100 proposamen baino gehiagok osatuko dute 2024ko San Pedro eta San Martzial jaietako programa

Poz, dibertsio eta jai-giro usaina zabaltzen hasi da Irungo kaleetan barrena. Nuria Alzaga Kulturako ordezkaria, Borja Olazabal Kiroletakoa eta Sergio Javier  Gazteriakoa San Juan plazan izan dira gaur, ekainaren 23tik uztailaren 1era luzatuko diren 2024ko San Pedro eta San Martzial jaietako programa aurkezten. Haiekin batera, prentsaurrekoan parte hartu dute programa prestatzen laguntzen duten erakunde eta elkarte batzuetako ordezkariek ere.

Nuria Alzagaren hitzetan, “Irungo Udalak eta hiriko erakundeek eta elkarteek asmo handiko programa bat ondu dugu jaietarako, finkatutako ekimenak eta herritar guztiei zuzendutako proposamen berriak uztartuta. Horrekin batera, kontzertu erakargarri asko ere planifikatu dira, eta espektatiba guztiak gaindituko direla uste dugu, Izaro, Camela, Soto Ansa kartelburuarekin eta beste artista ezagun handi askorekin”.

Gazte zein helduentzako programak aurreko urteetakoak txiki utziko ditu. Izan ere, 160 jarduera baino gehiago biltzen ditu, aurrenekoa, ohi bezala, jaiaurreetan, ekainaren 2an, San Pedro txirrindularitzako sari handiaren lasterketa, eta azkena, uztailaren 1ean, bakarrizketa jaialdia.

Esan bezala, betiko jarduera popularrak eta berritasunak dakartza programak. Tradizio handiko ekimenen artean bakailaoa pil-pilean prestatzeko lehiaketa, goitibera lasterketa edo adinekoentzako bazkaria daude, eta proposamen berrien artean, haurrentzako zezen puzgarrien entzierroa, drone lasterketa bat edo ikuskizun pirotekniko bat.

Berritasunentzako tartea

Aurtengo berritasunen artean, esan bezala, zezen puzgarrien entzierro bat egingo da, haurrei zuzendua, etxeko txikienek ere sanferminetako zirrara senti dezaten. Ekainaren 24an izango da, Urdanibia plazatik abiatu eta San Juanen bukatuko den ibilbidearekin. Haurrentzako proposamen gehiago ere izango dira, hala nola «Pailazoak, Tomaxen Abenturak» pailazo ikuskizuna, ekainaren 25ean Urdanibia plazan edota «Zientzialariak» magia erakustaldia, Sun eta Marsel magoen eskutik, ekainaren 26an.

Musika, zirkua eta askoz gehiago

Musika izaten da beti jaietako elementu ezinbesteko bat, eta aurten ere protagonista izango da. Ekainaren 8an, Irungo Musika eta Dantza Eskolako ikasleek «Oinetara Begira» izeneko kontzertua eskainiko dute, Ane Labaka eta Jon Maia bertsolariekin, Basque Ballerina akademia sonatuko dantzari talde batekin, Belén Sierra pianistarekin eta Irungo Náyade abesbatzarekin batera. Ekainaren 21ean, Musikaren Nazioarteko Eguna dela eta, Musika eta Dantza Eskolako ikasleek beste kontzertu bat emango dute, Zabaltza plazan. Musikarekin jarraituta, ikuspegi didaktiko batekin, baina, erakusketa musikal bat antolatuko du Solar Sound Systemek. Bertaratzen direnek bertatik bertara ezagutuko dute nola funtzionatzen duen energia berriztagarriekin elikatutako soinu-sistema autonomo batek.

Hainbeste ikusten ez diren proposamen originalagoek ere izango dute beren lekua, hala nola zirkuak: Rojo Telón zirku-konpainiak Transir akrobazia-ikuskizuna eskainiko du ekainaren 26an San Juan plazan.

Argazkigintzarekin lotutako proposamenak ere izango ditugu, hala nola Irun Drone Racing drone lasterketa, Euskodronek ekainaren 22an Eguzkitza ikastetxean antolatutakoa. Egun horretan bertan, baina gauez, aireko argazkigintzazko ikuskizun bat antolatuko da San Juan plazan. Euskodronek herritarrak plazan biltzera deitzen ditu, mugikorreko pantaila zuri edo gorri jarrita, eta telefonoa gora biratzea, droneari erakusteko, hegaldatu eta argazkia egitera doanean. Irudia Udalaren webgunetik deskarga daiteke.

