Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) aldaketa puntualaren hasierako onarpena lantzen ari da. Irungo Udalak aurrera jarraitzen du Via Irun proiektuaren hirigintza tramitazioan, funtsezko urrats honekin. Atzo Plangintzaren Aholkularitza Kontseiluan aurkeztu ondoren, dokumentua otsaileko Osoko Bilkurara eramango da hasierako onarpena emateko. Horixe bera azaldu du Irungo alkate Cristina Labordak lehenengo alkateorde eta Sustapen Ekonomikoa zerbitzuko ordezkari Nuria Alzaga, Obra, Mantentze eta Azpiegituretako ordezkari Gorka Alvarez eta Hiri Garapeneko ordezkari Sergio Javier alboan zituela.
Fase honen helburu nagusia da hirigintza antolamendua adostutako irtenbide tekniko berrira moldatzea, burdinbideak ADIFen gaur egungo trenbide aldean biltzeko. Aldaketak egungo geltoki intermodalaren eremuari eragiten dio, eta 72.000 metro koadroak gainditzen dituen azalerara mugatzen da, hots, askatutako burdinbide lurzoruetara eta inguru hurbilera.
Cristina Laborda alkatearen hitzetan, “hirigintza mailako urrats berri hau funtsezkoa da Via Irun proiektu handia sendo abiarazteko eta gaur egun erabat hondatuta dagoen eremu hori berroneratzen jarraitu ahal izateko. Ez dezagun ahaztu Gipuzkoako hiri birgaitze proiekturik handiena dela, eta topoaren burdinbideak trenbide plataforma bakar batean bilduko direla gaur egun hiriaren erdialdea bitan zatitzen duen hiri arrakala desagerrarazi ahal izateko”, adierazi du.
Sustapen Ekonomikoa zerbitzuko ordezkari Nuria Alzagaren aburuz, “Aduana zaharreko eraikina birgaitzea eta Hiri Barruti Berritzailearen sorrera aukera aparta izango dira ezagutzaren arloko eragileak eta berrikuntzarekin eta teknologiarekin lotutako enpresak erakartzeko, aldi berean enplegu kualifikatua sorraraziko dutelako eta hiria gune ekonomiko estrategiko gisa kokatuko dutelako mugaz gaindiko ardatz honetan. Foru Aldundiak bere babesa azaldu du gaurgero, eta horrexegatik jakin behar dugu sinergia hori behar bezala aprobetxatzen”.
Obra, Mantentze eta Azpiegituretako ordezkari Gorka Alvarezek adierazi duenez, “arlotik hilabeteak daramatzagu lanean Aduanako eraikina berroneratzeko, hiriko ondarearen katalogoak babestuta, egitura eta estalkiak mantenduz, Eusko Jaurlaritzaren lankidetza instituzionalarekin. Azpiegitura hori izango da Via Irun deritzonaren bereizgarria, Udalak sustatutako erakundeen arteko lanaren emaitza, eta edukiz beteko duena eraikina. Era berean, herritarren bizi-kalitatean eragina izango duten azpiegitura publikoak eskainiko dizkio eremuari”.
Azkenik, Hiri Garapeneko ordezkari Sergio Javierrek azpimarratu du “Irungo Udalak borondate osoa duela herritarrak aintzat hartzeko. Horretarako, Plan Orokorraren aurreko hasierako onarpenean egin zen bezala, ateak zabalduko dizkiegu hiriko gizarte eragileei, eragile ekonomikoei eta auzotarrei honezkero errealitatea den etorkizuneko proiektu honen inguruko ekarpenak eta gogoetak egin ditzaten”.
Hiri eredu berria
2024ko abenduan ADIFen, ETSren eta Irungo Udalaren artean sinatutako Trenbidearen Integrazioaren Protokoloa da urrats berri hau egiteko inflexio puntua. Protokolo horren arabera, Topoaren linea lekualdatuko da egungo burdinbide plataforman sartzeko eta bateratzeko. Akordio horrek 2022an hasiera batean onartutako plangintza doitu behar izatea dakar, trazadura berriarekin bateragarria izan dadin.
