
Biok Txingudi eta Zaisa Txingudi Plaiaundin lehiatuko dira larunbat arratsaldean. Txingudi errugbi klubeko Biok Taldeak norgehiagoka berezia izango du larunbatean Hernaniren aurkako partiduan. Partida irabaziz gero, taldeak sailkapenean puntu bat igo dezake. Zaisa Txingudik ligako azken sailkatuaren aurka jokatuko du; Mutrikuren aurka.
Biok Txingudi larunbateko 15:00etatik aurrera, Plaiaundin, sailkapenean aurrerapauso bat eman ahalko du Hernani garaitzea lortzen badu. Biok Txingudik oraindik ez du punturik gehitu aurtengo denboraldian eta asteburuko aurkariak gainetik ditu hiru puntuko abantailarekin. Partida irabazteak postu bat igotzea suposatuko lezake Plaiaundikoentzat.
Segidan, 17:00etan, Zaisa Txingudi eta Mutriku izango dira Irungo berdegunera aterako direnak. Gizonezkoen taldeak igoera postuak urrun ditu baino ez du amore eman nahi eta puntuak edonola eskuratzeko borrokatuko du. Aurrean ligako azken sailkatua izango du, Mutriku, puntu bakarra eskuratu duena bederatzi jardunaldiren ondoren. Arretaz jarraituko dute jokalariek beste zelaietan gertatzen dena, aurretik dituen hiru taldeek konpromiso zailak baitituzte ere asteburuan eta distantziak mozteko aukera paregabea izan daiteke.
Harrobiaren konpromiso bikoitza
Egitaraua borobiltzeko, harrobiak konpromiso bikoitza izango du. 16 urtez azpiko Txingudi/Baztan/Orereta taldeak Arrasaten jokatuko du larunbatean 10:00etatik aurrera Hiruherriren aurka. Lehenengo itzuliko azkeneko jardunaldia izango dute jokoan eta garrantzitsua izango da puntuak eskuratzea Euskadiko txapelketarengatik borrokatzeko lehian jarraitu nahi badute.
18 urtez azpiko Gabiria Txingudi/Baztan, aldiz, igandean arituko da etxean La Unicaren aurka 13:00etatik aurrera. Lehenengo itzuliko azken partida izango da ere jubenilentzat eta emaitza txukuna lortzen saiatuko dira nafarren aurka.



