Tabakoa da minbizia eragiten duen arrisku faktore handienetako bat. Izan ere, hiru minbizi kasutatik bat tabakoarekin dago lotuta. Horregatik, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak erretzeari uzteko tailerrak eskaintzen ditu. Gipuzkoako beste hainbat herritan bezala, Irunen ere aurrez aurreko tailerrak antolatzen dituzte. Hain zuzen ere, Ane Balenciaga prebentzio psikologoak gidatzen ditu elkartearen Irungo egoitzan egiten diren tailerrak.
Ane Balenciagak azaldu duenez, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartean erretzeari uzteko antolatutako interbentzioetan parte hartzeko hainbat bide daude, hau da, terapia saioak aurrez aurre edo online egiteko aukera. Aurrez aurreko saioak elkarteak Irungo Foru kaleko 4. zenbakian duen egoitzan egiten dira. Era berean, saioak banaka edo taldean egiteko aukera ematen da. Ane Balenciagak azaldu duenez, “terapia taldean egiten bada era batera jokatzen dugu eta banaka egiten denean, berriz, bestera”. Taldeak 6 eta 8 pertsona artekoak izan ohi dira. “Helburua ahalik eta talde gehien sortzea da”, gaineratu du prebentzio psikologoak. Horretaz guztiaz gain, erretzeari uzteko bidean daudenek RespirApp aplikazioa erabil dezakete, beren prozesuaren kontrola eramateko.
“Gure interbentzioek % 60ko arrakasta tasa izan ohi dute”
Ane Balenciaga, prebentzio psikologoa Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartean
Elkartean 40 urteko esperientzia dute tabakoarekiko menpekotasunaren tratamenduan. Irungo prebentzio psikologoak azaldu duenez, lehenik eta behin elkarrizketa bat egiten dute erretzeari utzi nahi dioten pertsona horiekin. “Elkarrizketaren arabera erabakitzen dugu ea hobe den lanketa taldean egitea edo bakarkako saioak egitea eraginkorragoa izango ote den”, adierazi du Balenciagak. Behin terapiarekin hasten direnean, jendeak proiektuan aurrera egiteko fundamentu nahikoa duen ikusten da. Ane Balenciagaren hitzetan, “zuzeneko interbentzioak dira, ordubete inguruko saioetan, eta nirekin jarduten dira horietan”.
Irungo egoitzaren kasuan, terapia saio indibidualak astearte, ostegun eta ostiraletan egin ohi dituzte, goizetan. Taldea sortzekotan, berriz, ostegunetan egingo lirateke saioak, goizeko 11:00etan. “Erretzeari uzteko terapia guztiak goizetan izaten dira Irungo egoitzan”, azaldu du Ane Balenciagak. Taldeka egiten diren interbentzioek ordubete inguruko iraupena izaten dute eta bakarkakoak berriz, apur bat laburragoak izan ohi dira. “Guztira 9 saio izaten dira eta interbentzioak astero egiten dira”, azaldu du Balenciagak. Behin prozesua amaituta, jarraipena egiteko 3 saio ere eskaintzen dira. “Erretzeari uzteko eskura ditugun erraztasun guztiak eskaintzen ahalegintzen gara”, aipatu du Ane Balenciagak.
Zaila bai, ez ezinezkoa
Terapiara batzen diren erretzaileei konpromisoa da eskatzen zaien gauza bakarra. “Hasieratik zaila izango den prozesu bat hasiko dutela azaltzen diegu, baina ezinezkoa ez dela ere azpimarratzen diegu”, nabarmendu du tabakismoan aditua den psikologoak. Horrela, elkartetik baliabideak emateaz gainera, prozesuan aurrera egiteko babesa eta animoak ematen dizkiete. “Edozeinek behar dezakeen laguntza emateko prest gaituzte”, azaldu du Balenciagak.
