2025eko Udal Aurrekontuen Proiektuak ez du beharrezko babesa lortu

Gaur goizean Irungo Udaleko Udalbatzaren ezohiko osoko bilkura deitua zegoen, udal gobernuak aurkeztutako aurrekontuen proiektua onartzeko. Bilkuraren hasieran Cristina Laborda alkateak azaldu duenez, Bozeramaileen Batzordean egiaztatu du 2025eko aurrekontu proiektuak oraindik ez zuela onartua izateko babes nahikoa.

Beraz, alkateak ezohiko osoko bilkura bertan behera uztea erabaki du, mahai gainean zegoen eguneko puntu bakarra hori baitzen. Nuria Alzaga ogasuneko ordezkariaren arabera, “arduraz jokatu, eta mahai gainean utzi dugu gai hau, lanean jarraitzeko eta ahalik eta adostasun handiena lortzeko”.

Lehenengo alkateordeak hilabeteetan talde politiko guztiekin aurrekontu gaietan egindako lana defendatu du: “Hilabeteak daramagu talde politiko guztiekin hitz egiten eta negoziatzen. Aurrekontu proiektuak talde guztien proposamenak hartzen ditu barnean, eta, batez ere, Irunez eta irundarrez dihardu. Gure ezaugarrietako bat, betidanik, adostasuna lortzen saiatzea izan da, eta, ikusi dugunez oraindik ez dugula lortu, gaia mahai gainean uztea eta lanean jarraitzea erabaki dugu”.

Alzagak nabarmendu du zer garrantzitsua den hiriarentzat udal kontuak aurrera ateratzea: “Aurrekontuak onartzea funtsezkoa da hiriak aurrera egiten jarraitu ahal izateko, eta ardura guztiona dela ulertu behar dugu. Ahalegin guztiak egitea merezi du Irunek, eta hiriak aurrera egiten jarraitzeko formulak bilatzea. Gu hitz egiten jarraitzeko eta adostasun handiena lortzeko prest gaude”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude