Behobia auzoak liburutegi libre berria du Maria Juncal Labandibarren omenez

“Esaten dudanean ezinezko bat izugarri gogoko dudala, esaten didate, irribarre ironiko batez, imaginario bat izango dela, poetisa ero baten amets bat”. Maria Juncal Labandibar (1924-1951) poetisaren aipamen bat da, eta horretan funtsatzen da Behobia auzoan gaur Nuria Alzaga Irungo Udaleko Kulturako ordezkariaren eskutik inauguratu den hiriko hirugarren liburutegi librea. Atzo, urriak 16, Emakume Idazleen VIII. Eguna ospatu zen, eta horren esparruan kokatzen da jarduera.

Erdialdean Almudena Grandes plazatxoan lehen liburutegi librea jarri ondoren, eta bigarrena Jostun plazan, Oñaurre auzoan, gaurtik aurrera, Behobia auzoko bizilagunek kale-liburutegi berri bat ikusi ahal izango dute San Martzialgo Bigarren Guduaren berreungarren urteko plazan. Liburutegian, egile ezagunen liburu-bilduma bat dago, besteak beste, Karmele Jaiorena, Fernando Aranbururena edo Ibon Martinena.

Erdialdeko eta Oñaurreko instalazioetan bezala, liburutegia beiraz hornitutako euskarri bat da, Maria Juncal Labandibarren aipu batekin errotulatua. Behobia auzoan jaio zen poetisa, eta ibilbide emankorra baina ezezaguna izan zuen, Nuria Alzaga Kulturako ordezkariak gogorarazi duenez: “Behobiako liburutegi librearekin, dagoeneko hiru dira hiriko hiri-liburutegien sarea osatzen duten instalazioak. Oraingoan, Maria Juncal Labandibarri keinu bat egin nahi izan diogu. Kalitate handiko poetisa izan zen Maria Juncal Labandibar, eta, Behobia auzoan bertan bere izena duen bidearekin batera, hirian hainbat erreferentzia egin zaizkio idazleari”.

Kulturako ordezkari Nuria Alzagak gaineratu duenez, “Kultura arloan lanean dihardugu, liburu-trukearen bidez irakurketarako aukera eta maitasuna sustatzeko sortu den ekimen honi bide ematen jarraitzeko”.

Gogoan izan liburutegi libreen funtzionamendua oso sinplea dela: batek liburu bat jasotzen du, eta trukean, beste bat uzten du. Hala, liburutegian beti egon behar dute liburuak eskuragarri herritarrentzat.

Telefono-kabinetatik irakurketa-puntura

Gainera, esan behar da Irungo Udalak eta Telefónicak joan den abuztuan bi telefono-kabina, gaur egun erabiltzen ez direnak,  hiriari lagatzea adostu zutela bi instalazioak “liburutegi libre” bihurtzeko, Almudena Grandes plazatxoan eta Oñaurreko Jostun plazan jarritako antzeko elementuen adibideari jarraituz.

Xehetasunez esanda, lehenengo telelfono-kabina Argentinar Errepublikaren eta Arizmendi almirantearen kaleen arteko izkinan dago, eta, bigarrena, Alzukaitz eta Uztapide bertsolariaren kaleen arteko bidegurutzean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude