Mikel Torres, Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariordea eta Ekonomiako, Laneko eta Enpleguko sailburua, Irunen izan da gaur goizean Via Irun bertatik bertara ezagutzeko. Gipuzkoako hiri-berroneratzeko proiektua handiena da eta, haren bidez, goitik behera eraldatuko da gaur egun erabiltzen ez den eta abandonatuta dagoen trenbide-eremu handi bat.
Cristina Laborda Irungo alkatearekin batera bisitatu du sailburuak ingurua. Bisitan izan dira, halaber, Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Alfonso Gurpegui, Enpleguko eta Inklusioko sailburuordea; eta Arantza Martínez, Enpleguko zuzendaria; eta, Irungo Udalaren aldetik, Nuria Alzaga, Ekonomiaren Sustapeneko eta Hiri Bultzadako ordezkaria; Gorka Álvarez, Obretako, Mantentze Lanetako eta Azpiegituretako ordezkaria; Sergio Javier, Hiri Garapeneko ordezkaria; eta Eva Fernández, Bidasoa bizirik-eko zuzendaria.
Bisita Txanaleta plazan abiatu da. Hantxe eman dizkiote proiektuari buruzko azalpen tekniko zehatzak, plano teknikoak baliatuta. Ondoren, Aduana kalera joan dira, Via Irun hiri-barruti berritzailearen eraikin publiko zentral eta nagusia izango den aduana zaharraren obrak zuzenean ikusteko.
Cristina Laborda alkatearen hitzetan, «Eusko Jaurlaritzak erakutsia zuen lehendik ere Via Irunen aldeko konpromisoa, garraioaren esparruari dagokionez, eta orain bada beste erronka garrantzitsu bat: proiektuaren dimentsio ekonomikoa ere indartzea». Gainera, alkateak nabarmendu duenez, «potentzialtasun izugarria du proiektu honek esparru ugaritan aukerak sortzeko, hala nola diren ekintzailetza, enpresen berrikuntza, enplegua, prestakuntza eta ezagutzaren sorrera».
Bestalde, Mikel Torres bigarren lehendakariordeak esan duenez, «Via Irun gure lurraldean hiri-eremu bat birgaitzeko proiekturik handiena da, eta horrek argi uzten du munta eta asmo handiko egitasmoa dela». Gaineratu duenez, «ez da hirigintza kontua bakarrik, espazioa eraldatzeaz ere ari baikara, urte luzeetan hiria zatitu duen arrakala fisiko bat —trenbide zabaltza— hiriaren bihotza izan dadin, bizitzaz eta aukeraz betea, jarduera ekonomikoa bultzatzeko». Ildo horretan, Mikel Torresek hiri-barruti berritzailea aipatu du, «jarduera ekonomiko areagotzeko pentsatuta dago, ekintzailetzari, enpresei, ezagutzari eta etorkizuneko sektoreei lotuta».
HUB, Hiri-barruti berritzailea
Bisitan, gainera, ekonomiaren ikuspegitik proiektuak dakartzan aukerak azaldu dituzte, batik bat, HUBari dagokionez. Aduana zaharra hiri-barruti berritzailea garatzeko estrategia-zentroa edo «hub»-a izango da, berrikuntzaren, kohesio ekonomiko eta sozialaren eta eraldaketa digital eta ekologikoaren premisen arabera diseinatuta.
Ekipamendu hori hiri-barruti berritzailearen motor publikoa izango da, eta bertatik bideratuko da eremuaren birgaitze urbano osoa. Jarduera ekonomikoetara bideratuko dira bertako 33.000 m2, etxebizitza libre eta sozialera 25.880 m2 eta parkeetara 30.000 m2 baino gehiago.
Testuinguru horretan, beste leku batzuetako esperientzietatik ikasteko, Irungo Udalak hiriak berroneratzeko Europako bi erreferente bisitatu ditu berriki: Bartzelonako 22@ barrutia eta Madrid Nuevo Norte proiektua. Bisita horietan, bertatik bertara ezagutu dituzte Udaleko ordezkariek azpiegiturak, bizitegiak, berdeguneak, ekipamenduak eta jarduera ekonomikorako eremuak uztartzen dituzten hiri-berroneratzeko proiektuak.
Bidasoa bizirik
Bisita amaituta, Ducourau jauregira joan dira Mikel Torres bigarren lehendakariordea eta Cristina Laborda Irungo alkatea, Bidasoaldeko Enpleguko eta Tokiko Garapeneko Plan Pilotuaren aurkezpenean parte hartzeko. Diagnostiko sozioekonomikoan eta lanaren arlokoan egindako aurrerapenak aurkeztu dituzte bertan, baita Irun eta Hondarribiko enplegu-politiken eta garapen ekonomikoaren gidari izango diren ildo estrategikoak ere.