Urrats hori eginda, administrazio fase berri batean sartzen da Via Irun proiektua. Hasierako onarpenari esker, jendaurreko informazio aldi berri bat zabalduko da, behin-behineko eta betiko onarpena eman aurretik beharrezkoak diren txostenak biltzeko. Orain egingo den urratsak hirigintza esparru bat finkatuko du, eta gaur egungo trenbide eremuaren eraldaketa ekarriko du hirian txertatutako hiri eremu berri bat antolatzeko.
Hirigintzari dagokionez, aldaketak eremuaren egiturazko antolamendua eta antolamendu xehatua birdefinitzen ditu burdinbideen bidezko hausturarik gabeko urbanizazioa ahalbidetzeko. Trenbideen sistema orokor bat erreserbatzen da Topoaren etorkizuneko integrazioa hartzeko, eta lursailak, eraikigarritasunak eta eraikinen profilak berrantolatuko dira eskema berriarekin bat egiteko. TOPO-ETSren trenbide berria, planteatutako trazaduraren arabera, lurpean egokituko da, eta antolamenduaren araberako urbanizazioa hura estaliko duen egituraren estalkiaren gainean gertatuko da, estalkiaren gainean sortuko diren espazioen erabilera publikoa ahalbidetuz.
Bestalde, proiektuak berresten du hein handi batean eutsiko zaiola Pequeña Velocidad Pabiloiari, eta geltoki intermodala Pio XII plazaren inguruarekin lotuko duen pasabidearen trazadurarekin bat egiten duen tarte osoan kontserbatuko dela bermatzen du.
Gainera, antolamenduak eraikuntza egitura malgua planteatzen du, profilak eta altuerak moldatuz, Beheko Solairua + 1etik Beheko Solairua + 6ra bitarte doazen aukerekin, eta erabileren askotariko ezarpenak egitea eta eremua hiri premien eta premia ekonomikoen arabera garatzea ahalbidetuko da.
Lanari jarraipena
Halere, Plangintzak eutsi egiten die 2020an onartutako irizpideei eta helburu orokorrei, eta horien arabera murriztu egin behar da burdinbideak hirian duen arrastoa, josi egin behar dira hiriaren bi ertzak, erdigune berri bat sortu behar da geltokiaren inguruan, eta hiri barruti berritzaile bat sortu behar da bizitegi erabilerak, erabilera ekonomikoak eta zuzkidurako erabilerak uztartuz. Proiektuaren ardatz nagusietako bat da geltoki intermodal berria, trenbide aldearen bi ertzak lotuko dituen pasabidearekin. Hiri Barruti Berritzaile gisa garatuko da eragile ekonomikoak, proiektuak eta ikerketa, ezagutza eta garapen zentroak bilduko dituzten ekipamendu berrien bidez. Proiektuan sartzen da, halaber, Katea eta Plaiaundi arteko korridore berdearekin lotuko den hiri parke handia, oinezkoen eta bizikletarien mugikortasun hobea ahalbidetzeko.
Ondareari dagokionez, babestu egingo da Aduana zaharreko eraikin nagusia, Udal Katalogoan jasota dagoena, baita ondoko nabe batzuk ere halako balio historikoa dutelako, eta antolamendu berrian txertatuko dira ekipamendu orokor gisa. Burdinbide trazadura berriarekin bateragarriak ez diren gainerako eraikinak antolamendutik kanpo geratuko dira.
Hasierako onarpena emateko aurkeztutako dokumentazioan barne sartu dira, memoria eta hirigintza arauez gain, bideragarritasun ekonomikoaren azterketa, jasangarritasunaren azterketa, eragin akustikoaren azterketa eta ingurumen ebaluazio estrategikoa, indarrean dagoen hirigintza legedian ezarritako baldintzak betez.



