«Familia Ola» eta «Haurrak Parkean» egitasmoek aisialdiaz euskaraz eta familian gozatzeko aukera emango dute

“Familia Ola” eta “Haurrak Parkean” ekimenek jarduera programa oparoarekin abiatuko dute urtea. Irungo Udaleko Euskara Arloak antolatutako egitasmo hauek Irungo familiei aisialdiaz euskaraz gozatzeko aukera ematen diete. Horrela, aire zabalean euskaraz hainbat jarduera antolatuz, bi ekimen hauek hizkuntzaren transmisioa sustatu nahi dute familia-esparruaren barruan.

“Familia Ola”

Familia Ola programak euskararen erabilera normalizatu nahi du leku klasikoago eta formalagoetatik kanpo.  Hala nola eskolatik kanpo, familia euskaldunei edo euskararen erabilera sustatu nahi dutenei zuzendutako aisialdirako jardueren bidez.

Guztira, hiru ekintza programatu dira “Familia Ola” programaren barruan datozen hilabeteetarako. Otsailaren 27an eta 29an sukaldaritza tailerrak egingo dira arratsaldeko 17:30etik 19:00etara.Tailerrean parte hartzen duten familiek merienda goxo eta osasungarri bat prestatzen ikasiko dute, gustu fin-fina dutenak ere txoratuko dituena.

Martxoaren 2an Larreta baserrira irteera egingo da. Orendainen dago Larreta baserria, Gipuzkoan bertan, eta bisitan parte hartzen dutenek euskal baserri giroa eta baserritar lana ezagutuko dituzte. Gainera, baserritarrekin batera, esnekiak egiten ikasiko dute, hala nola gazta.

Azkenik, martxoaren 5ean eta 7an ipuin kontaketa egingo da arratsaldeko 17:30etik 19:00etara. Ekintza honen bitartez irakurzaletasuna sustatzeaz gain, ipuin kontalarien saioetan, haurrek zein helduek beren irudimen eta sormena garatu ahalko dituzte.

Aurretik aipatutako proposamenetako baten batean parte hartu nahi duten familiek otsailaren 9ra arte eman ahalko dute izena, Udalaren webgunearen bidez. Horretarako, Irunen erroldatuta egotea edo, haurrak Irungo ikastetxe batean matrikulatuta egotea beharrezkoa izango da. Tailerren helburua familia euskaraz aritzeko espazio eta momentuak eskaintzea denez, jarduerak euskaraz izango dira osorik, eta familiek hori ziurtatzeko ahalegina egin beharko dute. Azken batean, gurasoek eta tutoreek ere parte hartuko dute tailerretan.

“Haurrak Parkean”

Haurrak Parkean ekimenaren helburua, berriz, parkeetan eta kalean euskararen erabilera areagotzea da. Hezten dinamizatzaileen laguntzarekin, jolasak egingo dira Irungo parke eta plazetan.

Haurrak Parkean ekimenaren barnean bi jolas mota egingo dira, haurren adinaren arabera. 17:00etatik 18:00etara Zabu Zibu jolasa egingo da 3-5 urte bitarteko haurrak dituzten familientzat. Helburua euskaraz jolasteko tresnak eskaintzea denez, beharrezkoa da haurrak heldu batekin joatea eta jolastea. 18:00etatik 19:00etara, berriz, Txirrintxon jolasaren txanda izango da 6 eta 9 urte bitarteko haurrentzat.

Guztira, hiriko 4 espazioetara iritsiko da Haurrak Parkean egitasmoa. Asteazkenetan, hau da, otsailaren 28an eta martxoaren 6, 13 eta 20an  Nagore Laffage parkea, Palmera Monteron, eta Parchis parkean. Euria egiten badu, Nagore Laffage parkeko jolasak Alzukaitz kalean dagoen Toki Alai ikastetxean egingo dira. Ostiraletan, hau da, martxoak 1ean, 8an, 15ean eta 22an Arbium plazako frontoi estalian eta San Juan plazan egingo dira jolasak. Euria eginez gero, San Juan plazakoak udaletxeko arkupetan egingo dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude