Pertsonek osatutako begizta berde bat Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna gogoratzeko

Otsailaren 4an ospatzen den Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, gaur eguerdian Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak ekitaldi bat egin du Irunen. San Juan plazaren erdian pertsonez osatutako begizta berde bat egin dute eguerdiko 12:00etan. Elkarteko kideekin batera, Nuria Alzaga Irungo Udaleko Gizarte Ongizateko ordezkariak ekitaldian parte hartu du. Ekintza honen bidez gizartea minbiziaren prebentzioan eta biziraupenaren areagotzean inplikatu nahi izan da.

Udaletxeko balkoitik plazan marraztutako begiztaren argazkia atera ostean, Nuria Alzagak Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak egiten duen lana goraipatu du. Irunen Foru kaleko 4. zenbakian egoitza duen elkarteak minbizia duten pertsonak zein haien familiak laguntzeko elkarteak egiten duen lana gogoratu du. Era berean, Gizar Ongizateko ordezkariak minbizia bezalako gaixotasunekin duen konpromisoa adierazi du, “udalaren ardura baita hiritarren ongizatearen alde lan egitea eta bide horretan jarraituko dugu.

Jarraian, Gemma Landache, Bidasoako egoitzako presidenteak otsailaren 4rako elkartean prestatutako manifestua irakurri du. Adierazpenean gogoratu du minbizia munduko arazo soziosanitario garrantzitsuena dela, eta 2030erako 21,6 milioi kasu berri izatea aurreikusten dela. Espainian, 330.000 minbizi kasu berri baino gehiago egongo dira 2030ean, 16.000 baino gehiago Euskal Autonomia Erkidegoan eta 5.000 kasu baino gehiago Gipuzkoan. Horrek esan nahi du 3 emakumetik 1ek eta 2 gizonetik 1ek gaixotasun hori izango dutela bizitzan zehar, Minbiziaren Behatokiaren datuen arabera.

Guztiok Minbiziaren Aurka

Errealitate horren aurrean, Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna, otsailaren 4a, dela eta, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan Elkarteak “Guztiok Minbiziaren Aurka” kanpaina kaleratu du herritar guztiei jakinarazteko minbiziak denei eragiten diela edo eragingo diela, zuzenean edo zeharka, maite dugun edo gertuko pertsona baten gaixotasunaren bidez.

Gemma Landachek azaldu duenez, “minbiziaren aurkako ekimen honen bidez, Gipuzkoako gizartea kontzientziatu eta mobilizatu nahi dugu prebentzio, ikerketa, arreta eta zabalkunde proiektuetarako dauden baliabideak handitzearen garrantziaz”. Elkarteak dei egiten dio gizarte osoari prebentzioa, detekzio goiztiarra eta ikerketa aukeratzeko, 2030ean minbiziaren biziraupenaren %70a lortzeko. Itun handi batekin bakarrik lortu ahal izango da helburu hori, non pertsona, enpresa, entitate, erakunde, administrazio publiko eta alderdi politiko guztiek konpromisoa hartzen badute.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude