itzultzeko aukerarengatik galdetu: Bai merkealdietan zein gainontzeko egunetan, dendak artikulua aldatu edo dirua bueltatzera beharturik egongo da produktuak akatsen bat duenean edo dendak produktua itzuli edo aldatzeko aukera iragartzen badu kontsumitzailearen aldetik inolako justifikaziorik beharrezkoa izan gabe. Etxez etxe edo distantziara egindako salmenten kasuan kontsumitzaileak erosketa batean atzera egiteko aukera izango du soilik, produktua itzuli eta dirua berreskuratuz, justifikaziorik gabe eta 14 egun naturaletako epean. Edozein kasuan, produktu bat eskuratu aurretik artikulua aldatu edo itzultzeko aukerarengatik galdetzea gomendatzen da, nahiz eta produktua egoera onean egon, denda batzuek aukera hori ematen dutelako.
Merkealdi, likidazio eta salgai-hondarren salmenten arteko desberdintasunak
Legeak hiru aukera hauek ondo bereizten ditu:
Salgai-hondarren salmenta
Merkatuko balioa galdu duten produktuak, kaltetu edo zaharkiturik egoteagatik, betiere kontsumitzailearentzako arriskurik suposatzen ez dutenean. Direna bezala iragarri behar dira eta saltzailearen eskuetan egon behar dira gutxienez 6 hilabete lehenago.
Likidazioak
Salbuespenezko izaera duen, erabaki judizial batetik sorturikoak, jardueraren etetea, adarra edo lokalaren aldaketa, obra, … eta helburua lokalean aurkitzen diren produktu guztiei irteera bat ematea da. Artikuluak aurretiaz salgai egon behar dira edo prozesuaren gehienezko iraupena gehienez 6 hilabetetakoa izan behar da. Partziala edo erabatekoa izan daiteke.
Merkealdiak
Urtaro edo denboraldi aldaketarengatik prezioan beherapenak dauzkaten produktuak dira. Merkealdietan eskaintzen diren produktu guztiak aurretiaz dendan salgai egondakoak izan behar dira eta ezin dira hondaturik egon. Dendak gutxienez produktuen erdian beherapenak izan behar ditu. Merkealdietarako bereziki ekoiztutako produktuen salmenta debekaturik dago.