Familia Ola eta Haurrak Parkean egitasmoek aire zabalean euskara sustatzeko ekintzak proposatzen dituzte

Irungo Udalak urteak daramatza Familia Ola eta Haurrak Parkean egitasmoen bitartez aire zabalean euskararen erabilera sustatzeko ekintzak proposatzen. Aire zabalean ekintzak eginez, familia giroan euskararen transmisioa bultzatzea da egitasmo hauen helburua.  Jon Ugarte, Irungo Udaleko Euskararen Erabilera Sustatzeko eta Normalizatzeko Zerbitzuko ordezkariak, programa horien barnean datozen hilabeteetan egingo diren doako jarduera-multzoa aurkeztu du gaur Almudena Grandes plazatxoan. Ordezkariarekin batera, Maria Viñasek ere parte hartu du prentsaurrekoan, bi programak kudeatzen dituen HEZTEN enpresaren ordezkari gisa.

Irungo Udaletik euskararen erabilera eskoletatik kanpo hedatu nahi dutela azaldu du Jon Ugarte Euskara Zerbitzuko ordezkariak. “Horrela, Familia Ola eta Haurrak Parkean ekimenek aukera emango diete guraso eta haurrei, familian denboraz gozatzeko, aire zabalean eta euskaraz egingo diren jardueren bitartez”, adierazi du Jon Ugartek.

Familia Ola

Familia Ola ekimena, 2-8 urte bitarteko seme alabak dituzten familiei zuzenduta dago eta euskararen erabilera normalizatu nahi du, leku klasikoago eta formalagoetatik kanpo, hala nola eskolatik kanpo. Familia euskaldunei edo euskararen erabilera sustatu nahi dutenei zuzendutako aisialdirako jarduerak proposatzen ditu. Oraingoan hiru txanda eskainiko dira.

Azaroko txandan proposatuko diren jardueretan parte hartzeko, urriaren 21etik 25era egin beharko da izen ematea.

  • Txotxongilo kontakizun tailerra: Azaroaren 12an eta 14an. 17.30etik 19.00etara  familiek “Basoa” izeneko txotxongilo erakustaldiaz gozatzeko aukera izango dute, basoan bizi diren izaki magikoak ezagutuz.
  • Yoga tailerra: Azaroaren 19an eta 21ean  17:30etik 19:00etara familiek yogaz gozatzeko aukera izango dute, ariketa fisikoa, mentala eta emozionala landuz.
  • Irteera: Ekintza oraindik zehazteko dagoen arren, azaroaren 23an egingo da, goizez-

Familiek tailer gehiagoz gozatzeko aukera izango dute datorren urteko otsaila eta maiatzean. Aurrerago zehaztuko da horren inguruko informazioa.

Haurrak Parkean

Haurrak Parkean programak Irungo familientzako baliabideak jartzen dituela hiriko auzoetan eta jolasguneetan euskaraz jolasteko. Joaten diren haurren adinaren arabera, bi talde eratzen dira. Alde batetik, 3-5 urteko haurrekin eta haien zaintzaileekin jolasak egiten dira, familiako hizkuntza-transmisioa eta denbora librea konbinatuz. Bestetik, 6 urtetik 9ra bitarteko umeekin, ordea, lagunen artean egingo da jarduera, bi hezitzaile bertan direla.

Urriaren 2an, 9an, 16an eta 23an, asteazkenetan, Partxis parkean eta Nagore Laffage parkean egingo da. Zabu Zibu, 3-5 urte bitarteko haurrentzat, 17:00etan. Txirrintxon, 6-9 urte bitarteko haurrentzat, 18.00etan.

Urriaren 4an, 11n, 18an eta 25ean, ostiralean, berriz, Almudena Grandes plazatxoan eta Arbiun plazan egingo dira Haurrak parkean programako ekintzak. Aurrekoan bezala, Zabu Zibu jolasetan parte hartu ahalko dute 3 eta 5 urte bitarteko haurrak 17:00etan eta Txirrintxon jolasak 6 eta 9 urte bitarteko haurrentzat izango dira 18:00etatik aurrera.

Familia Ola zein Haurrak Parkean egitasmoen baitan antolatutako ekintza guztiak euskara hutsean izango dira. Euskara Arlotik gogorarazi nahi dute, nahiz eta euskara jakitea nahitezkoa ez den, izena ematean jardueran zehar jarrera parte- hartzailea izateko konpromisoa hartu behar dutela gurasoek zein seme-alabek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude