Gaurtik urriaren 8ra bitartean bozkatu beharko dira 2025eko Aurrekontu Parte-hartzaileetako proposamen finalistak

2025ko Aurrekontu Parte-hartzaileetako proposamen finalistak aukeratu dira. Orain, 8ra arte, proposamen finalistak bozkatu eta proposamen irabazleak aukeratzeko unea iritsi da. Botoa Irungo Udalaren webgunearen bitartez eman beharko da, Irun Txartela erabiliz. Irun Txartela ez dutenek aurrez aurre ere eman ahalko dute botoa, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bulegoetan, zehazten diren egunetan.

Irailaren 30ean eta urriaren 1ean, 270 pertsonak parte hartu dute prozesuan, eta 1.168 boto eman dituzte. Horrela, boto gehien jaso dituzten hamahiru proposamenak hogei finalisten artean sartu dira. Gazteentzako prozesuaren barruan, bederatzi finalista izango dira.

Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bulegoetan bozkatzen dutenek bertako langileen laguntza izango dute aukeran, baina, baliatu nahi badute, komeni da hitzordua eska dezatela, 010 (943505152) telefonora deituta. Era berean, auzo elkarteen lokalak auzoetako bozketa elektronikoan parte hartzeko gune bihurtuko dira, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bulegoetara joateko zailtasunak dituztenak gogoan. Azkenik, adinekoentzako zentro sozialetan, dinamizatzaileek bozkatzeko prozesuan lagunduko diete bertaratzen direnei.

Guztira, udal aurrekontuaren barruko 1.500.000 euro utzi dira herritarren esku: 1.300.000 prozesu orokorretik ateratzen diren proiektuetarako eta 200.000  gazteentzako (16 urtetik 30 urtera bitartekoentzako) prozesutik ateratzen direnetarako.

Prozesu orokorraren barruko proposamenak

  • Kultur programazioa sendotzea
  • Sanpedro eta sanmartzialetan kontzertuak antolatzea
  • Zeramika Tailerrak zeramika erretzeko labe bat, labe elektriko bat eta zeramika ijezteko makina bat erostea eta mahaiak eta, oro har, materiala berritzea
  • Sorozarreta parkeko bideak eta argiztapena hobetzea
  • Zuhaitzen sustraiek espaloietan eragindako kalteak konpontzea
  • Puianan BTT zirkuitu bat eraikitzea
  • Udaltzaingoak segurtasuna eta zirkulazioa kontrolatzeko eta berauen jarraipena egiteko bitartekoak hobetzea
  • Bizikletak garbitzeko guneak jartzea
  • Bidegorriak hobetzea
  • Zuhaitzak zaindu eta ordezkatzea eta zuhaitz gehiago landatzea, aterpe klimatikoak hedatzeko eta hiria klima aldaketara egokitzeko, industrialdeak, bidegorriak eta haurrentzako parkeak barne
  • Kaleko doako kultur ekitaldiak antolatzea
  • Eskola kirola diruz laguntzea
  • Adinekoentzako jarduera soziokulturalak antolatzea
  • Berdeguneak zaindu eta handitzea, berdegune berriak sortzea, egungo berdeguneak hobetzea eta klima aldaketara egokitzen laguntzeko jarduerak sustatzeko sentsibilizazio kanpainak egitea
  • Artaleku eta Azken Portu udal kiroldegietako instalazioak berritu eta hobetzea
  • Animalientzako aterpeak sortzea
  • Auzoetan kultur jarduerak antolatzea
  • Karpak eta mahaiak erostea
  • Zakarrontzi hautsontzidunak erostea
  • Uso populazioa kontrolatzea

Gazteentzako prozesuaren barruko proposamenak:

  • Eskoletan bizikletak aparkatzeko toki gehiago jartzea
  • Hiriko ikastetxeen ingurua eta eskola bideak aztertzea
  • Aisialdiko begirale izateko ikastaroak antolatzea
  • Bizikletentzako aparkaleku estali bat jartzea
  • Gazteentzako zeramika tailer bat antolatzea
  • Techno jaialdi bat antolatzea
  • Aire zabaleko zinema emanaldiak antolatzea
  • Gazteentzako kontzertuak antolatzea
  • Streamer eta youtuberrentzako ikus-entzunezko material sorta bat prestatzea

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude