Irungo Udalak inoizko aurrekontu altuena onartu du 2026. urterako; 105 milioi euro

Irungo Udaleko osoko Bilkurak, abenduari dagokion ohiko saioan, 2026rako Aurrekontuak onartu ditu gaur. Datorren urterako onartutako aurrekontua 105 milioi eurokoa da guztira, udalerriaren historiako kopururik handiena. Hain zuzen ere, aurreko urteari dagokionez 7,5 milioi euroko igoera dakarrena.

Horrela, aurrekontu zabal eta anitz horrek segurtasunaren arloko inbertsioak aurreikusten ditu, Udaltzaingoaren plantilla handituz; halaber, eremu soziala indartzen da adinekoen ongizatea bermatzeko, bide publikoan inbertitzeko konpromisoari eusteaz gain, edo hiriko proiektu estrategikoen alde egiten jarraitzeaz gain, hala nola IAM erabilera anitzeko pabilioiaren edo Via Irunen eta Aduana Zaharraren alde.

Cristina Laborda alkatearen hitzetan, “gaur urtea amaitu baino lehen onartzen dugun Udal Aurrekontu honekin, lehentasunezko gaietan jartzen dugu arreta, hala nola segurtasunean edo pertsonen arretan, baita azken urteotan bultzatzen ari garen hiri-proiektuei jarraipena eman, bai Irun mapan kokatzen duten proiektu estrategikoei, bai herritarren egunerokotasunerako behar direnei. Alkateak erantsi duenez, “zifra errekor hori lortu dugu, ehun milioi euroko muga lehen aldiz gaindituz, hiria jasaten ari den hazkunde eta aurrerabidearen sintoma on bat, hain zuzen ere, pertsonen bizi-kalitateari lehentasuna emanez inor atzean gera ez dadin”.

Nabarmentzekoa da osoko Bilkuran zehar 318.722 euroko zuzenketak onartu direla. Bestalde, Nuria Alzaga lehenengo alkateorde eta Ogasuneko ordezkariak Ogasun arloko teknikarien lana eskertu nahi izan du. Gainera, “aurrekontu plurala” dela nabarmendu du, eta gehitu du “gobernu taldeak Irundar guztiengan pentsatzen duten aurrekontuak lortzeko eskua emateko duen borondatea, bizikidetza, ongizatea eta gizarte kohesioa bermatuz, Irunek aurrera ilusioz eta erabakitasunez begiratzen duen hiria izaten jarrai dezan oinarrizko zutabeak baitira”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude