Oiasso museoak urrirako antzerki-tailerren eskaintza abian jarri du ume eta helduentzako. Tailer guztiak Oiasso Museoaren egoitzan emango dira, eta izena eman ere bertan egin daiteke, edo telefonoz edo posta elektronikoaren bitartez. Gainera, proposamen berri bat sartu du interpretazioaren alorrean: Romanesklown.
Aurten antzerki ikastaro eskaintzaren berrikuntzetako bat Romanesklown interpretazioa tailerra izango da. Izan ere, Oiasso museoan lehen aldiz, Clown Arteko hastapeneko tailer bat egingo dute. Tailer horrek diziplina eszeniko hori ezagutzen hasteko aukera emango die izena ematen duten helduei. Diziplina horretan, eguneroko bizitzarako oso trebetasun eta balio praktikoak eskaintzen dira, eta, alde horretatik, umore-sena, dibertitzeko gaitasuna, entzutea, konfiantza, segurtasuna eta abar garatuko dituzte.
Romanesklown tailerra Ana Eguiazabalek emango du. Urriaren 17tik aurrera izango da, asteartero, 18:30etik 20:00etara. Ana Eguiazabal gizarte-hezitzailea da, eta esperientzia handia du antzerkia esku-hartze sozialeko tresna gisa erabiltzen, eta haurrentzako antzerki-tailer bat ere dinamizatuko du. Tailerrak 40 euroko prezioa izango du.
Antzerkiko Haurrentzako tailerra eta jolas dramatikoa 6 urtetik 10era bitarteko umeentzako da, eta helburua du umeen irudimena, sormena, berezkotasuna eta garapen afektibo, sozial eta intelektuala lantzea antzerki-jokoaren bidez. Tailerra urriaren 17tik aurrera eskainiko da, asteartero, 17:15etik 18:15era. Tailerrak 20 euroko prezioa izango du.
Azkenik, museoak antzerki klasiko greko-latindarraren tailerrarekin jarraituko du, Patxi Pérez aktorearen eskutik, ostegunero 19:00etatik 20:30era, urriaren 19tik aurrera. Museoaren asmoa da herritarren artean antzerkiaren eta ikuskizun eszenikoen gaineko interesa piztea, Dies Oiassonis jaialdi erromatarraren programazioari begira, jaialdiaren osagai nagusietako bat antzerki-emanaldiak baitira, amateurrak barne. Tailer honek ere 40 euroko prezioa izango du.