EITBko telesailak bigarren denboraldia estreinatuko du aurten
Go!azen telesailean egindako aktore lanagatik ezagun egin da Asier Burguete. Etxeko txikienek Markel izenez ezagutzen dute, eta haren broma eta hanka-sartzeek barre ugari eragiten dituzte. Lehenengo denboraldiaren arrakastaz jabetu ostean, udara honetan Go!azen telesailaren grabaketetan murgildurik ibili dira telesaileko aktoreak eta jada bigarren denboraldia estreinatzeko prest dago.
Nor da Asier Burguete?
Asier Burguete 19 urteko Irungo gazte bat da, Santiago auzoan jaiotakoa. Txikitatik saltsa guztietan sartua ibili den pertsona bat izan da, bai kultur elkarteetan zein Irungo Kontserbatorioan baleta ikasten, edo antzerki taldeetan sartuta.
Nola lortu zenuen Go!azen telesaileko aktore bihurtzea?
Hamaika urte eman ditut baleta ikasten eta baleteko irakasleak telesail honen castingaren berri ematen zuen kartel bat ipini zuen entsegu-gelan . Orduan, lehiaketara bideo bat bidali nuen eta, ondoren, EITBn beste casting bat egiteko deitu zidaten. Casting honetan proba desberdinak egin ostean, aukeratua izan nintzen.
Telebistan lan egiteak ez zizun beldurrik ematen?
Hasieran bai. Lehen grabaketara iritsi nintzenean pentsatzen nuen bi kamera eta mikrofonoa egongo zirela bakarrik. Noski, hau ez zen horrela izan. Azkenean 60 pertsonako talde bat, produkziokoak, lau kamera eta ez dakit zenbat mikrofonorekin topo egin nuelako. Pasada bat da, jende pila bat dagoelako telesail honen atzetik eta hori eskertzekoa da.
“Pasada bat da, jende pila bat dagoelako telesail honen atzetik eta hori eskertzekoa da”
Telesailerako dantzatzen eta abesten jakitea ezinbestekoa da. Nola moldatu zara arlo hauetan?
Dantzan oso ondo eta abesten pixka bat okerrago. Lagun talde on bat osatu dugu eta bertan badira abesten hobeto moldatzen direnak edo dantzatzea nahiago dutenak. Orduan, nik beraiei laguntzen diet dantza pausoak fintzen, eta haiek niri notak nola egin erakusten didate. Azkenean, denen laguntzarekin dena ondo atera da.
Telesaileko aktoreen artean lagun talde ona osatu duzue?
Bai, oso ederra. Lehenengo denboraldikoak bezala, bigarren denboraldi honetako grabaketak primeran joan dira. Guztiak gara adin tarte berekoak eta lagunekin egotea bezalakoa da.
Nolakoa izan da bigarren denboraldiaren grabaketa?
Bigarren denboraldiaren grabaketekin ekainaren 20ean hasi ginen eta abuztuaren 25ean bukatu dugu, beraz, udara osoa grabatzen eman dugu. Grabaketa gogor samarra da, goizeko 7:00etatik arratsaldeko 19:00etara grabatzen gaudelako etengabe. Gainera, mundu guztia udaraz eta oporrez disfrutatzen ikusteak inbidia ematen du. Baina, azkenean, Go!azenekin ume guztiak poz-pozik ikustea oso polita da.
“Go!azenekin ume guztiak poz-pozik ikustea oso polita da”
Erraza da aktore lanak eta horrek dakartzan konpromisoak ikasketekin uztartzea?
Adibidez, lehengo urtean telesaila bukatu genuenean Euskal Herri osoan zehar antzerkiarekin bira bat antolatu genuen eta honek asteburu guztietan emanaldiak burutzea eta batzuetan ohera beranduago sartzea eskatzen du. Baina bueno, goizetan burua ikasketetan sarturik zegoen eta arratsaldean denbora guztian Go!Azenen.
Telesailean antzezten duzun pertsonaiarekin antza duzula esango zenuke?
Markelekin antza handia dut, ia berdinak garelako. Egia da pertsonaia denbora guztian barrezka ari dela eta etengabe dabilela txorakeriak egiten eta ni ere horrelakoa naiz. Horregatik, Markel eta ni oso ondo eramaten gara.
Bigarren denboraldi honetan Markel asko aldatuko da?
Antzekoa izango da, nahiz eta gauza batzuk aldatuko diren. Oraindik ez dakigu ligatuko duen edo ez, hori aurrerago ikusi beharko dugu. Baina, nahiz eta aldaketa pare bat gertatu, bere saltsan jarraituko du.
LarruSketch-ekin kolaborazio bat burutu duzu ezta?
Bai, Beñatek proposatu zigun Pixkanaka abestiaren bideoklipean agertzea. Oso gustura onartu nuen gonbidapena, zerbait desberdina egiteko gogoak neuzkalako. Grabaketan oso gustura ibili naiz ere eta errepikatzeko modukoa izan da.
Etorkizunari begira zeure burua telebistan lanean ikusten al duzu?
Telebista baino, nire burua antzerki munduan ikusten dut gehiago. Adibidez, musikal batean edo horrelako zerbaitetan. Telebistan ere bai, zergatik ez, baina egia da antzerkian erosoago nagoela.