
Txingudi Errugbi Klubak eta Donibane Lohizuneko Saint-Jean-de-Luz Olympique taldeak Eskuz esku proiektua izenpetu dute igandean Iparraldeko taldearen Kechiloa estadioan. Euskararen erabilera, errugbia ulertzeko modu amankomuna eta kirolaz harago talde bakoitzak bere eskualdeko gazteengan duen eragin soziala dira proiektuaren hiru oinarriak eta helburu nagusiena hezkuntza eta kulturan oinarritutako lankidetza egituratzea da.
Honen bidez, bi taldeek azken urteetan izan dituzten loturak sendotu eta garatu nahi dituzte, bi klubetako jokalari gazteei mugaren bi aldeetako errugbia ezagutzeko aukera emanez. Iñigo Aizpuruak Txingudiren lehendakariordeak, azaldu duenez “ekintza ezberdinak eraman ditugu aurrera azken denboraldietan Ipar Euskal Herriko errugbiaren kultura bertatik bertara ezagutzeko eta Donibane-Lohizuneko taldeak laguntzeko prest izan ditugu beti. Sinatutako akordioarekin, elkarlan horretan sakonduko dugu, formakuntza proiektu bateratua bultzatuz, ekitaldiak elkarrekin antolatuz eta bi kluben harrobietako jokalari eta teknikariei gehiago eta hobeto trebatzeko aukerak emanez”.
Bi taldeetako ordezkariek hitzarmena “historikotzat” jo dute eta beste kirol-eragileentzako erreferentzia izan dadin espero dute.
Miarritze eta Hendaiako taldeekin elkarlanean
SJLOrekin izenpetutakoa ez da aurten Txingudi Errugbi Kluba aurrera eramaten ari den mota honetako proiektu bakarra.
Astelehen honetan, hilak 12, 19:00etan errugbi klubak Irunen duen elkartean sinatuko dute Biarritz Olympiquekin akordioa. Honen bidez, bi kluben sub 16 taldeek hilabetean behin batera entrenatuko dute Miarritzen, jokalarien elkartrukea ahalbidetzen da eta beste arloetan elkarlanak aztertzeko aukera ematen da.
Honez gain, emakumezkoen errugbia sustatu eta garatzeko proiektu berria lantzen ari dira Txingudi eta Stade Hendayais. Denboraldi honetan, Hendaiako senior mailako jokalariek Biok Txingudirekin Euskal ligan jokatzeko aukera dute, Irun eta Hondarribiako emakumezkoen taldeko sub 18ek Akitania Berriko ligan aritu ahal dira hendaiarrek osatzen duten Entente de la Nivelle taldean.



