Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta Irunen egingo diren jardueren programa aurkeztu da gaur. Aurkezpena Oiasso Museoan egin da, Amaia KZarekin batera, euskarazko kultur ekintzen egitarau zabalaren lekuko izango baita. Nuria Alzaga Euskara ordezkariak azaldu duenez ekintzak azaroaren 30etik abenduaren 3ra bitartean egingo dira.
Irunen euskararen erabilera sustatzeko xedearekin, Irungo Udaleko Euskara Arloak kultur programazio berezia plazaratu du Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruan. Nuria Alzaga Euskara ordezkariak irundar guztiak, helduak zein gazteak, Euskararen Egunean eta Euskararen Egunetik haratago euskaraz jardutera animatu ditu.
Hala, azaroaren 30ean, ostegunarekin, Jon Plazaola aktorearen “Tu-Tum, Platz!” bakarrizketarekin emango diote hasiera programari, 19:00etatik aurrera Amaia KZn. Hau da ikuskizunaren sinopsiak dioena: “Jon Plazaola sorlekura itzuli da umorezko ikuskizun berriarekin. Taula gainean lehen agerraldia egin zuenetik 23 urte pasa diren honetan berriz ere “Stand Up” formatuko bakarrizketari heldu dio, hori bai, 23 urte zaharrago, 23 urte jakintsuago eta 23 urte kabroiago. Ordubete izango dugu, umorez betetako kolpez-kolpe baten ondoren ardo ona bezala urteen poderioz hobera egin duen ala ozpindu den jakiteko”.
Abenduaren 1ean, ostiralean, Olatz Salvadorrek kontzertu akustikoa emango du Oiasso Museoko goiko areto batean, duo formatuan. Emanaldia 20:00etan izango da, eta antolatzaileen hitzetan, kontzertu berezia izatea espero dute. Izan ere, 100 ikuslerentzako tokia bakarrik izango da aretoan, eta emanaldian giro intimoa sortzea espero da artistaren eta entzuleen artean. 2018an Zintzilik estreinako diskoa argitaratu zuenetik, euskal musikako aurpegi ezagunetako bat bihurtu da Salvador, eta lehen argitalpenak bezala, 2021ean plazaratu zuen Aho Uhal diskoak ere kritika onak jaso zituen. Azken urteotako ibilbidean, Rozalen edota Ivan Ferreiro bezalako artistekin kolaboratzeko aukera izan du.
Abenduaren 2an, larunbatean, Benta Zaharreko Mutiko Alaiek girotuta kantu jira izango da 12:00etatik aurrera. Iaz bezala, Urdanibia plazan hasiko dira kantuan, eta handik, geldialdiak eginez, San Juan plazaraino egingo dute ibilbidea. Taldeak giro aparta jarri izan du Irunen etorri izan den bakoitzean, eta aurten ere, haiekin batera euskal kantak abestuz gozatzeko aukera izango da.
Ondoren, arratsaldean, Garik kontzertu akustikoa emango du Oiasso Museoan 20:00etatik aurrera. Gariren kontzertuan ere 100 lagunentzako tokia izango da, eta antolatzaileek azaldu dutenez, luxua izango da ibilbide luze eta oparoa duen artista bertatik bertara entzun eta ikusi ahal izatea. Hertzainak taldearekin egin zen ezagun Gari, eta gerora ere, ibilbide oparoa egin du bere bakarkako proiektuarekin.
Igandean emango zaio amaiera programari, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean. Arratsaldean, 17:00etatik aurrera, Ene Kantak konpainiak Emozio festa! eskainiko du haurrentzat.
“Euskaraz Sortzen Mundu Berriak” da aurten Euskararen Nazioarteko Egunaren ekintzak biltzen dituen leloa. Musika, zinema, antzerkia, literatura… Artearen bidez, sortzaileek mundu berriak sortzen dituzte, eta aldi berean, ikusle, entzule edota irakurleek ere bai. Ideia horretatik sortu da aurtengo leloa, etorkizuneko mundu berriak euskaraz sortzearen premiari erreferentzia eginez.
Doako sarreren banaketa
Antolatzaileek azaldu dutenez, emanaldi guztietarako sarrerak doan dira. Amaia Kultur Zentroko emanaldietako sarrerak udaleko atarian eta Luis Marianoko Turismo Bulegoan egongo eskuragarri izango dira, azaroaren 17tik aurrera, 10:00etan hasita. Pertsonako 4 gonbidapen hartzeko aukera izango da gehienez.
Oiasso Museoko kontzertuetako sarrerak han bertan jaso beharko dira. Gonbidapenak emanaldi bakoitzaren egunean jarriko dira eskuragarri, 10:00-14:00 eta 16:00-19:00 ordutegiaren barruan. Kasu honetan, pertsonako 2 gonbidapen hartzeko aukera izango da gehienez.
GAITU kanpainara batzeko deia
Prentsaurrekoan jakitera eman dutenez, Irungo Udalak bat egin du GAITU kanpainarekin. Hala, Euskararen Egunaren bueltako kultur ekitaldietan ekimenari buruzko informazioa zabalduko dute.
GAITU udazken honetan sortu den egitasmoa da, besteak beste, Librezale elkartearen, Euskaltzaleen Topagunearen eta Eusko Jaurlaritzaren elkarlanetik. Proiektua interesgarria eta beharrezkoa dela iritzita, Irungo Udalak bat egin du kanpainarekin, beste hainbat udalek egin duten modura.
GAITU kanpainarekin euskarazko milaka ahots erregistratu nahi dira, etorkizunean gailu elektronikoek euskaraz funtzionatzeko aukera izan dezaten. Hau da, euskarazko datu base erraldoi bat sortu nahi da, adimen artifizialak euskaraz egin dezan.
Izan ere, egunerokoan oso maiz erabiltzen dira askotariko gailu eta aplikazio elektronikoak eta, normalean, enpresek hizkuntza handietan bakarrik konfiguratzen dituzte. Horregatik, euskaraz funtzionatzea ahalbidetzeko, euskarazko milaka esaldi grabatzea eta erregistratzea beharrezkoa da, etorkizunean gailu horiekin euskaraz komunikatzeko aukera egon dadin.
Datu base erraldoia sortzeko baliabidea Common Voice webgunea da, eta modu ulerterraz eta intuitiboan funtzionatzen du. Funtsean, hau da webgunera sartutakoan egin beharrekoa: programak proposatzen dituen esaldiak grabatu behar dira ahoz, sakelako telefonoarekin edota ordenagailuarekin. Ondoren, aplikazioak beste pertsonek egindako grabazioak entzuteko eskatuko dio parte hartzaileari, horiei oniritzia emateko. Esaldiak banan-banan grabatu behar dira bosteko multzoetan, eta besteen grabazioak ere bosnaka bidaltzen ditu aplikazioak. Azpimarratu behar da grabaketak edonon egin daitezkeela, inguruko soinuarekin gehiegi arduratu gabe: kalean, autobusean, lagunartean…
Udalak dei egin die hiritarrei GAITU.eus webgunean sartu eta ekarpena egin dezaten. Egitasmoari buruz informazio gehiago nahi izanez gero, Euskara Arloarekin jarri behar da harremanetan.