Kasu gehienetan, erretzeari uztea ez da goizetik gauera lortzen den zerbait. Are gehiago, Ane Baenciagak azaldu duenez, bide luzea izango dela ikusita, “terapian parte hartzeko sasoian eta gogotsu egotea funtsezkoa da”. Prebentzio psikologoak adierazi duenez, erretzeari utzi nahi dion pertsonaren inguru sozialak ere paper handia jokatzen du, prozesuan laguntzen badute dena “askoz errazagoa” izango baita. “Gure interbentzioek % 60ko arrakasta tasa izan ohi dute”, azaldu du Ane Balenciagak. Beraz, nahiz eta talde osoak erretzeari ez utzi, pertsona bakar batek bere helburua lortzen badu jada asko da”, azpimarratu du Irungo egoitzan zerbitzua ematen duen prebentzio psikologoak.
Urtero 8 milioi baino gehiago dira mundu osoan tabakoaren erruz hiltzen diren pertsonak. “Oso menpekotasun indartsua da eta gainera, segituan sortzen da menpekotasuna”, azaldu du Ane Balenciaga. Tabakismoan aditua denez, kezkatuta azaldu da Ane Balenciaga, menpekotasuna geroz eta adin txikiagoko jendearengana zabaltzen ari dela ikusten dutelako. “Minbiziaren Aurkako Gipuzkoan elkartean asko kezkatzen gaituen gaia da, eta beraz, adikzio hori desagerrarazteko egin dezakegun guztia egiteko prest gaude”, gaineratu du Balenciagak.
“Beraz, erretzea gaixotasun askoren atzean dagoela ikusi da”
Ane Balenciaga, prebentzio psikologoa Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartean
Gainera, tabakoak 16 minbizi mota sortu ditzakeela ikusi da, batez ere, eztarri inguruan kokatutako organoetan. Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak emandako datuen arabera, tabakoak eragiten ditu biriketako eta laringeko minbizi kasuen % 80a baino gehiago. Horretaz gain, bestelako gaixotasunak ere eragiten ditu, adibidez, bihotzeko arazoak. Eta ez bakarrik erretzaileak diren pertsonengan, baita horien inguruan daudenen artean ere. Adibidez, haurrengan bronkitisa edo otitisa ere eragin ditzake. “Beraz, erretzea gaixotasun askoren atzean dagoela ikusi da”. Are gehiago, etxeko animaliek ere tabakoaren albo kalteak jasan ditzaketela egiaztatu da. “Pertsona erretzaileekin bizi diren etxeko maskota askok minbizia izateko aukera bikoitzak dituzte”, erantsi du Ane Balenciagak.
Zailtasunetan bidelagun

Bestetik, Terapia hauetan parte hartzen duen jendea askotarikoa dela azaldu du Ane Balenciagak. “Erabiltzaileen artean badira paziente onkologikoak direnak, baina badira ere gaixotasun hori ez dutenak”, azaldu du Balenciagak. Dena den, terapia saio hauetan parte hartu ahal izateko erretzailea adin nagusikoa izan behar dela gaineratu du Irungo prebentzio psikologoak. “Oraindik gazteekin zuzeneko interbentziorik egin ez arren, eskoletan tabakoaren gaia lantzen dugu haiekin”, gaineratu du Ane Balenciagak.
Aitzakia guztiak albo batera geratu daitezen, elkartean erretzeari uzteko terapiak guztiz doakoak dira. “Askotan jendeak ez gaitu guztiz sinesten, baina guk zerbitzua doan ematen dugula esaten dugunean hala da”, azaldu du Ane Balenciagak. Gainera, saioak kasu bakoitzaren arabera pertsonalizatzen dira. Urte hasieran edo udako oporraldien ondoren, helburu errepikakorra izan ohi da tabakoa uztea. Horregatik, mendekotasuna gainditzea erabaki dutenek edo oraindik zalantzaren bat dutenek, zuzenean elkarteak Irunen duen egoitzara hurbildu edo 943 45 77 22 telefono zenbakira deitzeko aukera dute.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.