Jaiak ixteko, su artifizialek  argi eta kolorez estaliko dute hiriko zerua, Caballer FX-Global FOC piroteknia etxeak San Migel auzoko Donostia kalean uztailaren 1ean antolatuko duen ikuskizunari esker. Ondoren, bakarrizketa jaialdia egingo da, iazko arrakasta ikusita, eta barre-algarak erruz entzungo dira Zabaltza plazan, José Corbacho eta Paula Púa umoregileen eskutik.

Kirola txapelketak

Kirolak ere badu bere lekua programan. Hiriko klubek ere beren ekarpena egin diete jaiei, dagoeneko klasikoak diren zenbait ekimenekin, besteak beste, uztailaren 1ean Uranzu pilotalekuan jokatuko den pilota partida, 3x3ko saskibaloi txapelketa edo ekainaren 22an egingo den San Martzialeko igoera atletiko tradizionala.

Kirol guztien artean, protagonismo berezia izango du txirrindularitzak. Izan ere, jaien aurreko lehen ekitaldi gisa, ekainaren 2an, San Pedro Txirrindularitzako Klasikoa jokatuko da, eta ekainaren 16an urterik urte parte-hartzaile gehiago erakartzen dituen XIII Juanma Garate Martxa Zikloturista tradizionala.

Ildo horretan Borja Olazabal Kiroletako ordezkariak oso balorazio positiboa egin du jaietan antolatzen diren kirol-ekitaldiek izan ohi duten harrera onaz: “Jaiak aipatzean, kontzertuak, gaueko giroa, herri bazkariak edo entseguak datozkigu gogora, baina kirol asko era badaukagu, diziplina askotakoa gainera, eta horrela egun berezi hauetaz modu desberdinean goza dezakegu”, esan du zinegotziak.

Gaztegunea, gazteentzako topagunea

Aurten ere, gazteentzako topagune eta erreferentzia izango da Santiagoko frontoiko Gaztegunea, ekainaren 25ean, 26an eta 27an. Aisialdian eta giro onean oinarritutako programa bat eskainiko da han, proposamen musikalak eta gazteei jaietan aktiboki parte hartzeko aukera emango dietenak uztartuta.

Ildo horretan, aipatzekoak dira Irungo Gazteen eta Nerabeen I. Planaren esparruan sortu zen Irunbixi Irungo Haur eta Nerabeen parte Hartze Foroko ordezkariek antolatutako jarduerak, gazteak ere hiriko jaietan antolatzen diren espazioetako eragileak izan daitezen.

“Ezin dugu ulertu Irunek gazteen ahotsa kontuan ez izaterik.  Jaietako programako erabakietan ere parte hartu dute, Irunbixi foroaren bitartez, eta hori ezinbestekoa izan da beren gustu eta interesen araberako jarduerak eskaintzeko.  Merezi duten protagonismoa izan behar dute gure hirian, eta bide hori jorratzen ari gara”, esan du Sergio Javier Gazteriako ordezkariak.

Jaietako kartel finalisten erakusketa

Ohi bezala, ekainaren 14an irekiko da San Pedro eta San Martzial Jaien Kartel Lehiaketara aurkeztu diren lanak biltzen dituen erakusketa. 18:00etan izango da inaugurazioa, Amaia KZn.

Erakusketa ekainaren 14tik 29ra egongo da irekita, ordu hauetan: 18:00etatik 21:00etara asteartetik larunbatera, eta 11:30etik 13:30era asteburuetan eta jaiegunetan. Astelehenetan itxita.

Jaietako programa

Programaren 27.000 ale banatuko dira hiriko postontzietan ekainaren 3an hasita, eta 2.500 kartel jarriko dira hiriko dendetan.

Ordura arte, programa kontsultatu nahi dutenek San Pedro eta San Martzial jaietako jarduerak, egunak eta orduak zehazki ezagutzeko, hemen dute horretarako aukera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude