Go!azen-en hamargarren denboraldia Amaia kultur zentroan estreinatuko da igandean

Irungo Udalak antolatuta, igande honetan, urriak 22, Go!azen-en hamargarren denboraldiaren aurrestreinaldia eskainiko da Amaia KZn. Obra hau ETBko serie ezagun honen jarraitzaileei zuzendua dago. Sarrerak  webgunean edo Amaia KZko txarteldegian bertan eros daitezke, ikuskizuna hasi eta ordubete lehenagotik, betiere sarrerarik geratzen bada. Bakoitzak 5 euro balio du.

Oso jardunaldi berezia izango da telesailaren jarraitzaileentzat, aurrez aurre ezagutu ahal izango baitituzte hainbeste aldiz telebista ikusitako aktoreak. Fikzio honen zaleek euren artista gustukoenekin batera argazkiak atera ahal izango dituzte 11: 00etan burutuko den photocallean. Bertaratzen direnek, telesailean “Markel” gisa aritzen den Asier Burgete bezalako aurpegi ezagunekin egingo dute topo, eta bestalde, hamargarren denboraldiko pertsonaia berriak ere ezagutu ahal izango dituzte. Nerea Arriola eta Marina Ostolaza bertaratuko dira,  telesaileko “Maitane” eta “Noa” hurrenez hurren.

12:00etan denboraldi berriaren aurkezpena egingo da. Antzezleak hitzaldi batean izango dira proiekzioaren aurretik, eta parte-hartzaileak galderak egin ahalko dizkiete, baita serieari buruzko esperientziak eta iritziak plazaratu ere. Ondoren, lehen kapituluaz gozatzeko unea iritsiko da.

Arrakastaz beteriko 10 urte

Serieak arrakasta handia izan du ikusleen artean, eta iragarri dute dagoeneko denboraldi hau oso berezia izango dela, serieak 10 urte betetzen dituelako eta 100 atalen langa gaindituko duelako. Hamar atal berri ditu denboraldi honek, eta berriz ere neska-mutilek Besakabi udalekuetan biziko dituzten abenturak ekarriko dizkigu. Musikaz, umorez eta gai sozialez beteta dator eta, ohi bezala, denboraldi berriarekin aktore berriak ere izango ditugu, pertsonaia berriei bizia emateko:  Marina Ostolaza (Noa), Haizea Astrain (Lea), Xabi Elizalde (Aner), Ander Ayerza (Bosko), Unai Arana (Mattin), Unai Arrieta (Urtzi) eta Nerea Arriola (Maitane) izango dira Besakabiko protagonista berriak. Gainera, istorioan jarraituko dute aurreko denboraldietako beste batzuek ere: Nerea Elizalde (Garazi), Mikele Arizkorreta (Saioa), Maria Redondo (Zuri), Lorea Intxausti (June), Kimetz Etxabe (Gontzal) eta Andoni Agirregomezkorta (Oier).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude